Herriz Herri - Ziburu (L) | 2022ko Maiatzaren 19a
170 bizitegi berri lau urte barne - Disko eta liburu azoka
170 bizitegi berri lau urte barne
Herriko Etxeak agertu ditu etxegintzaren sailean dituen xedeak. Garapen orekatu baten arrangurarekin, ikusiz nun nolako behar-orduak ditazkeen. Orotara 170 bizitegi berri egin litazke lau urte barne eta horietarik 120 sozial mailakoak. Egitarau handiena Iturrialde deitu etxegunea, hor berean 85 bizitegi, 51 sozial-mailakoak. Bazterraren garbitzen jadanik hasiak dira, eraikin xaharrak barreiaturik. Sail horren kontu sei bizitegi izanen dira elbarritu edo inbalier ekarri jendeentzat. Hiru saltegi izanen dira bestalde etxegune hortan, aparkalekuak ere segurtatuak. Obrek bi urte iraun behar nunbait han. Badira ere proiektuak Zokoan, Gurutze-Gorri aldean eta Erreka Zahar eskualdean.
Herriko Etxean, etxegintza aipatzean, "sozial mailako" hori nahiago dute ez gehiago biziki erabili, gisa hortako bizitegiak deitzen dituzte eskuragarriak nolazpait, frantsesez erabiliz "accessible " hitza.
Disko eta liburu azoka
Disko eta liburu azoka ekainaren 4an iraganen da, Baltsan elkarteak 3. edizioa antolatzen du, Argia astekariarekin, Herriko Etxea eta Euskal Kultur Erakundea ere partaide dira. Aurtengo edizioa berezia izanen da, Janbattitt Dirassar gure berri-emaile laguna, ohoratua izanen baita. "Zubiburu" solasaldian parte hartuko du, harekin betan Amaiur Epher idazle gaztea lagun ukanen du, bi belaunaldien arteko esperientziak kontatuko dituzte.
Janbattitt Dirassar-ek 3 liburu argitaratu baditu, bere kazetari ibilbidean hainbat idatzi aurki daiteke! Merezi duen saria, Herria astekariak esker onez zorionak bidaltzen dizkio!











