Herriz Herri - Hazparne (L) | 2022ko Maiatzaren 19a
Udaberriko animazioak - Hazi eta landare trukaketa - Bizikleta loratuak
Udaberriko animazioak
Orotarik bazen iragan larunbatean Hazparnen: merkatu, haurrentzat joko, dantzari gazteak... Alabainan, aro ederra lagun, dantzari gazte anitz ibili da karriketan eta plazan dantzan arizan, begirale askoren aitzinean. Aurtengo Dantzari Ttiki arras ongi pasatu da.
Bizitasun horrek iraun behar luke ondoko egunetan herriko komertsantek antolatu hilabete bereziari esker.
Zonbait denbora hauetan harri tindatu batzu han eta hemen gordetzea modan da. Animazio hunen karietara komertsanten saltegietan gordeak omen dira anitz eta haurrek harrapatu behar dituzte. Bestalde Amen Pestako txeke ohargarria irabaz daiteke, kanpaina hunen karietara egin den publizitate paperaren gibelean den zatitxo bat betez eta hau eliza sahetsean den posta kutxa berezian sartuz. Gero, xantzak eginen du gaineratikoa irabazlearen izena txotxetan tiratuko baita. Hunek bere txekea herriko saltegietan xahutzen ahalko du.
Haurrak oraino ohoretan dira ipuin kontaketa eta zurezko joko erraldoi batzuen eraikuntzak proposatuak baitzaizkie han eta hemen.
Hazi eta landare trukaketa
Maiatzaren 21ean, larunbatean, Eihartzean (10:30À¢Æ''13:00) hazi eta landare trukaketa iraganen da. Bakotxak baditu bere gisako haziak eta askotan xerkatzen dira ere landare bereziak. Goiz hortan nahi duenak emaiten edo trukatzen ahalko du gustukoa aurkituko duena. Gune bat sortuko da ere baratzean, hor berean landatzeko edo ereiteko. Ondotik, trago bat edanen da elgarrekin.
Bizikleta loratuak
Bizikleta loratuak deitu dute larunbat arratsaldean (16:00) eginen den ibilaldia. Xapitalia aparkalekuan da hitzordua. Berriki eraiki den bizikleta eta oinezkoendako pista estreinatuko da molde alaian.
Bizikletarekin etorriko denari galdegina zaio bizikletaren liliztatzea; rollers, skate, trotineta... hots tresna errotadun guziak ongi etorriak dira. Oinezkoek xapelak, lepokoak eta kolorezko soinekoak ezar ditzakete. Ibilaldi hortan parte hartuko duten haurrak gomit dira gero Jean Verdun eskolan eskainiko den askarira.
Hara, hortan bururatuko da primaderaren estakuruarekin, herriaren alaitzeko eraman den animazioa.











