Han eta Hemen | 2022ko Maiatzaren 19a
Laborantzarako proiektu berritzaile deia
Euskal Elkargoak, laborantza eta arrantza sailetako 2022ko "Deialdi proiektua" abiatu du.
Deialdiaren bidez laborantzarako eta arrantzarako proiektuak dira lagunduak. Bereziki etxaldeak ekologia eta ingurumen erronkeri erantzuteko gisan, eredu ekonomiko iraunkorra sustatu nahi du. Frantses Laborantza Ministerioak egin azken kontaketan, Ipar Euskal Herrian 4.450 etxalde litzateke, 8.600 lanposturekin, horrez gain sail horretan ari diren ehun bat enpresa badira, 2.000ko bat langile enplegatzen dituztenak. Bi aktibitate nagusiren inguruan kokatzen da: ardi (1.750 etxalde) eta behi esnedunak (2.500 etxalde). Bestalde beste sail batzuk ere badira, haragitako behiak, txerriak, ahuntzak eta hegaztiak, bai eta mahastizaintza, baratzea, arbolagintza eta fruituak garatzen ari direnak.
Gutiago aipatua bada, arrantza-sektoreak ere bere aktibitatea eramaiten du, 150 arrantza-ontzi eta 800 bat marinel inguru ditu. Donibane Lohizune-Ziburuko arrain-krida, eskualdean handienetako bat dela errana da, batez ere legatz-harrapaketekin. Akuikultura sektorea ere dinamikoa da, lurraldean 12 hazkuntza-haztegi inguru eta 6 arrainkumetegi dira.
Deialdi proiektua hiru alorretan kokatzen da:
Baserri berritzaileak eta praktika agro-ekologikoak: helburua da ingurumena eta lurzorua errespetatzen duten praktika sustatzea, klima-aldaketarekin eta animalien ongizatearekin.
Ekoizpen berria: laborantzarako elikagai berritzaileen garapena laguntzea da, bereziki tokiko hornikuntzari dagokionez defizita duten sektoreetako produktuak bultzatuz.
Hurbileko banaketa: proiektu deialdi hunen xedea da laborariek banaka ala kolektiboki hornikuntza-kate laburrak garatzeko ekimenak plantan jartzea.












