Hegoaldean | 2022ko Maiatzaren 19a
Elkar: 50 urte kulturgintzan, herrigintzan
Aurten 50 urte betetzeaz gain, Elkar fundazioak egoitza berria estreinatu du Adunan, maiatzaren 9an. Karia horretara, Joxemari Sors,Elkar Fundazioko lehendakaria, Olatz Osa, Elkar argitaletxeko zuzendaria eta Mikel Esnal, ElkarTaldeko zuzendari-kudeatzailea agertu dira hedabideen aitzinean.
50 urteko ibilbide luzea duen erakundea izanik ere, anitz eremutan ezezaguna da Elkar Taldearen lana. Horregatik, taldeak erabaki du urteburu borobila eta Adunako egoitza berria baliatzea bere jarduna ahal bezain ontsa ezagutarazteko euskal eragileen artean.
Urte hauetako taldearen sorrera eta garapena azaldu dituzte hiru ordezkariek Ipar eta Hego Euskal Herrian emandako urratsen bidez: 60. hamarkadako bigarren zatian Joseba Jaka gaztea etxez etxeko salmentak egiten hasi zenetik, gaur egun Taldeak Euskal Herrian, bai eta ere estatu mailan dituen egiturak, lankidetzak, proiektuak eta erronkak barne.
Sorreratik erabaki zen, orduko beharrak ikusiz, zerbitzu integrala eman eta liburuaren balio kate osoa antolatzea: argitalpena, banaketa eta salmenta. Ildo beretik jarraitu du orain arte, eta geroari buruz eretaldearen erronkakbide beretik doaz.
Urteburua markatzeko antolatu dituzten ekintzen artean, maiatzaren 26an Adunan eginen den ekitaldian bi sari emanen dira aurten, Ibilbideari Elkar saria eta Joseba Jaka beka.
Bi urtetik behin ematen den Joseba Jaka beka, aurten musika proiektuak laguntzeko deitu da eta Ines Osinagak eskuratuko du, "Itsasoa da bide bakarra" izeneko musika proiektua lantzeko.
1996tik urtero ematen den Ibilbideari Elkar saria bi eragilek ukanen dute 2022an. Elkar Fundazioak erabaki du aurten saria ematea Elhuyarri eta UEUri, euskalgintzako bi erakunde horiek ere aurten 50 urte beteko dituztela gogoan izanik.











