Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2022ko Maiatzaren 19a
Sexu erasoa - Kolegioak kantuz - Gaita Egunak
Sexu erasoa
Manifestaldi bat egin da, joan den ibiakoitzean, Nafarroaren Eguneko gauan sexualki erasotua izan den emazte gazte baten sustenguz. 200 bat jende bildu ditu elgarretaratzera. Gehiago merexi zukeen. Basaizea elkartekoek jakinarazi dute prebentzio formakuntza bat antolatuko dutela heldu den hilabetean, osagarri etxearen laguntzarekin.
Kolegioak kantuz
Maiatzaren 20an, ortziralez (20:30), kantaldi baten mentura dugu Baigorriko Ezker Paretan, "Kolegioak kantuz, hizkuntzak bizi daitezen". Baigorriko Jean Pujo, Angeluko Stella Marie, Bidaxuneko kolegioa, Hendaiako Irandatz, Donibane Garaziko Zitadela, Larzabaleko Manex Erdozaintzi-Etxart, orotarat 200 bat kantari. Txartelak kolegio hauetan salgai dira, 10 eurotan 15 urtetik goiti eta 7 eurotan petikoentzat. Izanen da jateko eta edateko, tokian berean.
Gaita Egunak
Aurten 50. urte betetzea ospatzen duten Baigorriko gaiteroak dira bi egun horien antolatzaileak, Iparraldeko gaiteroak eta Herri Soinu elkartearen laguntzarekin. Xehetasun praktiko zonbait: ekainaren 4an, ibiakoitz arratsez elizan izanen den kontzertuarentzat, txartelak aitzinetik salgai izanen dira: Baigorriko Oronos Spar saltegian, Donibane Garaziko Paris-enean, Baionako Elkar dendan eta weezevent.com Internet sarean. Igandeko bazkariarentzat, izenak eman behar dira maiatzaren 29a aitzin, 07-85-02-39-68 edo 06-72-56-01-81 deituz. Bi egun horien egitaraua xeheki behatuko dugu, heldu den astean.











