Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2022ko Maiatzaren 19a

Ugutz adiskidearen joaitea - Sortze - Heriotze - Nahas mahas - Belzuntze elkartearen ez ohizko biltzar nagusia

Ugutz%20adiskidearen%20joaitea%20-%20Sortze%20%20-%20Heriotze%20-%20Nahas%20mahas%20-%20Belzuntze%20elkartearen%20ez%20ohizko%20biltzar%20nagusia

Ugutz adiskidearen joaitea

Harritu gaituen berria da, Ugutz artista, kantaria, antzerkilaria, zirtolaria edo istorio kontalaria, hil zaukula, 83 urtetan. Beskoiztarra zen, herri auzokoa beraz, baina Aiherran biziki ezaguna eta maitatua. Zonbat gaubeiletan ez ote zuen parte hartu, istorio irringarriak kondatuz? Zonbat Aiherra-Antzuola egunetan? Izpiritu xorrotxeko gizon alaia, artista handia, eta denbora berean hain sinplearen oroitzapena uzten dauku. Doluminak familiari.

Sortze

Joan den maiatzaren 3an Etxexuriko bidean den Lau Haizetako Marie Billard eta Loic Muñoz-k ongi etorri egin zioten seme pollit bati. Baptiste-Gabriel izendatu dute. Zorionak sortu berriari eta goresmenak aitameri.

Heriotze

Azken aste hauetan zendu dira

Mendigorriko Jeanota Oyharçabal, berriki zendu Mayi Jaurenaren ahizpa. 86 urte zituen, Hazparnen bizi zen.

Gandaramendiko Jean-Louis Saint Martin (Martinon deitua), joan den apirilaren 13an Kalifornian zendua, 80 urte zituen. Duela 3 urte erretreta harturik Aiherran ospatuak zituzten Joseta Etchegaray bere emaztearekin, hauen ezkontzaren 50. urtemuga, familiaz eta adiskidez inguraturik.

Joan den astean zendu da Aña Xarriton.

Doluminak hunkituak diren familieri.

Nahas mahas

Besta komiteko gazteak etxez-etxe badabiltza, herriko bestak aitzin laguntza eske, joan den asteburuan hasirik. Hiru urte badu, izurritearengatik ez dutela herriko besta normalik antolatu. Manera guzien arabera, aurten berriz herriko plazan 4 egunez elkartzeko plazerra ukanen dugu, heldu den ekainaren 17tik 20a arte.

Goiti Aire hirugarren adinekoen elkarteak mahai on baten inguruan bere kideak elkartzea proposatzen du. Hitzordua Gozategia jatetxean emaiten du, maiatzaren 31n, asteartearekin (12:30). Aperitifa, sartzea, 2 platera, gasna, bixkotxa, kafe eta ondoko, 30 eurotan arnoa barne. Izenak Jean-Louis Duguine (06.73.48.91.45), Frantxua Christy (06.11.14.30.21) edo Bernadette Arhancet (06.76.52.51.22), maiatzaren 26a aitzin eman behar dira.

Belzuntze elkartean ortografia, arauak eta arduradun berriak

Joan den ibiakoitz goizean, Belzuntze elkarteak bere kideak gomitatu zituen ezohizko biltzar nagusira. Kabalkada iraganez geroz, hunen arduradunak maiz bildu ziren, beren artean, elkartearen geroa aipatzeko, batzuk akituak eta higatuak izanik, nahi baitzuten transmisioa belaunaldi berri bati eman.

Jamattit Duhalde orain artinoko lehendakariak biltzar nagusiaren gai zerrenda aurkeztuz ongietorri egin die bilkurara hurbilduak ziren 25 kideei, oroitaraziz duela 3 urte egin zen kabalkada orain bururatu zela, aldaketaren tenorea etorria zela, bai arduradunen aldetik, eta bai antolaketa aldetik.

Belzuntze duela 83 urte sortua den elkartea da, hastapenean "Les jeunes basques d'Ayherre" izena zuen, 1973an izen berria eman zioten Belzuntze herriko jauregiaren izena hautatuz eta arauetako artikulu zenbait aldatuz, hala nola herriko erretorea eta herriko 2 kontseilari elkartearen administrazioan parte hartzea behartuak zirela. Geroztik, arauei kasu egin gabe Belzuntzek egin du bide, pilota eta bereziki kultura mailan.

Arduradunek proposatu elkartearen estatu berriak eta aurkeztu Belzuntzeren kontuak, publikoak aho batez onartu eta bozkatu ditu. Funtzionamenduari doakionez, biltzarrera etorriak zirenei proposatu zaie 3 lan taldetan sartzea, bakoitzak bere aldetik norabideak eta proiektuak pentsatzeko gisan, hemendik goiti. Hauek dira alde batetik Aiherra-Antzuola binakatzeari buruzko lan taldea (urteko programa, harremanen segipena...), bestalde euskarazko kultur ekitaldiak, ikusgarriak, mintzaldiak antolatuko dituen lan taldea eta azkenik haur eta helduentzat aisialdiak (adibidez kantu-dantza-antzerki tailerrak) antolatuko dituen lan taldea. Bestalde Euskaltzaindiak aholkatu ortografia berria, Beltzuntze, "Belzuntze"-ren ordez, publikoak adosturik, hemendik goiti Beltzuntze izanen da elkartearen izen ofiziala.

Azkenik huna hautatuak izan diren arduradun berriak zoin diren: Mikele Duhalde lehendakaria, Xabina Barbier ko-lehendakaria, Beñat Durruty diruzaina eta Samuel Biscay idazkaria. Hauek Jamattit Duhalde, Eñaut Elosegi, Xebax Christy eta Jean-Mixel Barbier-k utzi tokia hartu dute.

Ezohizko biltzar nagusia, edari onak hurrupatuz, janari onak gozatuz, eta publikoak bere izenak 3 lan talde ezberdinetan emanez bururatu zen. Bide on Beltzuntze elkarte berrituari!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3642. zbk

Gure Hitza | 2022/05/19

Malko guzietan esperantza atxikitzen da

Menane Oxandabaratz

Aldi bat gehiago emazteek jasaiten dituzten erasoak aktualitatean aipagai dira. Astekari huntan berean, Baigorriko berriemaileak jakinarazi du Nafarroaren Egunean neska batek eraso sexista jasan zuela. Hori irakurtzean, inarrosaldia emaiten du, jakitea "gure euskal bestetan" ere holakoak gertatzen ahal direla.

Lehen aldiz, Patrick Poivre d'Arvor kazetari ezagunaren kontra, hogei emaztek elkarrekin eta publikoki, honenganik jasan sexu jazarpenak eta bortxaketak salatu dituzte. Emazte hauen ausartzia txalotzekoa da, pentsatzekoa baita ez dela errexa publikoki holako lekukotasun baten emaitea. Agerpen horren egitea behartuak sentitu dira, horien artean 16ek pleinta pausatua dutela, orain arte justiziak ez baitu ezer egin. Gizon hunen jarrera jakina zen, baina ospe eta eragin handikoa izanez, gauzak isiltasunean atxikiak izan dira. Maluruski ez da lehen aldia, jauntto batzuk jendartean duten botereaz baliatzen direla, emazteaz...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016