Euskal diaspora | 2022ko Maiatzaren 19a
Los Banos eta Salt Lake; Bruselan kantuz; eta euskal haur ebakuatuak
Joseba Etxarri
LOS BANOS, KALIFORNIA. Aitzineko asteko Fresnokoaren ondotik, Los Banoseko euskal piknika zen bigarren, urteko euskal besten programan, eta xarmantki pasatu zen, aro ederra ere lagun. Euskaldunen omonier aita Antton Egiguren gipuzkoar frantziskotarrak hasi zuen eguna online hedatu zuten mezarekin eta ondoren jin ziren ohiko bazkaria, emanaldiak San Frantziskoko Zazpiak Bat dantzariekin eta klikarekin, eta Los Banoseko dantzarien erakustaldia. Musika Fresnoko Etchechurytarren bandak ezarri zuen. Kiroletan, ahal ukan zutenek agerian utzi heien abilezia txingak eremaiten eta sokatiran.
SALT LACE CITY, UTAH. Utah-ko Euskal Etxeak eta Utah-ko Triskalariak dantza taldeak urte guziz parte hartzen duten ekitaldia da 'Living Traditions' eta bazuten gogoa aurten 'normaltasunera' itzultzeko hondarreko bi urteen ondotik. Aste huntan izanen da, ortziralean abiaturik. Utah-n presentzia daukaten munduko kultura eta populuen dantza, musika eta sukaldaritza erakustaldia da 'Living Traditions'; euskaldunen partaidetza, urtero bezala, janari saltoki bat izanen da -- prestatzen dituzten txurroak dira gehien galdegiteen dieten produktua-- eta euskal dantza emanaldia, azkeneko hau, iganderako iragarririk 13:00etan 'South Stage' edo hegoaldeko tranpaldoan.
BRUSELA, BELGIKA. 'Lurreko gauzak' du izena, 'Choral music from the Basque Country' izen tipiarekin, heldu den ebiakoitzean iluntzeko 8etan Bruselako Sainte-Alice elizan, Lassene Vocal Bruselako nazioarteko koralak eskainiko duen euskal kontzertuak, hiriko Euskal Etxea laguntzaile eta Ivan Yohan zuzendari. Euskal musikagile garaikideen obrak kantatuko dituzte, tartean Busto, Azurza, Sarasola, Elberdin, Aita Donostia... Kantatuko duten bat, Xabier Sarasolaren 'Lurreko Gauzak' izanen da, eta hortik izenburua. 30 kantari dira, 20 bat nazionalitateetatik eta espres prestatu dute hondarreko hilabeteetan errepertorio hau maiatzaren 21ean kantatzeko. Emanaldi bakarra izanen da. Kantuetako batzuk kantarietako batek bereziki moldatu ditu emanaldi huntan eskaintzeko.
SOUTHAMPTON, INGALATERRA. Aurten 85 urte dira Gernikako Bonbardaketa gertatu zela, eta beste hainbeste 4.000 euskal haur Ingalaterrara ebakuatu zituztela gerlaren karietara. Hori oroituko dute maiatzaren 21ean, zenbait ekitaldi eginik, batetik Southampton-en, lore-sorta bat ezarririk, hitzaldiekin eta 'The Guernica Children' filma emanik hiriko liburutegian eta Arte Galerian. Baita Bizkaiko Santurtzin ere, ekitaldi batekin. Eta Zoom bidez, Chinoko Begoña Echeverriaren, eta Annika Speer-en 'Picasso Presents Gernika' filmarekin. Non ikusi: https://ucr.zoom.us/j/99855013109 eta ID: 998 5501 3109. On egin!











