Ba ote dakixu? | 2022ko Maiatzaren 19a

Aljeriako gerla (6/8)

Gilen Bacho

Aljeriako%20gerla%20(6/8)

1957ko urtea "Aljer-eko bataila" bezala ezagutua da. Baina "bataila" bat izan ote zen? Aljeriar independentistek eta frantses ofizierrek erran-molde hori inposatu zuten (haien fama goratzeko) baina Gilbert Meynier historialariak "Aljer-eko errepresioa handia" bezala aipatzen du, eta, dudarik gabe, errealitatetik hurbilago da.

"Aljer-eko bataila" edo "errepresio handia"

1956ko azken egunetan, tentsioak gero eta azkarragoak ziren Aljer-en. Abenduaren 29an, Amédée Froger-en ehorzketetan ("Aljeria frantsesaren" kide zena, bezperan hila), frantses batzuk aljeriar zenbait kolpatu eta hil zituzten, haien etxeak suntsituz eta bipilduz. 1957ko urtarrilaren lehen egunetan, poliziako botereak Massu jeneralari emanak izan ziren. Massu jeneralaren 10. paraxutista dibisionea Aljer-eko kartier musulmanetan hedatu zen. Bere lehen misioa, FLNak erabakitako greba orokorra (urtarrilaren 28rako, Nazio Batuetako biltzar nagusia idekitze egunean) huts eginaraztea izan zen. Greba hautsia izan zen indarkeria erabiliz. Frantses soldaduen (10.000ziren orotara) helburua FLNaren sareak desegitea zen (FLNak 5.000 militante bazituen Aljer-en). Arrastatze arbitrarioak hedatu ziren musulman anitzen kontra (FLNan ez zirenetan ere). Bide guziak onak ziren informazioak lortzeko, eta, partikularki, tortura fisikoa eta psikologikoa, erabiltzen zena idatzizko manurik gabe, baina hierarkiaren ahozko baimenarekin. Izialdurazko estrategia erabilia zen aljeriar musulmanen sostengua kentzeko FLNari. Urtarrilaren 26an, FLNak hiru atentatu egin zituen Aljer-eko zentroan, hiru ostatutan. Baina errepresiozko politika horrek otsailean bere lehen emaitzak eman zituen. Otsailaren 23an, Larbi ben Mhidi, Aljer-eko FLNaren buruzagia, arrastatu zuten eta martxoaren 4an hil. Yacef Saadik gordezkako organizazio berria eraiki zuen (eta atentatu batzuk antolatu ekainean) baina hura ere arrastatua izan zen, irailaren 24an. Aljer-eko FLNa desegina zen.

Sakiet Sidi Youssef-eko bonbardaketa

Frantses jeneralentzat garaipen erabakigarria zen baina FLNak (eta ALN bere organizazio armatuak) posizio eta sostengu azkarrak begiratzen zituen beste probintzietan eta baserrietan. Sustut, gauzak nazioarte mailan kanbiatuko ziren. 1958a arte, Frantziak "Aljeriako galdea" barneko arazoa zela sinetsaraztea lortu zuen, eta ez "deskolonizazio gerla" bat. Baina, 1958ko otsailean, frantsesen aireko armadak Sakiet Sidi Youssef, Tunisiako herria, bonbardatu zuen, 78 hil eginez (denak zibilak), ALNaren kide zenbait tokian presente baitziren. Baina Tunisia estatu subirano bat zen (independentzia lortua zuena 1956an) eta Nazio Batuetan kide zen. Orduan, gerla ekintza bat izan zen Nazio Batuetako estatu kide baten kontra. Tunisiak azkarki ihardetsi zuen, Frantziarekin harremanak hautsiz eta Nazio Batueri interbentzioa eskatuz. Nazio Batuetako misio bat sortua izan zen, ingeles eta amerikanoen eskuetan zagoena. Misio hunen bururapenak ez ziren Frantziaren alde izan. Apirilaren 10ean, Einsenhower presidenteak gutun pertsonala igorri zion Frantziako gobernuaren presidenteari, negoziaketak idek zitzan Tunisiarekin galdegiteko. Egiazki, erran gabe, Estatu Batuak (Ingalaterraren gisan) FLN eta Frantziaren arteko negoziazioen alde ziren. Gainera, Tunisiako gobernuak munduko prentsa gonbitatu zuen bonbardatua izan zen herrira, bonbardaketaren ondorio tragikoak erakusteko. Presioa gero eta azkarragoa zen frantses gobernuari buruz, eta, itzalean, frantses jeneral famatu batek bere tenorea igurikatzen zuen.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3642. zbk

Gure Hitza | 2022/05/19

Malko guzietan esperantza atxikitzen da

Menane Oxandabaratz

Aldi bat gehiago emazteek jasaiten dituzten erasoak aktualitatean aipagai dira. Astekari huntan berean, Baigorriko berriemaileak jakinarazi du Nafarroaren Egunean neska batek eraso sexista jasan zuela. Hori irakurtzean, inarrosaldia emaiten du, jakitea "gure euskal bestetan" ere holakoak gertatzen ahal direla.

Lehen aldiz, Patrick Poivre d'Arvor kazetari ezagunaren kontra, hogei emaztek elkarrekin eta publikoki, honenganik jasan sexu jazarpenak eta bortxaketak salatu dituzte. Emazte hauen ausartzia txalotzekoa da, pentsatzekoa baita ez dela errexa publikoki holako lekukotasun baten emaitea. Agerpen horren egitea behartuak sentitu dira, horien artean 16ek pleinta pausatua dutela, orain arte justiziak ez baitu ezer egin. Gizon hunen jarrera jakina zen, baina ospe eta eragin handikoa izanez, gauzak isiltasunean atxikiak izan dira. Maluruski ez da lehen aldia, jauntto batzuk jendartean duten botereaz baliatzen direla, emazteaz...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016