Gure Hitza | 2024ko Urriaren 31a

Landareen musika

Peio Jorajuria

Landareak ere musikariak ditugu. Hara duela guti zer deskubritu dugun kontzertu batean. Azken urte hauetan askotan aipatzen da zuhaitzek eta oro har edozein landarek halako bibrazio edo uhin berezi batzuk zabaltzen dituztela, berek bizi dutenaren seinale. Hortik, haatik, musika jotzeraino, bada urrats bat beteko ez genuena! Alta, kontzertu horrek bildua zen publikoari frogatu dio landareek, landare guziek, musika jotzen dutela.

Musika horren entzuteko, haatik, baldintza bereziak behar dira. Delako kontzertuan, bi artista bagenituen Ariègetik etorriak, bata harpe-jolea, bestea krontrabaxu-jolea. Landare andana batez inguratuak ziren, iratze, fuchsia eta beste, hemengo eta urrunagokoak. Landareari bi kaptatzaile berezi lotzen zizkioten, bat erroetan, bertzea hosto batean, eta bertze puntan bi kaptatzaile horiek kutxa ttiki bati lotuak ziren. Kutxak kaptatzen zituen landarearen uhin elektrikoak eta harrigarrizko musika notak airatzen ziren. Eta musika horri egokiturik, Ariègeko bi artistek inprobisatzen zuten. Kontzertu xarmagarria, asko gustatu zaidana, eta, kontzertutik ateratzean erabili diren solasen arabera, eni bezala bertze frangori ere.

Landare bakoitzak musika desberdina adierazten du. Alabaina, bakoitzaren sentimenduak ez dira berdinak. Bizi dituzten emozioak, eta ere sufrikarioak, adierazten omen dituzte. Eta ni, ene baitan gogoetatua nengoen, usutan zein gaizki tratatzen ditugun landareak, deusik sentitzen ez balute bezala. Berrikitan, Landesetan, Léongo aintziratik itsasoraino doan Courant d'Huchet ur-erreka famatuan gaindi ibiltzeko parada ukan dugu, hamar bat kilometroko luzetasunean. "Landesetako Amazonia ttikia" deitua da, biodibertsitatearen eremu paregabea izaki. Xalant batean arraunez gidatuak ginen, eta askotan buruak apaldu behar genituen, gainaldeko zuhaitz-abarrak ez koskatzeko.

Zernahi zuhaitz eta landarez inguratuak ginen, erroak urean zauzkatenak, altzifre pelatu, iratze berezi eta beste. Horietan bereziki "olmonde royale" iratze handia, "touradon" deitzen zaion enborraren gainean erregina baten gisa bere tronuan jarria. Milimetro batez handitzen omen da urtean, gisa hortan bakoitzaren adina jakin daitekeela. 1.100 urteko bat ikusi dugu. Nolako musika entzunaraz ote lezake iratze horrek? Bere bizi luzearen araberakoa, hain segur, oso hunkigarria! Haatik, xalant gidariak zioenaz, badira jende batzuk, iratze mota horren gainean zutik deskantsuan ezartzen direnak, ibaitxoaren argazkia ahal bezain hurbiletik ateratzeko asmoz, batere konturatu gabe mila urteko landare bat zangopean suntsi dezaketela eta haren musika ito. Alta, munduak badu, gaur sekula baino gehiago, musikaren behar gorria, landareena oroz gainetik.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3759. zbk

Gure Hitza | 2024/10/31

Landareen musika

Peio Jorajuria

Landareak ere musikariak ditugu. Hara duela guti zer deskubritu dugun kontzertu batean. Azken urte hauetan askotan aipatzen da zuhaitzek eta oro har edozein landarek halako bibrazio edo uhin berezi batzuk zabaltzen dituztela, berek bizi dutenaren seinale. Hortik, haatik, musika jotzeraino, bada urrats bat beteko ez genuena! Alta, kontzertu horrek bildua zen publikoari frogatu dio landareek, landare guziek, musika jotzen dutela.

Musika horren entzuteko, haatik, baldintza bereziak behar dira. Delako kontzertuan, bi artista bagenituen Ariègetik etorriak, bata harpe-jolea, bestea krontrabaxu-jolea. Landare andana batez inguratuak ziren, iratze, fuchsia eta beste, hemengo eta urrunagokoak. Landareari bi kaptatzaile berezi lotzen zizkioten, bat erroetan, bertzea hosto batean, eta bertze puntan bi kaptatzaile horiek kutxa ttiki bati lotuak ziren. Kutxak...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016