Herriz Herri - Senpere (L) | 2024ko Agorrilaren 01a
Udako bakantzak - Artzain txakur lehiaketa - Hitzordu musikalak abuztuan - Euskadiko Orkestra Sinfonikoa - Hechizo y Duende - Ostatu ibiltaria Utsaleko aparkalekuan - Laborarien gaualdia - Azkeneko herriko kontseilua
Udako bakantzak
Udaren bihotzean izanki eta, astekari hunen berriketari eta idazle guziek, ohiko 3 astetako oporraldi ongi merezitua hartuko dute. Hortarako, hitzordu garrantzitsuenak baizik ez dira aipagai.
Artzain txakur lehiaketa
Urterobezala sasoin huntan, Zaldubi ikastolak antolatzen du artzain txakur lehiaketa, agorrilaren 6an (19:00), kirol zelaian. Begi onez ikusten dugu, iragan ekitaldietan ez direla bakarrik udatiarrak hurbiltzen bainan tokiko anitz ikusle ere. Ogitarteko eta edariak lekuan bertan, betiko giro gozoa izanen da, antolatzaileen ekimenez. Sartzeko prezioa: 12 urtez goiti 8€, 6 urtetik 12 urtera 4€. Euria egiten balu, aterpea segurtatua izanen litzateke.
Hitzordu musikalak abuztuan
Musika Hamabostaldi Andanteren 9. ediziorako, goi mailako bi ikuskizun iraganen dira Larreko kulturgunean. Donostiako Hamabostaldi Musikala, Culture et Patrimoine Senpere eta Herriko Etxeak antolaturik.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Agorrilaren 14an (20:00), musika klasikoen eta profanoen arteko programa berezia aurkeztuko dute musikari puntakoek. Hala nola, Aita Donostia, John Williams, Frederic Chiasson, Alexandre Da Costa eta Ludwig Van Beethoven handia eta bere 2.sinfonia. Prezio osoa 24€, 18 urtera arte 5€. Erreserbak egin daitezke, Ipar Euskal Herriko turismo bulegoetan edo www.en-pays-basque.fr.
Hechizo y Duende
Agorrilaren 24an (21:00), “Hechizo y Duende” hemen ere gaitzeko programazioa, musika klasikoa, flamenko dantza, poesia eta Frederico Garcia Lorcaren omenezko proiekzioa. Prezio osoa 16€, 18 urtez petik 5€. Gorago bezala, erreserbak egin daitezke, Ipar Euskal Herriko turismo bulegoetan edo www.en-pays-basque.fr.
Ostatu ibiltaria Utsaleko aparkalekuan
Akitania Berriko “Troquet Vagabond” edo “Guinguette” delakoak, eskainiko du hiru arratsez (18:00-02:00) etxean eginiko garagardoen munduko festibal ttipiena. Jateko eta animazioak bertan baita garagardoa nasaiki, dantza eta musikaz gozatzeko parada bikaina dudarik gabe. Abuztuaren 15ean, blindtest gaua (21:00), 16an karaoke gaua (21:30) eta 17an The Six Toys senpertarren kontzertua(21:00).
Laborarien gaualdia
Uztaileko ekitaldiaren ondotik, gaualdia iraganen da abuztuaren 18an (18:00-22:00), Xan Ithourria plazan. Laborari ekoizleek, parada polita dute beren produktuen erakutsi eta saltzeko gisan.
Azkeneko herriko kontseilua
Orokorki erabaki gehienak onartuak izan dira. Hautetsien babes funtzionala onartua izan da, irain edo difamazioeri erantzun judizialen gastuak Herriko Etxeak beregain hartu ditzan. Idiart-en taldea ados izan da ekimenarekin, ohartaraziz halere idazketako neutralitatea eskas zela, hemen Hats-Berrik zuri bozkatu du. Eskola-jantegiaren lehen fasea baizik ez da eginen, gastuen emendaketagatik, bigarrena bertze batekoan diru laguntzak segurtatu ondotik. Jaureguyren taldeak kontra bozkatu du, argudiatuz elkarteek leku eskasa dutela eta proiektua gaizki eramana izan dela. Bukaeran kiski-kaska asko agertu dira, azkeneko herriko aldizkarian agertu diren hiru taldeen idazketen ondotik. Olinpiar jokoen aitzineko beroketak segurrenik.