Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2024ko Agorrilaren 01a
Heriotze - Olinpiar Joko aire bat!
B.D.
Joan den astean zendu da Prosper Durruty, 94 urtetan. Zortzi haurridetako semea, Aiherran berean sortua zen, Karrikaburuan, Isturitzeko bidean, joan aitzin urte bat zuelarik Hazparnerat, Peña auzorat, Tartastea etxerat. Handik berriz etorriko da Aiherrarat Iraxilorat, Apairi auzoaldera, 20 urtetan. Zoinbait urte egonik mutil laborantxetan, hargintzako diploma Baionan pasatu zuen. Ondotik, bakarrik arizan da gure eskualdetako etxalde andanetan, hargintzako lan parrastetan, edo sukalde baten berritzen edo barruki baten handitzen… Erretretarat joan aitzin, ari zan da ere Denen Etxearen eraikitzen Bankuset Hazparneko harginarekin.
Aihertarrentzat, gizon azkar eta indartsu baten oroitzapena utziko du, beti goxoki arizanez lanean frango baldintza gogorrak baziren ere. Oroz gainetik maite zituen jendekilako harreman sozialak, beti hartzen zuen mementoño bat jendeekin bi hitzen egiteko. Burgadan pasatzen zirelarik, aihertarrek usu gurutzatzen zuten bere etxe aitzinean zelarik edo baratze egiten. Isturitzeko xahar etxean sartu zelarik, plazer zuen ezagunekin mintzatzea edo musean aritzea. Bere ehorzketak iragan dira joan den astelehenean Aiherrako Jondoni Petri elizan.
Bai nerekin, baita ere bere bi haur ttipiekin, aita eta aitatxi goxo baten oroitzapena utziko du.
Olinpiar Joko aire bat!
Pariserat joan gabe, joan den ortziralean bazen halako Olinpiar Jokoko aire bat plazan. Nahiz eta denbora idorragoa izan, kirol ezberdinak baziren. Lehenik, bi pilota partida baziren. Alabainan, Abarratiako 2 ekipek parte hartzen zuten Frantziako esku-huska xapelketako final-laurdenetan.
Bi ekipak nagusitu dira: lehenik Teo Etcheverry eta Mikel Harguindeguy gaztetxoetan eta ondotik, bigarren mailan ari ziren Mattin Durruty eta Xabi Harguindeguy. Hauek nagusitu dira Mauleko ekiparen kontra 30/19. Heldu den asteburuan finalerdiak jokatuko dituzte bakoitzak bere alde. Oraino indarra eman behar da azken hozkara hupatzeko finalerat!
Horien ondotik, indar jokoak antolatuak ziren Arberoako ostiralak ekintzaren kari. Donamariako kirolariak hor ziren joko desberdinen aurkezteko. Jendalde pollita bildu da horien preziatzeko. Taloek ere arrakasta pollita ukan dute, Goiti Aireko kideek prestaturik. Aste huntan hitzordua emana da ortziralean Donoztirin, besten kari, kantaldi baten preziatzeko elizan bereziki Altzükütarrak taldearekin.