Orotarik | 2024ko Urriaren 31a

Kukumarro

Xarles Videgain

Larrea

Larre hitza guziz ezaguna da, bereziki jende eta leku izenetan? Nork ez du ezagutzen Larre bat (Larr- erranik ere), Larrarte, Larralde, Larraburu, Larregain, Larzabal, Larregi, Larrañaga, Larrondo. Larre hitza zaharra da ezen ezaguna baita 1945. urtetik landa. Iparraldeko usaiak aipatuko ditut hemen.

Larre ez da nahasi behar "landa"-rekin. Nahiz larre frantsesez "lande" bat den. Landa bat izaiteko leku goldatua behar da, landu behar da, ereiten den lur pieza da, arto landa edo ogi landa konparazione. Alorra da ere ereiten den lurra, edo elgea da. Larre ez da hori, larre ez da landua den lurra. Baina aipatzen ahal da "larre utzia" den lekua, hots, denboran landua izan dena eta orain beregain bezala dagoena, frixan bezala, edo Europako legeen arabera, izoztua den lurra, ez erabilia.

Larre bat, berez ez da leku gaiztoa, baina basa da nolabait ez baita landua. Belarra ekar dezake larreak, nahiz ez pentzeak bezainbat, eta larrean utz daitezke kabalak alhan. Belarraz kanpo otea ukaten ahal du ausarki larreak, edota ilharrea, brana, eta beste.

Larraina hitza ezaguna da. Larrain hitza Baiona inguruan entzun dut. Leku bat da etxe ingurukoa, arbola zonbait ekartzen dituena. Arbola horiek noizbait, hala nola bost urtetarik, adarkatzen dira, murrizten dira, eta mozkin horrekin egurra egiten zen edota hesolak, pazotak, kolteak... Baina larraina hitza orohar ezagunago da larrain-dantza famatuarengatik. Nafarroan bereziki larraina da leku biribila, garbia eta haren gainean ogia jotzen zen ogi bihia biltzeko, mekanika etorri aitzineko denboran. Beste nonbait, Bizkaian, larriña eta larriñaga erraiten da ezen ikatza egurrarekin egiten baitzen: leku biribila behar zen haren gainean egur txondorra edo egurmeta emaiteko. Hura ere larriña edo larraina da.

Ezterenzubin, Aezkoaz trufatzen ziren. Larrea eta leihorra ez baitira urrun, Aezkoan larre-aingira deitzen omen zuten suge handia, beste behin erran dudan bezala. Larrea larria dela iduri luke, ez arrunt goxoa, eta aski famatuak dira Lizardi poetak erranikakoak euskarari buruz. Noka ari zaio euskaraz eta dio: Nik hizkuntza larrekoa, nahi haunat noranaikoa. Hots, kanpaina usaina bazukeen sobera euskarak eta Lizardik nahi zuen pixka bat plantan ezarri, nonahi erabiltzekoa gai izan zedin. Laborari hizkuntza izatea ez zitzaion aski Lizardiri eta hiritartu nahi zuen.

Larre hitzaren zentzua lerratu da eta kasik "basamortu" edo "desertu" erran nahi du batzuen arabera. Bada erran molde zaharra erraiten duena: oreina larrean, bertza laratzean. Zerbait goizegi egiten delarik aipatzen da. Bertza berotzen ezarri dut jadanik ustez oreina laster prestatuko dudan supazterrean delako bertz honetan. Baina delako oreina oraindik larrean da bizirik eta libro. Frantsesez, saldu nahi den hartz-larrua aipatzen da orduan eta ez oreina.

Beste erraiteko manerak larre hitza aipatzen du bainan ez dut anitzetan entzuten. Banuen izeba bat, ttantta bat Oztibarrekoa, eta eri izan ondoan pixkortzen eta sendatzen ari zelarik horrela erraiten zidan, ah, larrerat ari nuk, larrerat ari.Ez nekien zuzen zergatik erraiten zuen. Artzain batek, gauza bera erraiten baitzuen, esplikazionea bazuen. Kabale bat, ardi bat eman dezagun, eri delarik, ez da berehala larrera igorri behar hango belarra sobera bortitza izanen duelakoz. Larrera igortzen ahal da zinez hobekixe delakoz. Horra agian zergatik erraiten den "larrera ari nuk", hots usaiako bizitza erematen ahal diat engoitik.

Horra beraz larreaz erraiten ahal nuena, labur bada labur.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Orotarik | 2024/10/31

Haziak mintzo

Donostei eskola

Haziak%20mintzo

Jastamen eguna Baigorrin

Urriaren 8an Donostei eskolan jastamenaren eguna antolatu dugu.

Aurtengo gaia: artoa, ogia eta Ezpeletako biperra, hazitik platerara.

Gai hori gure aurtengo ingurumenari buruzko eskola proiektuan sartzen da. Eskolako ikasle guziek tailer desberdinetan parte hartu dute egun osoan. Arto eta ogi irinarekin taloak prestatu dituzte eguerditan jateko, Laia txokolate kremarekin. Biperrak apaindu dituzte. Irina, bihiak eta biper errautsa erabiliz, kartak egin dituzte. Artoaren forma desberdinak jastatu dituzte: pop corn, arto-buru osoa eta bihiak. Ezpeletako biper errautsaren fabrikatze prozesua ikusi dute eta biperrak eta errautsa jastatu. Azkenik hiru ekoizpeneri buruzko film ttipiak ikusi dituzte.

Egun hartan, ttipiak eta handiak loriatu dira!

...

Irakurri segida

Orotarik | 2024/10/31

Itsas bazterretik

Piarres Larzabal Kolegioa

Itsas%20bazterretik

Eskuz egindako tximeleten eskulanak!

Hilabete honetan, orri markak bukatu ondoren, denen artean tximeletaz beteriko bi mural egiten aritu gira.

Kartulinazko erliebedun, tamaina ezberdinetako tximeleta koloretsuak sortu ditugu.

Muralak, material ezberdinak erabiliz loreak marraztuz koloreztatu ditugu.

Hona hemen proiektuan lan egin duten ikasleak, beren lana kolegioaren sarreran zintzilikatzen.

Eta orain, oporretara abiatu aurretik, karratuak erabiliz, irudi ezberdinak marrazten hasi gira.

Bakoitzak bere trebetasuna adieraziz.

Txalo artista guziei!

...

Irakurri segida

3759. zbk

Gure Hitza | 2024/10/31

Landareen musika

Peio Jorajuria

Landareak ere musikariak ditugu. Hara duela guti zer deskubritu dugun kontzertu batean. Azken urte hauetan askotan aipatzen da zuhaitzek eta oro har edozein landarek halako bibrazio edo uhin berezi batzuk zabaltzen dituztela, berek bizi dutenaren seinale. Hortik, haatik, musika jotzeraino, bada urrats bat beteko ez genuena! Alta, kontzertu horrek bildua zen publikoari frogatu dio landareek, landare guziek, musika jotzen dutela.

Musika horren entzuteko, haatik, baldintza bereziak behar dira. Delako kontzertuan, bi artista bagenituen Ariègetik etorriak, bata harpe-jolea, bestea krontrabaxu-jolea. Landare andana batez inguratuak ziren, iratze, fuchsia eta beste, hemengo eta urrunagokoak. Landareari bi kaptatzaile berezi lotzen zizkioten, bat erroetan, bertzea hosto batean, eta bertze puntan bi kaptatzaile horiek kutxa ttiki bati lotuak ziren. Kutxak...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016