Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Otsailaren 12a
Goiti Aire elkartearen osagarri ona - Eskola giristinoaren 38. mus zoingehiagoka - Santibate: 20 bat zirtzilek herria animatu - Elizako teilatua arranjatzeko, emaitzen beharra
Goiti Aireelkartearen osagarri ona
Goiti Aire 3. adinekoen elkarteak, bere urteko biltzar nagusia joan den otsailaren 3an egin zuen, 45 bat kide bilduz Denen Etxeko gelan.
Bat bestearen ondotik hitza hartu zuten J-Louis Duguine lehendakariak, Frantxoa Christy diruzainak, Marijo Baum idazkariak eta Mayi Leparoux Departamenduko “Générations Mouvements” elkarteko arduradunak.
Orokorki urtea ongi iragan da. Aste oroz elkartzen dira batzu eta beste mus partidetan, oinezko ibilaldietan eta petanka saioetan parte hartzeko. Bizpahiru ateraldi antolatu zituzten Bastida eta Donamartiriko elkarteekin. Heldu den urteko proiektuak ez dira eskas, Getariara (Hegoaldean) abian beharrak baitira, bai eta Eauze Gers eskualdeko herri pollitera eta Banka herrira (kobre-meategiak eta arrain-haztegia bisitatu). Eta usaia onen ez galtzeko, bazkari batzu proposatuko dituzte urtean zehar.
Parte hartzaileekin gaiak eztabaidaturik eta konduak eta txosten ezberdinak baieztaturik bururatu zen biltzar nagusia, Frantxoa Christyk bere 75 urteen kari eskaini edari eta janari goxoak partekatuz. Ondotik denak bildu ziren tokian berean, mahain on baten inguruan eta giro goxoan. Bide on Goiti Aire elkarteari!
Eskola giristinoaren 38. mus zoingehiagoka
Heldu den otsailaren 15ean, igande arratsaldearekin, eskola giristinoko burasoek urteetan zehar famatua bilakatua den mus zoingehiagoka antolatuko dute. Urte guziz bezala, hau Denen Etxeko gela handian iraganen da (15:00), eta aurtengoa hogeita hemezortzigarrena izanen da.
Izen emaitea (12€) 2 orenetarik goiti hasiko da. Sari handiak eskainiko dituzte: txapeldunentzat 700 euro, finalistentzat 250 euro, eta beste hainbat sari tokiko enpresa edo ofizialeen laguntzari esker. Ez ahantz, arratsalde guzian edari, talo eta matahamiak izanen direla, zer goza eta jasta. Usaian bezala, arratsaldearen ongi bururatzeko, tokian berean afaltzen ahalko da 10 eurotan (arroltze moleta artekiarekin eta deserta), 19:00etarik goiti.
Mus lehiaketa hunek garrantzia handia badauka eskola giristinoko burasoentzat, aterako den etekinak eskolako proiektuen garatzen eta ordaintzen lagunduko baitu (antzerki, egonaldi, ateraldi kulturalak eta beste). Ongi etorri deneri!
Santibate: 20 bat zirtzilek herria animatu
Biziki hotz eta euri zaparradak izanikan ere, joan den ibiakoitzean herriko gazteek animatu zuten gure herria, Santibate ospatu beharrean. Lehen, ihauteriak bi maneretan ospatzen ziren: zirtzilekin (neguaren sinboloa) hauek etxez etxe ibiltzen ziren ederki mozorroturik, buhamiak iduri janari eske, eta gero Libertimenduarekin, hauek primaderan sartzea ospatzen zuten. Duela zonbait urte hasirik ohidura berriari jarraikiz, aurten ere 20 bat aihertar gazte bildu ziren joan den ibiakoitzean zirtzilez jantzirik egun eder baten iragaiteko asmoarekin.
Aurten hiru auzotan gelditzea erabakia zuten gazteek eta ongi errezibituak izan dira.
Gazteen artean bi herritar gaztek eman zituzten bertsoak, Ellande Dunatek eta Antton Castoreok, giro alai eta berezia sortuz denen artean.
Biba gazteak holako ekitaldi alaia antolaturik, eta negua haizaturik.
Elizako teilatua arranjatzeko, emaitzen beharra
Elizako teilatuan itaxura handiak izanez, hunen arranjatzeko tenorea jinik, Herriko Etxeak elizaren berritzea erabaki du, hitzarmena izenpetuz Frantziako Ondarea fundazioarekin. Hunek diru laguntza eskainiko dio Herriko Etxeari, baina herritarrek ere diru laguntza ekar lezakete obra horien aiseago diruztatzeko xedearekin. Xehetasunak ondoko loturan atzemanen dituzue: https://www.fondation-patrimoine.org/104417.











