Orotarik | 2026ko Otsailaren 12a
Kukumarro
Xarles Videgain
Bonaparte eta euskara
Artetarik gertatzen zaigu arrotz jakintsuak aipatzea, bereziki euskara ikertu dutenak, haien artean sar daitezke Julien Vinson, Lécluse, Van Eys, Broca eta beste. Egun Bonaparte izanen da hautatzen duguna. Bonaparte, ez Napoleon Bonaparte baina bere iloba Louis-Lucien Bonaparte.
Lucien Bonaparteren seme honek lan gaitza egin zuen euskarari buruz eta bereziki euskararen dialektoen karta edo mapa ederra. Egungo egunean ere bere balioa badu karta honek.
Louis Lucien Bonapartek sortzetik beretik balentria egin zuen, edo hobeki erraiteko bere aitamek egin balentria izan zen ezen Bonaparte izanik Ingalaterran sortu zen 1802an. Ez aitamek hala nahi zutelakoz baina preso hartuak izan zirelakoz eta Ingalaterran bulta batez atxikiak.
Gerlan ibili gabe bere osaba Napoleon bezala, hasi zen harriak ikertzen Europan eta egun batez, mineralogia utzi eta Europako mintzairak hartu zituen gaitzat, nolakoak ziren mintzaira horiek, ea egiterik bazutenez beren artean. Erran gabe doa mintzaira andana ikasi zuela, mintzatzeko ez bazen gai, bederen irakurtzeko eta ulertzeko. Bere askazi izanen zen Marie Bonaparte psikologoak (besteak beste Freud itzuli zuen frantsesera) erran zuen: “Beharrik Louis-Lucien hizkuntzen ikerketari emana zen, ber indarra baliatu izan balu gerlaren alde, Napoleon baino gogorrago izanen zen”. Eta egia da, geldi geldia lan egin zuela hizkuntzetan barna. Zuberoa bisitatu zuen egun batez, bertsolari batek hauxe idatzi zion:
“Hounki jin ziradila, Jaun Printze noublia,
Hounki jin ziradila, Uskaldun berria!”
Lehenbiziko aldiz nik uste agertzen da “Euskaldun berri” hitza eta Bonapartez errana izan zen. Alabaina, ez dakigu zendako baina Europako mintzaira horien artean, gehienik gustatu zitzaiona euskara izan zen. Egia da iduriz amorostu zela Zuberoko andere batez. Beti ere diru aski ukan zuen, -
kusia zuen Napoleon III.a - eta diru hori sartu zuen bere ikerketen aitzina eremateko. Konparazione, Euskal Herrian bidaiak egin zituen lauzpabost aldiz euskararen entzuteko eta euskarazko liburuak erdiesteko. Euskara ongi zekiten jendeak hautatzen zituen (gehienetan apezak, bainan ez bakarrik): bere testua igortzen zien, gehienetan eskritura sainduak, ebanjelioak, parabolak, bainan ez bakarrik, eta delako apezak behar zuen testua itzuli berak zekien euskara mota erabiliz. Hortan gogorra zen eta euskara aski bazekien Bonaparte printzeak itzultzaileak erasiatzeko testua ez bazuen fidelki ematen norberak bere euskalkian; Intxauspek Zuberoan, Casenavek Amikuzen, Celhabek Bardozen eta beste. Itzultzaileak guti edo aski pagatzen zituen eta Duvoisin, guardetan baitzen kapitaina, Bonapartek ordaindu zuen Biblia osoki itzul zezan euskaraz. Frangotan itzultzaileek furnitu zioten testuarekin liburuak argitaratu zituen.
Testu horietan ohartzen zen naski Bonaparte euskara leku batetik bestera kanbiatzen zela eta kanbiamendu horien arabera karta edo mapa linguistiko famatua egin zuen. Orain ere mapa horren kopia erosten ahal dugu.
Nik ere mapa linguistikoa egin dut ene lagun Gotzon Aurrekoetxearekin eta euskara hiru zatitan ematen dugu, bizkaiera, giputz-nafarrera, eta Iparraldeko mintzairak bereziz. Datu anitz erabiliz. Xehetasunetan sartuz azpi-euskalki gehiago agertzen dira.
Aldiz Bonapartek ez zuen orduan informatika erabiltzen ahal, guk bezala, eta datu guti batzuen araberako mapa egin zuen. Eman dezagun igorri ziela bere lagunei galdera bat: “Nola erraiten duzu: je le lui ai donné, euskaraz?”. Guti gorabehera erdietsi zituen erantzunak izan ziren, eman deiot Zuberoan, dakot Baxe Nafarroan, diot Lapurdin eta Nafarroan, diyot Gipuzkoan. Urrunago bizkaieraz zabaldua den emon deutsat edo deutsot. Ohartu zen mapa egiten ahal zuela horrelako diferentzien gainean eta bere mapa biziki ongi atera zitzaion. Mapan kolore bat eman zion euskalki bakoitzari, eta bakoitzaren eremua sinplifikatu zuen. Mapan, euskalkiak 7 zirela baina mapaz kanpo, Louis-Lucienen arabera 52 azpi-euskalki ba omen ziren!
Gaurko egunean ez dugu horrela jokatzen bainan Bonaparteren mapa ikusten balin baduzu ohartuko zara lan ederra dela eta berdin murru batean hedatzen ahal dela.
Ah, gauza ttipi bat. Uste dut Louis-Lucien Bonaparteren potreta badela Baionan. Ingeles artista ezagunak pintatu zuen Louis-Lucien bere familiarekin haurretan. Uste dut ere potret hori Baionan ideki berri den Bonnat museoan dagoela. Goazen beraz Bonaparteren mapa ikustera, edo Bonaparteren potretarena.












