Mundu zabalean | 2026ko Otsailaren 12a
Centri sociali sozial guneak mehatxupean
M.O.
Giorgia Meloni Italiako estatuburuak Centri Sociali deitu sozial zentroak geldiarazi nahi ditu. Italiar populazio parte bat, bereziki gazteak, oldartzen hasi dira. Estatuan 100 pasa sozial zentro badira, zenbait jadanik hetsiak dira.
Egoera tentsiopean
Espazio horietan, erabakiak ibiltzen direnen artean hartuak dira. Ekimen sozial eta kultural desberdinak iragaiten dira. Italiako gobernua kudeatzen duen eskuin muturrak gune horiek desagerrarazi nahi ditu. Giorgia Meloni, Fratelli Italia eskuin muturreko alderdiko buruzagia zelarik, egoitza horietaz zioen: “Nere Italian, okupatzaile sasikume hauek hamar urteko kartzela zigorra bilduko dute eta zentro sozial guziak hustuko ditut”. Estatuko buruzagitza hartua duela, erran zuena gertatzen ari da.
Joan den agorrilean, poliziak “Leoncavallo” Milaneko sozial zentroaren kontrola hartu du, ondotik abenduan Turineko “Askatasuna” gunea hetsi du, 1996an ideki zena. Geroztik bazterrak piztu dira, mobilizazio anitz iragaiten ari dira, horietan Turineko La Stampa egunkariaren bulegoen okupatzea. Tentsio handiko giro batean, poliziak toki horien kontrola hartu nahi du. Urtarrilaren 31n Turin hirian 50.000 pertsonek manifestatu dute, poliziarekin gatazkak iragan dira. Ondorioz azken asteetan, italiar gobernuak segurtasun neurri berriak iragarri ditu, epailearen kontrolik gabe protestetan parte-hartzaileak arrastatuak eta atxikiak izan daitezke.
1970eko hamarkadan abiatu Centri socialiak
Sozial zentro deitu gune horiek, gazte mugimenduek abiatu dituzte, okupatuak ez ziren eraikinetan plantatu dira, hirietako auzoko herritarren bilgune bihurtu dira.Auto kudeatutako sozial zentroen historia 1970eko hamarkadan abiatu zen, Gazte Proletarioen taldeak bultzaturik.
Italiako oren ilunen ondotik, sozial zentroak biltzeko guneak bilakatzen dira. Abandonatu lantegiak gertakari kulturaleko leku bihurtu dira, migratzaileentzat laguntzeko espazioa da.
1990eko hamarkadan zentro horiek hedatu dira, ikasle mugimenduen bultzadarekin Italian fase berri bat hasi da. Tokiko agintari ezkertiarrekin zentroen estatusa erregularizatzeko akordioak lortu dira.
Sozial zentroak mehatxatuak
Italiako eskuin erradikalak, boterera etorri zenean gune horiek gehiegizkoak ditu, Centri sociali guneen kontrako gurutzada abiatu du.Giorgia Melonik joan den udan zioen: “Zuzenbide Estatu batean, ezin dira eremu libre edo legetik salbatuak direnak egon. Legez kanpoko okupazioak segurtasunerako mehatxuak dira. Gobernuak edozein tokitan eta orduetan legea errespetarazten segituko du”. Matteo Piantedosi barne ministroak gaineratu du kanporatzeak segituko direla. Oraino 120 sozial zentro idekiak dira, gehienak Erroman eta Milanen.
Erroman “Spin Time Lab”-ek 20.000 metro karratuko eraikin abandonatua okupatu zuen. Funtzionarioen egoitza zaharra, 2013az geroztik etxebizitza eskubidearen aldeko elkarte batek okupatzen du. 12 urteko borroka eraman ondoan, elektrizitaterik gabe denbora batez, 2009an EDF transalpinoak (Enel) argia moztu zuen, Frantzisko Aita Saindu ohiaren esku-hartze zuzena izan arte. Investire SGR sozietateak gune hori hotel bihurtu nahi zuen. 2021ean jabeak administrazio auzitegiaren aitzinean irabazi ondotik,Spin Time Lab zentroak edozein mementoetan ebakuatzeko arriskua du. Egoitza horretan kitorik bizi diren 140 familia, laster kanporatzeko arriskuan dira, aterperik gabe geldituko dira.
Legez kanpokoa, interes publikoaren alde
Sozial zentroek aldarrikatzen dute, instituzioetatik independente, gogoetatzeko eta kultura partekatzeko espazioak okupatu behar direla.
Auto-kudeatu zentroak ez dira bakarrik kulturguneak, laguntzaileek haurrak eskolako lanetan laguntzen dituzte. Helduentzat hizkuntza ikastaroak emanak dira. Egoitza horietan beharrorduan sozial laguntza emana da, lanean aritzeko coworking edo gune partekatuak badira, baita ostatuak solastatzeko. Ikusgarrientzat leku egokia izanez, kultura gertakari anitz antolatuak dira.
Italiar aktore eta zinemagileek Barne Ministerioari gutun bat bidali diote: “Eraikin bat baino gehiago, jendetasunaren, bizikidetzaren eta herritartasun aktiboaren tokiak dira”.
Eskuin muturrak biltzeko guneak suntsitu nahi
Eskuin muturreko gobernuarentzat leku horiek lanjerosak dira, kontra boterea antolatzeko posibilitatea emaiten baitu. Heste bortitz horien justifikatzeko Giorgia Meloniren gobernamenduak, gezurrak botatzen ditu, okupatzaileak gaiztagin bezala aurkeztuz.
Eskuin muturrak boterea hartu duenetik, egoera gogortu da, lege dekretu anitz bozkatuak dira, erresistentzia pasiboaren kontrako delitua ezarri arte. Ministroen Kontseiluaren segurtasun neurriak eztabaidatuak dira, manifestatzeko eskubidea zalantzan jarri arte.










