Gogoa hazi | 2026ko Otsailaren 12a
Vatican II giristinoak eta euskara suspertzen II
M.Epalza/Mandiok itzulia
Vatican II Kontzilioaren 60. urtebetetzea kari Mikel Epalzak mintzaldi sakona eman zuen frantsesez Ziburun 2025/09/10ean. Bortz puntutan. Hona lehenaren 2. erdia.
1964ko Mendekoste egunean, Baionako diozesako apezen bilkura batean, euskarazko lehen meza ospatua izan zen. Erromak euskararen erabilpena baimendu zuen Meza Ordinarioarentzat 1965eko abenduaren 5ean. Itzulpen lan bateratua abiatu zen Baionako, Donostiako, Bilboko eta Iruñeko diozesetan; horrela sortu zen, harribitxi bat bailitzan, Gure Aita, euskara batua oraino sortua ez zen garaian.
Belokeko Otoizlari eta Lazkanoko Jaunaren Deia aldizkariek bide zoragarri hori lagundu zuten. Belokeko adiskide batek, Donibane Lohizuneko elizako organo-jole eta koraleko buru zenak, Juan Urteagak, lan handia egin zuen musika sorkuntzan: 3 edo 4 bozetarako euskarazko 107 kantu liturgiko sortu zituen, Belokeko EZKILA argitaletxeak plazaratuak, beti Iratzeder eta Lerchundirekin harreman tinkoan, baita Ignace Etchehandyrekin ere, honek euskal kantiken errepertorioa osatu baitzuen. Beloketik iragaten zela, Gelineau aita, liturgiko konpositore handia harritu zen: "Holako lan handia halako herri ttiki baten ganik!".
Musika-hazi horretarik hozitu ziren euskal koralak. 1966an, Begiraleek, Oldarrak eta Belokeko fraileek Donibane Lohizuneko elizan Korsarioen Meza kantatu zuten Juan Urteaga gidari. 1969an sortu zen Euskal Herriko Abesbatzen Batzordea. Azaroaren 23an ospatu zen lehen Kanta Jaunari elkarretaratzea, Euskal Herriko parropietarik etorri 600 kantarirekin. 2015ean argitaratua izan zen liburu baliosa, Eliz kantu organoa lagun, non Jean-Marie Eyartsek, Bortayre apeza organistaren sailkagailua berregituratu baitzuen. Aipatzekoak dira ere Roger Idiartek egin zuen lana Ebanjelioko mezuak bertsutan ezarriz, baita Xalbat Berterretche, Jean Larrieu, Mikel Erramouspe, Graxi eta Pantxika Solorzano konpositoreen ekarpenak. Azpimarratzekoa da ere Fededunak elkartearen lana, Kontzilioaren ondotik sortua, 1969tik goiti euskarazko katiximaren berritzeko helburuarekin.
Aldi berean, Marcel Etchehandy aita beneditarra lan ikaragarri bati lotu zitzaion: 35 urtez lanean aritu ondoren, Biblia osoaren itzulpena bururatu zuen, eta 2007an argitaratu, nafar-lapurteraz. Baionako diozesako apeza zen Joanes Lissaraguek —Kalbinismora bihurtu eta artzain protestante bilakatuak— egin zuen euskarazko Testamentu Berriaren lehen itzulpena, 1571n.
Hona, beraz, Euskal Herriko Elizaren eta Kontzilioaren norabideen arteko xertatze kausituaren emaitza. Euskal herria otoitzera eta kantura eraman behar zen, eta horretarako bere hizkuntzan egiteko aukera eman, euskaraz, garai hartan Espainian zapaldua eta Frantzian ofiziala ez zenean. Hala ere, akats batzu:
Baionako Seminario Handiaren afera, 1966tik 1968ra. Lau apezgai euskaldunek euskal hizkuntza eta kultura seminarioko formakuntzan sartzea galdegin zuten. Buruzagiek ezezkoa eman zuten; apezgai batek seminarioa utzi zuen, eta bertzeak kanporatuak izan ziren. Teologiako irakasle batek, gero apezpiku izan zenak Bernard Houssetek, bere kargua utzi zuen apezgaien sustenguz. Horrela adierazi zuen bere erabakia: "Lau apezgaiek beren hierarkiari egin eskaera bat dator erreforma liturgikoaren aplikazioarekin. Nire kontzientziaren arabera, kanporatze horren baldintzak egiazki bidegabeak dira." Lau apezgaiak —Manex Pagola, Gexan Alfaro, Beñat Sarasola eta Joanes Borda— gerora euskal kantagintzaren eta kulturaren erreferentzia bilakatu ziren.
Iruñeko Seminario Handian, Opus Deik biziki markatzen zuen elizbarrutian, errektorea bera, Jesus Lezaun aita, kargutik kendu zuen bere gotzainak 1967an, Kontzilioaren norabideak aplikatzen zituelako. Horrek erakusten du Vatican II Kontzilioan parte hartu zuten zenbait apezpiku espainiarren izpiritu anti-kontziliarra.
Aldiz Baionan, 1970ean, seminarioko aiten talde berriarekin, Pierre Dufourcqen zuzendaritzapean, egun oso bat euskarari eskaintzea lortu genuen, mezarentzat eta tailer desberdinentzat, bai eta ere, apezgaien bi eginbide hauen sortzea:parropietan xertatze proba baten egitea, eta, engaiamendu sozial baten hartzea.










