Ba ote dakixu? | 2026ko Otsailaren 12a
Dreyfus afera (6/10)
Gilen Bacho
1896ko udan, “Debruaren islako presoa” gero eta ahantziagoa zen. Orduan, afera berpizteko, “bezperako dreyfusard”-ek (Mathieu Dreyfus, Reinach, Lazare...) gertakari baten sortzea erabaki zuten, Dreyfusek Debruaren islatik ihes egin zuelaren berria hedatuz. Britainiar agentzia batek zuen operazioa eraman eta, irailaren 3an, Daily Chronicle-k berri faltsua hedatu zuen. Lehenik, berria kasik oharkabean pasatu zen prentsan, baina ez gobernuan, Kolonietako ministroak Dreyfusen presondegiratze baldint
“Urdin ttipia”
Baina afera “arku sainduaren” (Aitzindaritza Gorena deitua zen bezala) bihotzean berean zen berpiztu. Ihesaldi faltsuaren berria agertu zen ber egunean, Georges Picquart lotinant-koronelak, “estatistikoen sekzioko” buruzagi berriak (1895eko uztailetik goiti), nota sekretu bat eman zion Gonse jeneralari, zeinean Dreyfusen hobengabetasuna argiki agertzen zen baina ere egiazko hobendunaren izena, Esterhazy komandantea! 1896ko martxoan, Picquartek “urdin ttipi” bat errezebitu zuen, gutun-telegrama bat, 30 puskaz urratua zena. Berriz osaturik, dokumentuak Schwartzkoppen eta beste ofizier frantses zenbaiten arteko lotura erakusten zuen. Orduan, Picquartek lau hilabeteko inkesta eraman zuen. Agorrilaren 5ean, ez zuen bere gaineko lehen arduraduna informatu, Gonse jeneralaz mesfidatzen baitzen, baina Aitzindaritza Goreneko buruzagia, De Boisdeffre jenerala, eta Billot jenerala, gerla ministroa. Ministroak Posta zentsurari Esterhazyren eta bere babesleen arteko gutunak bidean harrapatzea manatu zuen. Agorril bukaeran, Picquartek gutun horiek bordereau delakoarekin konparatzeko ideia ukan zuen eta ber idazketa zela argiki agertu zen.
“Ez dut sekretu hori nire hilobira eramanen!”
Gainera, Picquartek gerla kontseiluko “dosier sekretua” berreskuratu zuen eta dokumentu faltsuz betea zela ikusi. Dreyfusen hobengabetasuna segura zen baina nola egia defendatu, bere kontzientziak manatzen zion bezala, bere karrera militarra, bere bizi osoa zena, suntsitu gabe? Picquartek konponbide hau hautatu zuen: egia, bai, baina bide hierarkikotik. Orduan, “1896ko irailaren 1eko nota sekretua” idatzi zuen, zeinean armadako buruzagiei Dreyfus auziaren berrikuspenaren alde engaiatzea eta Esterhazyren kontrako prozedura baten abiaraztea kontseilatu zuen. Irailaren 3an, Gonse jeneralak Picquart-i “bi aferak bereiztea” eskatu zion baina, Picquartek erran bezala, ezina zen: “Ez nuen ikusten nolaz, Ezterhazyz okupatuz, ez ginen bordereau-az okupatzen ahal; eta bordereau-a, ororen buru, Dreyfus afera zen.” Gainera, L’éclair kazetak, irailaren 14an, “dosier sekretu” bat bazela agertu zuen. Biharamunean, Gonse jeneralak Picquart konbokatu zuen, Picquartek zituela informazioak zabaldu pentsatuz. Elkarrizketan, Picquarten arabera, Gonse jeneralak Dreyfus hobengabe izan zitekeela onartu zuen baina afera ito behar zela armadaren ohorea salbatzeko erran zion Picquart-i, hau galdetuz: “Zer inporta zaizu judu hori Debruaren islan egoiten bada?” Picquart-ek ihardetsi zion armadak zuela Dreyfusen hobengabetasuna ezagutu behar, instituzioaren ohorea salbatzeko. Hor, Gonse jeneralak isiltasuna manatu zion baina Picquartek esaldi famatu batekin erantzun zion: “Ez dakit zer egingo dudan baina, edozein gisaz, ez dut sekretu hori nire hilobira eramanen!”.










