Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2026ko Otsailaren 12a
Otsail ostegunak - “Ez gera alferrik pasako” dokumentala
Otsail ostegunak: “Estatuen inpunitateaz torturaren erabilera iraunkorrean”
Asisko Urmenetaren ondotik, Joseba Sarrionandiak ere arrakasta handia ukan du joan den ostegunean. 80 bat pertsona hurbildu dira poskolonialismoaren inguruan antolatua zen hitzaldira.
Aste huntan, Pauline Guelle “Estatuen inpunitateaz torturaren erabilera iraunkorrean” gaiaren inguruan mintzatuko da. Zuzenbide publikoan doktore da, eta gai huntaz egin duen bere doktorego tesiaren ondorioen aurkeztera jiten zauku.
Huna nola, Zabalik, otsail ostegunen antolatzaileak, aurkezten duen gau huntako gaia:
“Azken urte eta hilabeteetan, munduko (des)ordenamenduaren zangoz-goratze etengabean bizi gira eta zuzenbide estatua zalantzan jarria da. Balia giten inpunitatearen inguruko gogoeta plazara eramateko. “Punitibismoaren” inguruko galderak ukatu gabe, estatuek eragin oinarrizko eskubideen aurkako erasoek galdezkatzen gaituzte. Hain zuzen ere, mendebaldeko demokrazietan torturaren iraupenak erakusten digu estatu demokratikoek gozatzen duten inpunitatea.
Torturaren aurkako Nazioarteko konbenioaren (1987) arabera, tortura funtzionario baten eskutik eragin sufrikario fisiko edo psikologikoa da. Horregatik, estatuko arma bezala aurkez daiteke torturaren praktika.
Bestalde, estatuaren arma den heinean, torturak inpunitate sistema sortzen du bizirauteko. Torturaren sistema aztertzeko, beste hainbaten artean, Euskal Herriaren kasua aztergai ukanen dugu Espainiako gerlatik (1936) gaur egun arte (2022).
Erregimen autoritariotik demokratikora ikertuko dugu nola 5.000 tortura kasu baino gehiago argitara eman diren Euskal Herrian kontestu politiko ezberdinenetan”.
Hitzordua, ostegun huntan, otsailaren 12an, Donapaleuko Touzaa etxean (20:30) izanen da. Hitzaldiaren ondotik, trago baten hartzeko parada emana izanen da.
“Ez gera alferrik pasako” dokumentala
Lurdes Iriondo kantaria zendu zenetik, bere lana ahantzi egin zen. Ez ote zen EzDokAmairu kolektibo garrantzitsuaren kidea? Ez ote zen euskararen transmisioarentzat lan egin zuen lehenetariko bat? Dokumentalak kantariari omenaldia egiten dio, eta ildo beretik, ber ahaztura pairatu zuten emazteei: Estitxu Roblez, Maite Idirin, Patxika Erramuzpe.
Dokumentala berriz pasatzen da Donapaleun otsailaren 16an, astelehenez (20:30).











