Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2026ko Otsailaren 12a
Barkamenak - Heriotze - Jabe aldaketa - Loto - Sokorri Katolikoa - Leizor asiatikoa
Barkamenak
Kaseta hunen irakurle fidelak ohartu dira joan den astean ez zela Baigorriko berririk izan. Arrazoina teknikoa zen. Herriko artikuluen idazleak arrangura fierrak jasan ditu bere tresneriarekin. Beharrik, informatika mailan dituen jakintza eta talentu ikaragarrieri esker, makurra zuzendu ahal ukan du aste huntako.
Heriotze
Gaineko karrikako Etxetoan luzaz bizi izan zen Maddi Hapette (Etchebehere sortua Makean) pausatu da 92 urtetan. Arnaud Hapette zenaz aspaldian alargundua, Jean Yves seme bakarra gazte zelarik istripuz zendua, Maddik denbora anitz bakartasunean iragan du. Izpurara erretiratua zen azken urte hauetan.
Jabe aldaketa
Irastorza bolanjeria edo okindegia eskuz aldatu da joan den astean ofizialki. Thomas eta Annabelle Bergon deitzen dira jabe berriak, Eure et Loire departamendutik jinak. Thomas 14 urtetan lotu zen ofizioari, besteak beste Parisen eta Australian ari izana da bainan beti langile gisa, lehen aldia du Annabellekin entrepresa berengain hartzen dutela. Suerte on biarra-hartzaileeri eta bestalde,hasten duten bizi berria ongi goza dezatela Ramuntxo eta Christine Irastorzak.
Loto
Donostei kolegioak loto bingoa antolatzen du otsailaren 14an, ibiakoitzez, Plaza Xokon (20:30).
Sari anitz irabazteko, bidaia, asteburu, opari txeke eta beste. Tokian izanen da ogitarteko, matahami eta edari.
Sokorri Katolikoa
Garazi-Baigorriko Sokorri Katolikoak dei bat igortzen du barnealdeko familieri. Anitz urtez, udan, Frantzia iparraldeko haurrak etorri dira Euskal Herrirat, eta orain berriz xerkatzen dira familiak, heldu den udan, uztailean, 3 astez, haur batzuri ongietorria egiteko.
Norbaitek nahi balitu xehetasun gehiago, ez duda, deitzen ahal da zenbaki huntarat: 06-41-66-09-82 edo Baionako Sokorri Katolikorat: 05-59-55-40-98.
Milesker aitzinetik.
Leizor asiatikoa
Herriko Etxearen abisua: leizor asiatikoaren ihiztatzeko eta arteen pausatzeko sasoina jina da. Otsail erditik maiatzera egiten da. Nola egin? Botoila bat dilindan emaiten da garagardoa eta heren bat grenadina edo andere mahatsarekin barnean. Hamar egunetarik arraberritu behar da eta tokiz aldatu sobera intsektu harrapatuak balin badira. Leizor kofoin bat ikusten bada, Herriko Etxea abisa!











