Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Otsailaren 12a
Beranger joan zaigu - Haltzabea Latsa - Hartzaro festibala
Beranger joan zaigu
Otsailaren 1ean hedatu da berria gure bigarren apeza Beranger Mabounda izendatua izan dela Monein Biarnoko herrira hango erretor bezala. Bera Afrika Congo Brazzaville aldetik etorria da Euskal Herrira. 2022ko irailean etorria zen Uztaritzera, Arrangoitze-Arbona parropia utzirik. Oraidanik kargu berriari lotzen bada ere, bere sartze ofiziala eginen du heldu den irailean oporretarik landa. Suerte on desiratzen diogu hemendik ere. Errobiko Salbatore parropian ordezkorik ukanen duen berantago jakinen da.
Haltzabea Latsa
SCI Haltzabea imobiliario gizarte zibilak egin du urtarrilaren 31n bere ontasunaren aurkezpena obra batzuen ondotik. Gizarte bat sorturik, ontasun hori erosia izan zen 1990ean, ordu arte egona zela lehen mailako girixtino eskola. Promotore batzueri ez uzteko, orduko hautetsiek onartu zuten gizarteari saltzea. Orain 150 jabe akziodun ditu. Geroztik egin du bide. Elkartearen helburua zen, eta beti da, lantegi gunea hor ezartzea, eta urteetan zehar gorabehera batzuengatik erran daiteke kausitu duela osoki, kudeantza zorrotz eta seriosa medio. Eskola bera eta gibelean zuen aterbe jostalekua, aldi bat baino gehiagotan berriturik alokatzaileen beharren arabera, azken hilabete hauetan berriz lanak eginak izan dira gaurko neurrietan ongi izaiteko. Gaur egun 8 alokatzaile dira bulegoetan: hezitzaile berezitu, abokatu, jostun, edertasun instituto eta osagarriaren alde ari diren ofiziale batzu: kine bat, ortofonista bat, psikomotriziano bat eta sofrologo bat. Duela 20 urte bazterrean ere eraikia izan zen Latsa, sukaldaritzan eta jatetxe bezalabeti baliatzen dena, eta ere elkarte batzuentzat jarduera toki bezala: AEK, Aska, Latsan kantuz, yoga besteak beste. Zuzen den bezala, auto aparkalekuak ere behar baitziren, 30 bat badira aitzin gibelean langile eta bezeroentzat. Erran gabe doa langune horrek balio handia emaiten duela Hiribehere auzoari eta herriari. Latsak eskaini zintzur bustitze krakada batekin bukatu da ekitaldia.
Hartzaro festibala
Hartzaro festibala iragaiten ari da jendetza ona bilduz bereziki barneko ekitaldietan. Aroak ez ditu hainbat laguntzen kanpoan egin beharrak. Bainan zer egin? Hitz hau irakurtzean gelditzen dira oraino hitzordu hauek: osteguna 12: (19:00) Tutak toberak soinu eta dantzari guziekin Hiribeheren eta ondotik Folkablok Latsan: ortzirala 13: Zpaiz Mukaki desfilea Purgura eta ondotik Atzarbale han berean; larunbata 14: (11:00) mutxikoak merkatuan; (19:00) Kiroletan Zarena Zarelako, Etxeparanga eta Haatik dantzaldi ikusgarriak; igandea 15: Kaskaroten ibilaldiak Purgun eta Hiribeheren goiz partean eta ere Txilindron sukaldaritza lehiaketa Latsan ondotik bazkaria izanen dela Jarauta 69 animatzaile. Arratsaldea bukatzeko bi txaranga, bata bestearen ondotik: Arberoakoa eta Kalume; asteartea 17: Uztaritzeko ihauteriak, desfilea Hiribeheretik Purgura, toberak, Zanpantzarren auzia eta dantzari mordo batekin. Bukatzeko erromeria eta dantzaldi alaitua tokian berean. Doala festibal hau ongi bururaino makurrik gabe. Aroa zer izanen den ezin dut erran.











