Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2026ko Martxoaren 05a
Heriotze - Obrak - Libertimendua
Heriotze
Eiheralde Luiseneko Mamayi Epherre-Iriart (Trounday sortua) pausatu da 84 urtetan. Felix Epherre-Iriart zenaren alarguntsa zen. Doluminak Pascal eta Sophie seme-alaberi eta familiari.
Obrak
Obrak eginen dira gaineko karrikan. Martxoaren 9an hasi eta apirilaren 10a arte segituko dira. Besteak beste, gerlan hilen oroitarria lekuz aldatuko dute eta Herriko Etxeko aparkalekua sartzean plantatuko. Lan horiengatik, ondoko zubia hetsirik egonen da martxoaren 9tik 13ra eta desbideratzea hartu beharko da herritik autoz ateratzeko edo plaza nagusira heltzeko, itzulia eginez.
Libertimendua
Igandean ospatu da, elizako plazan, aro iguzkitsua lagun. Gazteek bazuten zer konda eta zer sala, beti umorez, heien agerraldi desberdinetan. Jorratu dituzten aitzineko hilabeteetako gertakarien artean, besteak beste, herriko bozetan bigarren lista baten muntatzeko entsegua, osagarri etxeari lotu tirabirak, plazako ostatuko eremaileentzat ere izan da kapitulu berezia langileekin ukan dituzten jokamoldeez, urrundua izan den Postako Cathyri omenaldia, Manexenean patata fritetarik abiatu den sua, sortze frango herriko bikote euskaltzaleetan, gazteak berriz armadara joan behar gerlaren egiteko, Mattin baigorriar gazteak Euskal Telebistan irabazi jokoa, gustu bitxiko bixkotx baten afera Arrosan, behien eritasuna, urera botaiak izan ziren bi joaldunen aipamena eta beste... Artetik, nahas mahas, heien jorraldia jasan dute ere ziganteek, Altxa Lili taldeak, herriko kantari gazte batek, euskal presoen aldeko “Lagundu” eta errekak garbitzen dituen “Iturritik” elkarteek.
Goresmenak gure gazteeri egin duten emanaldi loriagarriarentzat. Battitt eta Elixabet bertsulariek ere ederki lagundu dituzte emanaldiko agerraldi guziak bertsu xuxen eta bipilekin borobilduz.





