Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2026ko Martxoaren 05a

Herriko bozak - Gure muslariak - Eskolaren burger gaua

“Segi Bidarrai!” zerrenda
Segi%20Bidarrai!%20zerrenda

Herriko bozak

Hamar egunen buruan dugu herriko bozetako lehen itzulia, aurten berrikuntza batekin, lista osorentzat beharko dela bozkatu, nehor marratu gabe. Zerrenda bakar bat dugu bidean, Jean-Michel Anchordoquy auzapezarena, zazpi emazte eta zortzi gizonekin, duela sei urte bezala, bainan buru berri batzurekin. Alabainan, orain arteko sei kontseilarik beren alkia uzten dute: horiek dira Lydia Arrossa Larreguy, Brigitte Crouzat, Bernadette Etcheverry, Nathalie Inçaurgarat, Beñat Ondicol eta Ramuntxo Orhategaray.

Huna beraz “Segi Bidarrai!” lista berria: Jean-Michel Anchordoquy (Erramunea), Jean-Pierre Bidondo (Raphaelenea), Suzanne Cedarry (Gerezieta), Paxkal Ibarrola (Belardia), Jean-Pierre Marisco (Eguzkilarre), Monique Oxoby (Ondikola), Aña-Mari Sabarots (Marmaroa), Antton Seychal (Borda),Peio Urrizaga (Dominixenea),eta sei berriak: Stéphanie Bachacou (Axolagabe), Bernadette Orhategaray (Larretenea), Pantxo Oxoby (Haurrekin), Stéphanie Sallaberry (Mendixala), Dominique Suhas (Iribarnea) eta Cécile Vivant (Migelenea).

Etxetara banatu dituzten paperen arabera, ekipa berriak, euskara eta euskal kultura sustengatzeaz gain, hiru proiektu nagusi dauzka: Onddoene berrituaren egitasmoa bururatu, ikus-entzunezko polo eta eremu partekatu bilakatuko dena; eliza eraberritu eta elizaren aitzineko plaza antolatu; eta Aire Zabal aterpetxea berritu, gaur egun beharrezkoak diren arauetara egokiturik.

Taldeak biltzar publikoa eginen du martxoaren 6an, ostiral arrastirian (19:00), herritar guzieri idekia.

Gure muslariak

Euskal Herriko mus txapelketa aitzina doa. Herrietatik abiaturik, lurraldeka edo probintziaka iraganen dira orain haitadak. Baxenabarreko finalak Izturitzen iraganen dira heldu den larunbatean, martxoaren 7an. Bidarraitik hiru pare sailkatu dira Izturitzerako: Battitt Bidondo eta Peio Urrizaga; Sebastien Oxoby eta Mathieu Sallagoity; David eta Paxkal Ibarrola anaiak. Eta hortik aterako dira martxoaren 28an Amasa-Villabonan (Gipuzkoan) iraganen den final handirako lehiakideak. Suerte on gureeri!

Eskolaren burger gaua

Herriko eskola publikoak burger gaua antolatzen du martxoaren 14an, larunbata, 18:30etatik goiti, Artetxean. Janaria 12 eurotan, tokian berean jateko, besta giroan, edo etxerat eramaiteko. Behar da haatik manatu martxoaren 11 aitzin (tel. 06-18-96-66-70). Arratsean (21:00), Frantzia-Ingalaterra errugbi partida erakutsia izanen da pantaila erraldoian.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3824. zbk

Gure Hitza | 2026/03/05

Bozkak

Jean-Louis Harignordoquy

Hautetsi izaitea nahitaez engaiamendu bat da. Bilkuretara joaitea, txostenen ikertzeak eta eztabaidatzeak hortarako denbora eskatzen du. Bestalde, diru baliabideak xuhur, herritar batzuk ez-deuskeria batentzat auzapezarenganat zinkurinaka joaiteko usaia, horra hor bi gauza engaiatzeko gogorik emaiten ez dutenak. Horri gehitzen ahal zaio gazte batzuen politikari buruzko interes eskasa, bai eta denbora libre guzia kirolei edo beste ausagailuei eskaintzeko gutizia. Ahantzi gabe, gero eta gehiago jende berentzat baizik ez direla bizi, talde lanaren onurei ohartu gabe. Erakundeetan emazte eta gizonen arteko parekotasuna gauza zuzena eta ederra da, gizon bezainbat emazte engaiatzeko ados izaitekotan. Herri ttiki batzutan nekeak ukan dituzte hautagai zerrenden osatzeko. Aldiz, hiri handietan ez dute arazo handirikukan: Baionan bortz zerrenda izanen dira eta Biarritzen sei. Herriko Etxeak eta Euskal Elkargoa botere guneak dira, bainan ororen buru botere aski mugatuekin. Heien hautu eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016