Herriz Herri - Hazparne (L) | 2026ko Martxoaren 05a
Hauteskundeak - Korrika kulturala - Loto bingo - Haritz Barne zineman - Ez ahantz...
Hauteskundeak
Hara, beraz orain segura da, bi zerrenda dira herriko hauteskundeetan aurkeztuko: “Hazparne bihotzean”, orain arte auzapez den Isabelle Pargaden zerrenda eta “Herritarrekin” Michel Ospitalek eramana. Zerrenda bakotxak hitzorduak proposatzen dizkio gehiago jakin nahi duenari eta Herritarrekin zerrendaren sustenguz gaualdia iragan zen Ttattola gaztetxean otsailaren 28an.
Korrika kulturala
Heldu den asteburuan iraganen den irakurketa maratoiaz gain, hara beste zerbait antolatua dela Korrika kulturalaren karietara:
Hazparne ezagutzeko ibilaldia: udan ostegunetan proposatzen duen ibilaldi berezia eginen du Alain Londaizbeherek bere astoarekin martxoaren 8an igandez. Jendea berak hautatu gune berezi batzuetara eraman eta, Hazparneko historia kondatuko du.
Hitzordua igande goizean da (9:30), Santa Terexa eskolako aparkalekuan.
Loto bingo
Jean Verdun eskola publikoko burasoek loto bingoa antolatua dute martxoaren 7an (20:00) Harana gelan. Gela 18:00etarik goiti idekiko da jateko eta edateko moldea izanen baita han berean. Haurrendako antolatu joko berezia eginen da (20:00) eta ondotik helduentzat izanen da jokaldia. Eskola lagundu nahi duen orori idekiada.
Haritz Barne zineman
Martxoaren 10ean (20:00) gaualdi berezia iraganen da zineman. Alabainan “Habiter le paysage” filma emanen da:
“Luzaz bazter utzia izan den kanpainak berriz interesa eta itxaropena pizten ditu, desafio sozial eta ekologikoak sortuz. Etxebizitza krisiari ihardesteko arkitekto eta bizi ororen eta etxebizitzaren defenditzaileek elgarrekin lan egiten dute. Biztanleak eta auzapezak dituzte lankide. Elkarbizitzeko molde berriak aurkitu nahi dituzte paisaiak zainduz.”
Dokumentu horrek egoera aztertzen du. Filmaren ondotik eztabaidatzen ahalko da Mathilde Morières film egilea, Christine Doublet produktorea eta Dominique Ducasse harginarekin.
Ez ahantz...
Heldu den larunbat goizean Piarres Larzabalen “Bordaxuri” antzerkia bihurgunez bihurgune aipatuko da solasaldi, antzerki zati irakurketa, irudi begiratze eta kantuz Pierre Espil mediatekan. Jon Cazenave eta Txomin Hegi izanen dira eramaileak. Arratsalde eta arrastirian olerki eta euskal literatura ezagutaraziko dira Et'abar eta Xuriatea ostatuetan.
Eta ondoko asteburuan: libertimendua!





