Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Martxoaren 05a

Ihauteriak eguzkipean - Olerkarien Udaberria - Euskal Herriko “Miss” delakoaren hautagaitza - Senpereko trail aste hondarrean - Antzerki barregarria Larrekon - Kantu Zaharraren eguna

Zanpantzar bere auziari so
Zanpantzar%20bere%20auziari%20so

Ihauteriak eguzkipean

Otsaileko 3. larunbata mirakuilu bilakatu da, hainbertze egun goibel eta euritsuren ondotik, horra eguzki eder batek argitu daukula gure bihotz iluna, ihauteriei ongi etorri ezin hobea eginez.Zakuzaharreko gazteen ekimenak, 120 bazkaltiar bildu ditu pilota plazan, denak mozorrotuak mila kolorezko jantzietan, umore onez estaliz ingurumen osoa. Karrikan gaindiko desfilean aurkitu ditugu joaldunak, Kanboko ziganteak, danborrada eta Zirikolatzeko dantzariak, jarraian pilota plaza ongi animatuz. Senpertarrek jasan dituzten gaitz guziak, zoritxarrez Zanpantzarren bizkar utzi ditu epaimahain bortitzak, erretzerat kondenatuz jendartearen aitzinean. Suaren ausikiek, lekua utzi diete musika eta dantzei, alaitasun giroak segitu duelarik gau betean.

Olerkarien Udaberria

Ekimen hunen kari, martxoko hilabete osoko erakusketak, Abasok eskulangileen obrak biltzen ditu, Iban Briaren olerkiak bai eta ere senpertarrek sortuko dituzten ekoizpen guziak, Larreko kulturguneko atarian uzten ahalko dituzte olerkiak (9:00-12:00) eta arratsaldetan hitzordua hartuz gero: 05-54-81-02-33. Hilabetean zehar, ikusgarri, dantza eta poesia aurkezpenak izanen dira. Olerki-irakurketak izango dira herriko eskoletan. Poetikoki ibili nahi dutenentzat, e-mezuz izena ematen ahal dute culture.associations@senpere64.fr helbidera idatziz edo telefonoz 05-54-81-02-33 zenbakia eginez gero. Olerki numeriko batzuk utziak izanen dira Panneau Pocket aplikazioan. Hilabete guzian, ikasleek hainbat isun poetiko “jalgiaraziko” dituzte autoen gainera.

Euskal Herriko “Miss” delakoaren hautagaitza

Larunbat huntan, martxoaren 7an (20:00) Miss Pays Basque batzordeak antolaturik, Euskal Herriak nor izanen duen enbaxadorea, Miss Aquitaine edo suerte onak emanik Miss France lehiaketan parte hartzeko gisan. Besta giroko gala moduan, hautagaiak saiatuko dira epaimahai eta jendeen erabakia beren alde bideratzea. Anna Smile et Cie kabaret taldea animatzaile, 3 orduko iraupena, prezioa 20€, erreserbakwww.helloasso.com/associations/comite-miss-pays-basque, gunean.

Senpereko trail aste hondarrean

14. ediziorako, Spuc lasterkak betiko programa arrakastatsua aurkezten du, ehunka partehartzailerekin, Ibarrungo bihotzean. Larunbatean, goizean goizik (5:00) abiatuko da 85km-ko ibilbidea “Tontorrez Tontor”, ondotik (8:00) 42km-ko “Gotorlekuen Itzulia”. Igande goizean (9:00), usaiako “Senpereko Trail” 21km. Emazteen eguna ospatzeko (9:10), 7,5km-ko “Neska Eguna Trail” baita (10:00) “Ibarrun Trail” 11km. Oinezkoak ez dira ahantziak, igande goizeko 7:00etatik landa abiatzea, izen ematea egin ondotik lekuan bertan. Janari eta edariak eskuragarri bi egunetan, Ibarrungo plazan.

Antzerki barregarria Larrekon

“Sukaldari abileziak” tituluarekin aurkeztua da, martxoaren 11n (14:30), oren baten iraupena, publiko zabalari idekia. Bertrand jaunak eta Guacamolek sukaldaritza errotik aldatu nahi dute, bainan bilaketa kaos hutsa da. Zorroztasunaren eta fantasiaren artean, dena desbideratzen eta lerratzen da. Prezioa 10€, murriztua 6€ eta 4€ 12 urtez petik, erreserba turismo bulegoetan, www.kultura-paysbasque.fr/spectacles baita segurki sarreran bertan.

Kantu Zaharraren eguna

Martxoaren 29an (10:30) iragan behar luke 10. ekitaldiak, Oxtikenean. Orainokoan ez baitira denak punttuan ezarriak, xehetasun gehiago azalduko ditugu bertze batekoan.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3824. zbk

Gure Hitza | 2026/03/05

Bozkak

Jean-Louis Harignordoquy

Hautetsi izaitea nahitaez engaiamendu bat da. Bilkuretara joaitea, txostenen ikertzeak eta eztabaidatzeak hortarako denbora eskatzen du. Bestalde, diru baliabideak xuhur, herritar batzuk ez-deuskeria batentzat auzapezarenganat zinkurinaka joaiteko usaia, horra hor bi gauza engaiatzeko gogorik emaiten ez dutenak. Horri gehitzen ahal zaio gazte batzuen politikari buruzko interes eskasa, bai eta denbora libre guzia kirolei edo beste ausagailuei eskaintzeko gutizia. Ahantzi gabe, gero eta gehiago jende berentzat baizik ez direla bizi, talde lanaren onurei ohartu gabe. Erakundeetan emazte eta gizonen arteko parekotasuna gauza zuzena eta ederra da, gizon bezainbat emazte engaiatzeko ados izaitekotan. Herri ttiki batzutan nekeak ukan dituzte hautagai zerrenden osatzeko. Aldiz, hiri handietan ez dute arazo handirikukan: Baionan bortz zerrenda izanen dira eta Biarritzen sei. Herriko Etxeak eta Euskal Elkargoa botere guneak dira, bainan ororen buru botere aski mugatuekin. Heien hautu eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016