Hegoaldean | 2026ko Martxoaren 05a
Martxoaren 3ko Gasteizko hilketen oroitzapena
I.M.
Gasteizko Martxoak 3 elkarteko kideek “inoiz hil ezin izan zenituzten langileen alabak gara. Hil zenituzten langileen alabak ere bagara” leloa airatu zuten 1976ko martxoaren 3ko langileen manifestaldian poliziak hil zituenen aldeko omenaldian. Mende erdia iraganik, “zauriak zabalik, baina duintasuna osorik” segitzen duela berretsi zuten.
Nazioarteko elkartasuna ere izan zen omenaldian. Tony Doherty Irlandako Derryko Igande Odoltsuan britainiarrek hil zituzten hamalau irlandarretako baten semeak hitz hunkigarriak ukan zituen. Derryko familien maitasuna eta elkartasuna helarazi zien Gasteizen bildu jendeei, eta bereziki gogoratu zituen Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Peredaren senideak, baita Vicente Anton eta Juan Gabriel Rodrigoren familiak ere: “50 urtez baino gehiagoz egon baitira egiaren zain”.
Instituzioen hamarkadetako abandonua gaitzetsirik ere, Martxoak 3 elkarteak itxaropenari eta engaiamenduari loturik hetsi zuen ekitaldia. Langile asanblearioen sarraskia izan zen Gasteizko Asiseko San Frantses elizan memoria gunea sortuko da eta manera horretan langile oldartuen historia kontatzen ahalko da. “Gure memoria oraina da” eta oroimena etorkizuna eraikitzeko tresna dela azpimarratuz hetsi zen Gasteizko omenaldia.





