Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2026ko Martxoaren 05a
Poteo eta kantu bazkaria - Euskarazko solasaldia - Herrietako hautagaiak Amikuzen - Bihotzeko ostatuen bilketa martxoaren 6, 7 eta 8an - Elkartasun eta besta eguna
Poteo eta kantu bazkaria
Usaia duten bezala korrika aitzin, Amikuzeko Gau eskolak eta euskalgintzako elkarte eta lagunek poteo eta kantu bazkaria antolatzen dute ibiakoitzean, martxoaren 7an.
Hitzordua goizean (10:30) finkatua da Donapaleuko Gau eskolan. Eguerdi arte, irekiak diren 3 ostatuetan pintxoak gozatzen ahalko dira kantuz eta dantzan, trikilariekin. Ondotik, kantu bazkaria proposatua da Gabadiko gelan (13;00) Gozo goseren eskutik. Izenak aitzinetik ematea galdegina da, mezua 07-71-25-24-96ra bidaliz.
Beti Korrika kultural kari, beste hitzordua oroitarazten dugu: Errigora gaualdia martxoaren 16an, astelehenez, Touzaa etxean (19:00). Nafarroa Erriberako produktuen ezagutzeko eta dastatzeko aukera emana izanen da aperitifa moldean.
Oroitarazten dugu Korrika Amikuzen pasako dela martxoaren 19an, ostegunez, 18:00ak eta 21:00ak artean, Donapaleun berean (19:30). Karia hortara, besta antolatua da gauerdi arte Airetik gelan. Jateko, edateko, kontzertu eta animazio izanen da. Korrika pantailan segitzeaz gain, Gaitamik, Andoni Ollokiegi eta beste hainbat sorpresa eskainiak izanen dira.
Euskarazko solasaldia
Liburuak elkarteak antolaturik, euskarazko solasaldia ibiakoitz huntan, martxoaren 7an iraganen da Amikuzeko mediatekan (10:00). Hilabete honetan, ez dira paradak faltako euskaraz mintzatzeko korrikaren 24. edizio kari. Beste gai batzu ere jorratzen ahalko dira hala nola herriko bozak, mus lehiaketak... Elgarrekin gai horiek aipatzeko, goxoki eta lasaiki, joan Amikuzeko mediatekara, harrera hoberena egina izanen zaizue.
Herrietako hautagaiak Amikuzen
Herriko bozak, martxoaren 15ean eta 22an iraganen dira. Aurten, parekotasuna errespetatzeko, bozkatzeko moldea berdina izanen da herri guzietan. Zerrenda bakoitza, ukan bozen araberan, ordezkatua izanen da herriko kontseiluan.
Bozketa hortan parte hartzeko, herrietako hautagaiek, otsailaren 26ko inskribatu behar zuten. Orain badakigu nor partitzen den Amikuzeko eskualdean. Donapaleun bi zerrenda izanen dira, beste guzietan zerrenda bat. 27 herriren itzulia egin dugu eta huna nor diren zerrendaburuak.
Orain arte auzapez zirenetan, 16 berriz partitzen dira zerrendaburu, beren herrietan: Amendüze-Unaso (Stéphane Poisson); Amorotze-Zokotze (Arnaud Abbadie); Arrüe-Ithorrotze-Olhaibi(Michel Sicre); Arboti-Zohota (Eric Narbais-Jaureguy); Behauze (Didier Irigoin); Bithiriña (Gilbert Dublanc); Gabadi (Jean-Louis Prebende); Labetze-Bizkai (Jean-Louis Anglade); Lohitzüne-Oihergi (Marie-Agnès Chapar); Lüküze-Altzumarta (Patrick Bizos); Martxueta (Joseph Paris); Mehaine (Sylvie Betat); Ozeraiñe-Erribareita (Arnaud Fontaine); Ostankoa (Jean-Marc Bonzon); Oragarre (Pascal Dantiacq); Pagola (Pierre Etcheber).
Beste 11 herrietan, orain arteko auzapezek, kargu hortan segitzeko xederik ez ukanez, zerrendaburu berriak aurkezten dira: Aiziritze-Gamue-Zohazti (Henri Laborde); Arberatze-Zilhekoa (Pierre Guichaoua); Arrueta-Sarrikota (Alexandra Guillemin); Behaskane-Laphizketa (Emmanuel Recalde); Domintxaine-Berroeta (Alain Haurie); Donapaleu (Pettan Aycaguer-Mayi Daguerre); Etxarri (Philippe Arhie); Garrüze (Léon Christy); Ilharre (Anne-Lise Houga); Larribarre-Sorhapuru (Fabienne Irume); Uhartehiri (Jean-Pierre Lafargue).
Zerrendetan parekotasuna izanik ere, bost emazte bakarrik agertzen dira zerrendaburu. Bozkatzeko molde berriarekin, hautetsi guziak ezagutuak izanen dira lehen itzulian berean Amikuzeko 27 herrietan.
Bihotzeko ostatuen bilketa martxoaren 6, 7 eta 8an
Urte guziz bezala, Bihotzeko ostatuetako laguntzaileak saletxeen aitzinean izanen dira asteburu huntan jendeen emaitzen biltzeko (kontserbak, janari idorrak, garbigarriak...). Ostiralean, ibiakoitzean eta igande goizean, Leclerc, Carrefour market eta Aldiren aitzinean izanen dira irekitze tenoretan.
Jendeen emaitzeri esker, 50-60 familia inguru laguntzen dituzte Amikuzen, orotara 30.000 apairu eskainiz.
Elkartasun eta besta eguna ospitalearen alde Donapaleun
Amatasun, ebakuntza gela, SMUR eta arreta zerbitzuetako proiektuak finantzatzeko dirua biltzea da martxoaren 8ko besta egun honen helburua.
Goizean, Disney filma proiektatua izanen da (11:00) eta ondotik jateko eta edateko izanen da lekuan berean. Arratsaldean, publikoaren harrera (15:00) eginen da animazio berezi batzuekin. Maurice Ravel kontserbatorioko ikasleek kontzertua emanen dute (15:30) eta gero Franck Mendiveren pastizak gozatzen ahalko dira. Ondotik, Scenitza konpainiak “Izena” antzerkia emanen du (17:30). Eguna bururatzeko, zozketa eginen da (18:45).





