Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Martxoaren 05a

Kontseiluko biltzarra - Erien meza - Erroldatze - Mintzaldi - Erakusketa

Irati Bazeta
Irati%20Bazeta

Kontseiluko biltzarra

Hauteskunde aitzineko azken kontseilu biltzarra iragan da ortzegunean 25 hautetsirekin. Huna aho batez onartu gaiak:

- 2025eko ehorzketei dagokien finantza kontu bakarraren onartzea.

- Haurtzaro eta gazteria zerbitzuan lanpostu sortzea.

- Udalzaintza zerbitzuan bi lanposturen sortzeak.

- Euskal Elkargoak, CITEOren etxetik kanpoko bereizketari buruzko proiektu deialdiak daraman elkargo hitzarmenaren sinatzea.

- Landagoieneko hiriko beroketa sarean hitzarmen baten izenpetzea.

- Energia aurrezki ziurtagirien agerian emaitea, Euskal Elkargoarekin hitzarmena izenpetzea.

- Bizikleta elektrikoen erosleeri diru laguntza emaitea (1 oraikoan).

- Herri Soinu eta ihiztarien elkarteari diru laguntza berezia emaitea.

Lehen gaian eskolako orenen desadostasun batengatik lau abstentzio izan dira, eta ondoko gaian 2025eko aitzinkontu nagusiaren finantza kontu bakarraren onartzeak lau boz kontra bildu ditu (denak ezkerraldekoenak).

Bukaeran Bruno Carrère auzapezak adioak egin ditu bere karguari aipatuz 12 urtez zer izan den bere lana, zer kezkak eta ezinbertzeak ere jasan dituen denbora guzian. Azkenean denenganik txalotua izan da. Adixkidantzazko baso baten inguruan bukatu da biltzarra, hautetsi eta han ziren guziekin. Hurrengo biltzarra hauteskunde ondotik.


Erien meza

Ohiduraz otsailaren 11n, Lurdeko ama birjinaren egunean ospatzen zen erien meza berezia igande huntan emana izanen da Jondoni Bixintxo elizan (10:30). Elizara joaiten ahal diren erieri sakramendua emana izanen zaiote tokian berean. Ezinezkoa bada sakramendua etxerat errezebitzen ahalko dute. Gisa guziz izenak eman behar dira eliza ateetan diren hostoetan.


Erroldatze

Herriko Etxeak adieraztera emaiten du frantses legearen arabera 16 urteko gazteen, neska eta mutiko, erroldatzea egiten dela. Galdegina da adin hortako gazteeri izenen emaiterat joaitea Herriko Etxerat (egin daiteke ere Interneten bidez). Ondotik agiria emana izanen zaiote 25 urte bete arte atxiki beharko dutena.


Mintzaldi

Ur Begik antolatu mintzaldien zikloko bigarrena iraganen da ortzirale huntan, martxoak 6, Lapurdi gelan (18:30). Mintzatzailea guziz ezaguna da Euskal Herrian, eta urrunago ere, Mikel Epalza apezak bere bizi gehiena arrantza munduari loturik ereman du eta ere da estadu mailan itsas marinelen omoniera. Bere marinel eta apez biziaz asko kondatzen du Coline Renault-rekin partzuergoan idatzi duen “Pêcheurs d'hommes” liburuan. Liburu hori joan den urtean euskarara itzulia izan da Euskaltzaleen Biltzarraren eskutik titulua daukala “Gizatasun Arrantzale”. Beste libururik ere badu Mikelek. Dudarik ez bere biografiaz eta bere apez marinel biziaz asko irakatsiko daukula. Mintzaldia euskaraz eginen da bat-bateko itzulpenarekin. Ez ahantz beraz hitzordu hori.


Erakusketa

If Matxikotek Irati Bazetaren “Harien isla” erakusketa sartu du tTok bere erakustokian. Irati “DA Beka” erdietsi duen artista da. Ezohizko erakusketa hori urte oso baten lana da Durangoko azokan lehen aldikoz aurkeztua izan dena. Sorkuntza deialdia zabaldua izan zen gazteeri “euskara jendea” gaitzat jarrita. Margoa nagusi bada ere teknika desberdinak nahasten dituzten obrak dira. Erakusketa bisitagarri izanen da otsailaren 27tik apirilaren 2a arte. Bisita tenoreak hauek dira: asteartea (17:00-20:00); asteazkena (9:00-16:00); ortzeguna (15:00-18:00) eta ere hitzordua hartuz telefono huntara: 06-01-98-00-24. Aldiz oporretan eta besta egunetan hetsia egonen da.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3824. zbk

Gure Hitza | 2026/03/05

Bozkak

Jean-Louis Harignordoquy

Hautetsi izaitea nahitaez engaiamendu bat da. Bilkuretara joaitea, txostenen ikertzeak eta eztabaidatzeak hortarako denbora eskatzen du. Bestalde, diru baliabideak xuhur, herritar batzuk ez-deuskeria batentzat auzapezarenganat zinkurinaka joaiteko usaia, horra hor bi gauza engaiatzeko gogorik emaiten ez dutenak. Horri gehitzen ahal zaio gazte batzuen politikari buruzko interes eskasa, bai eta denbora libre guzia kirolei edo beste ausagailuei eskaintzeko gutizia. Ahantzi gabe, gero eta gehiago jende berentzat baizik ez direla bizi, talde lanaren onurei ohartu gabe. Erakundeetan emazte eta gizonen arteko parekotasuna gauza zuzena eta ederra da, gizon bezainbat emazte engaiatzeko ados izaitekotan. Herri ttiki batzutan nekeak ukan dituzte hautagai zerrenden osatzeko. Aldiz, hiri handietan ez dute arazo handirikukan: Baionan bortz zerrenda izanen dira eta Biarritzen sei. Herriko Etxeak eta Euskal Elkargoa botere guneak dira, bainan ororen buru botere aski mugatuekin. Heien hautu eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016