Gogoa hazi | 2026ko Martxoaren 05a

Abisatuak gira!

Elizabette Guéçamburu, 2026ko urtarrilaren 20a Mikel Erramouspek laburtua eta egokitua

Elizabette Guéçamburu Kalifornian sortua da. Aita ezterenzubitarra, haurretik eritasun batek mugitu gabe egoitea behartzen duena. Bainan presuna argia da eta baikorra. Ikusiz Estatu Batuetako egoera, “my father” artikulua idatzi du, oihu bat bezala, deneri konpreniarazteko zer pasatzen den eta gu denen abisatzeko. Ea dei hau entzunen dugun? Huna laburbildurik zer dioen: Aita sortu zenean aleman soldadu naziak etxean zituzten. Beraz gerlaren eta beldurraren berri badaki aitak. Ez da harritzeko

Amerikaren ametsa

Hain zen pobrea haren familia, Amerikara heldu zenean, bidaiarako zeramatzan arropak etxera itzuli behar izan zituen postaz. Urteak jin urteak joan, aitak Amerikaren alde zuen maitasuna sakondu zen: libertatea eta lanaren bizi onesta eramaiteko. Azkenean, fiertasunez bildu zituen amerikano paperak. Negozio bat sortu zuen, ezkondu zen eta familia hazi. Nehoiz ahantzi gabe nundik heldu zen eta nola errezebitua izan zen.

Kontserbadore amorratua, lan gogorraren, leialtasunaren, errespetuaren eta jendea libro uzten duen gobernu baten aldekoa, aita errepublikarra izan zen bizitza osoan.

Alaba ezintasun larri batekin izaiteak bihotza oraino gehiago zabaldu zion. Ez zituen sekulan ahantzi bera etorkin bezala lur ezezagun batean bizi izan zituen zailtasunak. Beti segitu zuen Amerikaren emankortasunaren baitan sinesten. Pentsatzen zuen langileek, etorkinetarik haste, errespetu eta tratu justua merezi zutela, eta Amerikaren aberastasuna beti erabili behar zela ahulenaren zaintzeko. Horregatik, uste zuen Amerikaren printzipioek SEKULAN ez zutela huts eginen.

Harridura

Hastapenean aitak irri egin zuen eta mespretxuz hartu zuen telebistako milionario pribilegiatu hura ikusten zuenean. Nola fidatu holako zirtzil bati?

Eta, 2016an ezinezkoa gertatu zenean, harritu zen. Baina oraindik ere Amerikarekiko fedea atxiki zuen. Zonbeit urtez suportatu beharko zela besterik ez zela uste zuen.

Lau urte geroago, 2021eko urtarrileko egun hotz hartan, aitak ikaraturik ikusi zuen Estatu Batuetako Kapitolioan jende andana bat sartzen. Aitaren buruan, hori izan zen Amerikaren azken trahitzea. Aitak maite zuen Amerika hortaratu zela?


Ezin sinetsia

2025 urtean aitaren errabia handitu da bera bezalako etorkinak karriketan mehatxatzen ikustean.

Pobreen eta ezinduen alderako laguntza programak murriztu zituzten. Aberatsak aldiz zergetarik begiratuz, oraino gehiago aberats ziten. Kriminalak amnistiatu zituzten.

Eta izitu zen Groenlandia hartzeko mehatxua egin zenean gure hurbileko aliatuak beldurtuz eta Amerikak munduan zuen errespetua are gehiago higatuz.

2026 urte huntan aitak lagun hurbileri egoera ohartarazten dienean, egia ez dute entzun nahi. Telebista-kateek, eta algoritmoek haren hitzak baztertzen dituzte eta lehen aldiz, berriz ere arrotz sentiarazten dute bere herrialde propioan.


Nola atera amesgaixto hortarik?

Nola konpondu gaiztakeriak ireki dituen zauri sakonak? Nola berreskuratu urrikalmendua eta errespetua, eta nola kanporatu jendeen baitan sartu usteldura, ordu deno?Nola eman berriz Amerika lehenago denek zuten estimuan. Atzerrian ditugun ahaideek, iziturik galdetzen digute nola utzi genuen hau gertatzen?

Aitaren erantzuna tristea da, baina sinplea eta egiazkoa: oso ongi dakigu nola gertatzen den, historiak berak erakusten digulako. Eta oraingoan, nor izango da gu salbatuko gaituena, gure burua salbatzeko gai ez bagara?


Irulegiko Irratiko gunean ere aurki dezakezue Batita eta Elizabetten lekukotasuna.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3824. zbk

Gure Hitza | 2026/03/05

Bozkak

Jean-Louis Harignordoquy

Hautetsi izaitea nahitaez engaiamendu bat da. Bilkuretara joaitea, txostenen ikertzeak eta eztabaidatzeak hortarako denbora eskatzen du. Bestalde, diru baliabideak xuhur, herritar batzuk ez-deuskeria batentzat auzapezarenganat zinkurinaka joaiteko usaia, horra hor bi gauza engaiatzeko gogorik emaiten ez dutenak. Horri gehitzen ahal zaio gazte batzuen politikari buruzko interes eskasa, bai eta denbora libre guzia kirolei edo beste ausagailuei eskaintzeko gutizia. Ahantzi gabe, gero eta gehiago jende berentzat baizik ez direla bizi, talde lanaren onurei ohartu gabe. Erakundeetan emazte eta gizonen arteko parekotasuna gauza zuzena eta ederra da, gizon bezainbat emazte engaiatzeko ados izaitekotan. Herri ttiki batzutan nekeak ukan dituzte hautagai zerrenden osatzeko. Aldiz, hiri handietan ez dute arazo handirikukan: Baionan bortz zerrenda izanen dira eta Biarritzen sei. Herriko Etxeak eta Euskal Elkargoa botere guneak dira, bainan ororen buru botere aski mugatuekin. Heien hautu eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016