Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Martxoaren 05a

Ekilore taldearen kontzertua - Kontzertuak Zokoan - Emaztearen Eguna - Urruñarrak Ataungo sagarnotegian - Iparra-Hegoa 9tik 12ra - Lapurdiko mus finala - Errugbia

Ekilore urruñar taldea
Ekilore%20urrunar%20taldea

Ekilore taldearen kontzertua

Martxoaren 6an, ostiralez, eta Iparra-Hegoaren kari, afari-kontzertua izanen da Xaian Ekilore talde urruñarrarekin (20:00). Prezioa: 30 euro. Taldea osatzen duten musikariak: Garazi Cristobal, Xerar Urrutia, David Gutierrez eta Freed Iturri. Antolatzailea: Bakalau elkartea.

Kontzertuak Zokoan

Martxoaren 7an, larunbatez, Urruñako ikastolaren eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioaren aldeko besta izanen da Zokoa auzoko kiroldegian. Parte hartuko dute Zarena Zarelako dantza taldeak (18:30), DJ Xanok (19:30) eta Janus Lester-ek (21:00). Izanen dira taloak, ostatua eta musika. Sarrera: 12 euro/15 euro.

Emaztearen Eguna

Martxoaren 8an, eta Emaztearen Egunaren kari, zenbait ekitaldi izanen dira herrian. Kuxkuxtu txarangak plaza animatuko du. Egun horren kari ikusgarri zenbait izanen dira herrian: Itzuli Konpainiak “Adriene Bergson-Johnson”izeneko antzezlana jokatuko du Posta gelan (16:00), 12 urtetik goitikoentzat. Horrez gain, Badian Bele taldeak kontzertua emanen du herriko plazan (17:30). Bi ekitaldiak euskaraz eta urririk.

Urruñarrak Ataungo sagarnotegian

Martxoaren 1ean, igandez, eta Iparra-Hegoaren kari, urruñarrez bete autobusa abiatu zen Gipuzkoa aldera egun-pasa egitera. Seguran ongi-etorri beroa egin zieten eta ostatuz ostatu ibili ziren kantuz eta dantzaz. Bazkaltzeko tenorean, Urbitarte sagarnotegira joan ziren, eta han pasatu zuten arratsaldea, upelaz upel eta kantuz kantu. Arratserako Urruñan ziren. Antolatzailea: Bakalau elkartea.

Iparra-Hegoa 9tik 12ra

Aurtengo Iparra-Hegoa herri ekimena martxoaren 9tik 15era ospatuko dute. Horra, martxoaren 9tik 12ra izanen den egitaraua: martxoaren 9an, astelehenez (11:00), Urruñako ikastolako haurrei harrera eta hamaiketakoa, (14:30) Segurako eskolara bisita eta jolasak, (17:00) buruhandiak eta erraldoiak plazan, (19:00) hitzaldia eta mahai-ingurua. Ondoren, afaria Elorri elkartean. Martxoaren 10ean, asteartez (9:00) haurren gosaria, (10:00-12:00) talo tailerra eta jolasak, (12:15) Segura irratian elkarrizketa, (13:00) haur bazkaria Elorri elkartean, (14:30) Kiki Bordatxoren dantzaldia, (16:15) txokolate beroa denentzat, (17:00) agurra Urruñako haurrei, (19:00) hitzaldia eta mahai-ingurua. Horren ondotik afaria. Martxoaren 11n, asteazkenez (18:30) jai ereduari buruzko mahai-ingurua. Moderatzailea: Jon Telleria. Martxoaren 12an, ostegunez (19:30) bertso eta kantu poteoa Kuxkuxtu txarangarekin, (21:30) bertso-kantu afaria Kuxkuxturekin. Hurrengo astean, martxoaren 13 eta 14an izanen diren ekitaldien berri emanen dugu.

Lapurdiko mus finala Xaian

Euskal Herriko Mus Txapelketa zazpi euskal lurraldeetan jokatzen ari da, eta jadanik, laster lurraldeetako finalak hasiko dira. Lapurdiko finala martxoaren 7an, larunbatez, jokatuko dute Pausuko Xaia ostatuan (15:00), eta 40 bikotek parte hartuko dute. Egun horretan 14 bikote sailkatuko dira, eta martxoaren 28an, larunbatez, Gipuzkoako Villabona herrian jokatuko den final nazionalera joanen dira zuzenean. Euskal Herriko finalean 128 bikotek parte hartuko dute. Aupa urruñar muslariak!

Errugbi txapelketa laster

Martxoaren 14an, larunbatez, izanen da errugbi txapelketa Bixikenean (14:00). Jokalari taldeak 5 eta 8 pertsona artekoak izan beharko dira. Parte hartzeko, izena eman behar da martxoaren 1a aitzin. Harremana: 07-69-64-94-52.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3824. zbk

Gure Hitza | 2026/03/05

Bozkak

Jean-Louis Harignordoquy

Hautetsi izaitea nahitaez engaiamendu bat da. Bilkuretara joaitea, txostenen ikertzeak eta eztabaidatzeak hortarako denbora eskatzen du. Bestalde, diru baliabideak xuhur, herritar batzuk ez-deuskeria batentzat auzapezarenganat zinkurinaka joaiteko usaia, horra hor bi gauza engaiatzeko gogorik emaiten ez dutenak. Horri gehitzen ahal zaio gazte batzuen politikari buruzko interes eskasa, bai eta denbora libre guzia kirolei edo beste ausagailuei eskaintzeko gutizia. Ahantzi gabe, gero eta gehiago jende berentzat baizik ez direla bizi, talde lanaren onurei ohartu gabe. Erakundeetan emazte eta gizonen arteko parekotasuna gauza zuzena eta ederra da, gizon bezainbat emazte engaiatzeko ados izaitekotan. Herri ttiki batzutan nekeak ukan dituzte hautagai zerrenden osatzeko. Aldiz, hiri handietan ez dute arazo handirikukan: Baionan bortz zerrenda izanen dira eta Biarritzen sei. Herriko Etxeak eta Euskal Elkargoa botere guneak dira, bainan ororen buru botere aski mugatuekin. Heien hautu eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016