Mundu zabalean | 2026ko Martxoaren 05a
Oihanaren salbatzaileak
J.B.
Aktualitate iluna bazterrean utzirik, munduko toki desberdinetan esperantza iturri diren hainbat etsenplu ditugu aipagai aste huntan. Denak dira oihana salbatzeko egin eta segitzen diren ekintza konkretuak eta emankorrak dira, izan Afrikan, Japonian edo Amazonian. Jende xumeek bultzaturik. Argibideak dira.
Afrikan basamortua geldiarazi duen laboraria
Lehenagoko laborantxako teknikak erabiliz eta ekosistema ongi konduan harturik, basamortuak bereganatu zuen 40 hektareako eremu batean oihan aberats bezain joria berpiztu du Yacouba Sawadogok, Burkina Fasoko laborariak. Sahara basamortuko mugan den Gourga herrian berrogoi urtez artoski segitu lanak fruituak eman ditu eta perspektiba berria ideki du eskualde guziarentzat.
1980an hasi zen historia: idorte bortitza eta ondorioz gosete handia sortu zuten basamortutik etorri haize beroek. Esperantza osoki galdurik, familia gehienek ihes egin zuten. Herria hiltzen ari zela ikusirik, ihardukitzea erabaki zuen Yacoubak: herrirat itzuli eta arbolak landatzen hasi zen.
40 urtez segitu du lanean eta oasia bihurtu da oihana. Mooré bere hizkuntzan “lano egilea” erran nahi du Sawadogo izenak. Aspaldiko erranetan ur ekarleak ziren Sawadogoak. Jatorri hortako semea izanki, zin egin zuen euria berriz ekarriko zuela. Horretarako laborantxako teknika ezberdinak erabili ditu. Hala nola aspaldiko usaiak berritz hartuz, “zai” teknika erabili du: lur ustela ezarriz 30 zentimetroko zilo batean eta sasoin idorrean landatuz arbola gaztea, horrela hazkundea bultzatua izanen da euri sasoinean. Teknika emankorra eta eredugarria bilakatu da Afrika Mendebaleko laborari askorentzat. Tokiko harriak ere baliatu ditu ura bideratzeko eta isuriak eztiarazteko, ahantzi gabe lurra oratzeko termiten lan baliosa, gure eskualdeko xixarien gisa, integratu duela osoki.
Orain oihan bazterretako lur emankorrak baliatzen dituzte Gourga herrirat bizitzerat itzuli diren herritarrak.
Japonian jatorrizko oihanak berpiztu
Industriaren eraginez fundituak diren lurretan landaretza naturalaren berrabiarazteko munduko espezialista ezagunetakoa da Akira Miyawaki. 1992an Rio hirian iragan oihanen zaintzeko gailurrak huts egin zuela kontsideraturik eta bizidunen salbamendurako baitezpadakoak diren oihanak hiltzen ari direla ikusirik, jatorrizko oihanen zaharberritzea zela aterabidea pentsatu zuen.
Ikasketa handiak segiturik, obserbaketa sakonak egiten ditu. Japoniako tenplu eta hilerrien inguruetan beiratuak izan diren tokiko haritz eta gaztainak aspaldiko oihanetako ondokoak direla frogatzen du. Aldiz helburu ekonomiko batengatik berrikiago landatu diren beste arbola motak nagusitu dira Japoniako lurralde gehienetan. Industrializazioarengatik azkarki andeatuak izan diren lurretan jatorrizko arbolak eta oihanak berpiztuko ditu Japoniako 1.300 gune fundituetan. Munduko beste tokietarat hedatuko da arrakasta handia bildu duen bere metodoak bereziki tropikoetako lurretan, hiri eta gune industrialetan.
Amazoniako jatorrizko populuek oihana salbatzen
Brasilgo Minas Gerais Estatuan, agrobasogintza baliatuz, Amazoniako oihana berpizteko xedearekin lanari lotu dira Maxakali taldeko indigenak. Landatu dituzten bananaondo, anakardo, Angola ilarrondoeri arnasa emaiteko sasiak mozten ari dira 30 bat herritar.
Heien kantu herrikoiak eta mintzaira babesteko nahikaria eta gaitasuna erakusteagatik ezaguna da Maxakali populua. Azken urte hauetan heien lurraldean bortxaz desegina izan den oihana berlandatzen ari dira Opakoa deitu ikerlarien Institutuaren laguntzarekin. Gaur egun, 156 hektarea oihan eta 100 hektarea baratze sortu dituzte.
Bestalde “oihanaren zaintzaleak” deitu Guajajara populuko herritarrak biodibertsitatea zaintzeko ekintzak antolatzen dituzte: hitza jaten duten politikarien ele zurien salatzeko, multinazionalen gehiegikeriak geldiarazteko, laborantxa intentsiboaren eragina eta meategien sarraski suntsigarrien kontra borrokatzeko bai eta egurgile klandestinoen ebasketak debekatzeko. Heien bizia lanjerean ezartzeraino zonbait aldiz, 2021ean 176 indigenen erailketa salatzen zituen Brasilgo apezpikutegiko Konferentziak.
Amalurra zaintzeko baitezpadako urratsak dira. Eskertzen ditugunak. Guk ere segitu behar genituzkeenak.





