Ba ote dakixu? | 2026ko Martxoaren 05a

Dreyfus afera (9/10)

Gilen Bacho

Dreyfusardentzat, gobernua eta Parlamentuaren hautuak ikusiz, bide politikoa blokeatua zela iduri zuen. Esterhazyren hobengabetzearekin, bide juridikoak ez zuen esperantza gehiagorik emaiten. Orduan, esperantza berpizteko, “mendeko ekintza iraultzaile handiena” (Guesde sozialistaren arabera) beharrezkoa zen.

“J’Accuse...”

Hilabete zenbait lehenago, Emile Zolak Dreyfusen defentsa hartu zuen eta antisemitismoa salatu. “Afera”-ren xehetasunak ezagutzen zituen, Scheurer-Kestner eta Lazarek eman zizkioten dokumentueri esker. Ezterhazy hobengabetua, Zolak egia hedatu behar zuen. Orduan, 1898ko urtarrilaren 12ko arratsaldean, bere “Gutuna Errepublikako presidenteari” (Felix Faure) “L’Aurore” egunkariaren egoitzara ekarri zuen. “L’Aurore” 1897ko urrian sortu zen. Kazeta berriak, eta bere erredakzioburuak, Georges Clémenceau-k, kasik berehala Dreyfusen defentsa hartu zuten. Clémenceauk zuen titulu famatua atzeman: “J’Accuse...”. Zortzi zutabetan, Zolak Aitzindaritza Gorenaren gezurrak eta jukutriak salatu zituen. Egiazko konplota eramana izan zela, faltsu anitzekin, Dreyfus kapitainaren kontra erakutsi zuen. Zolak ez zituen aferaren sekretu guziak ezagutzen ahal eta, nola ez, huts edo zehaztugabetasun zenbait egin zituen. Du Patyren eginkizuna goratu zuen eta, alderantziz, Mercier eta Gonse jeneralen eginkizuna apaldu. Gainera, Henry komandantearen eginkizuna ez zen kasik aipatua. Baina ez zen kazetari edo historialari baten testu bat. Borroka testua zen. Dreyfusen kulpabilitateari buruzko adostasuna hautsi behar zen, eta horretako, ez zitekeen hitz neurtuz mintzatu. Azkarki jo behar zen. Zolaren “gutunak” sekulako oihartzuna ukan zuen. “L’Aurore” egunkariko 200.000 ale saldu ziren (30.000ren orde usaian). Charles Peguyk erran bezala, “kolpea hain gaitzekoa izan zen, non Paris ia erori baitzen”. Zolak ongi zakien bezala (“Igurikatzen dut...”), gobernuak ezin zuen laidoa zigorrik gabe utzi eta bere kontra pleinta pausatu zuen.


“Faltsu traketsena, nabarmenena”

Zolaren auzia 1898ko otsailaren 7an hasi zen. “L’Aurore” egunkariak eztabaiden xehetasun guziak eman zituen. Auzitegiko presidenteak dena egin zuen defentsa trabatzeko, “galdera hori ez da pausatuko” anitz aldiz erabakiz. Gainera, Dreyfusen kontrakoek, nazionalistek, zuten karrika kontrolatzen, bortizkeria erabiliz justiziako palazioaren aurreraino, non, egunero, borroka gogorrak baziren. Halere, defentsak Dreyfusen kontrako akusazioen ahultasuna eta inkoherentziak argiki erakutsi zituen. Aitzindaritza Goreneko buruzagiak zailtasunetan ezarriak izan ziren. Hobengabetasuna posible iduri zuen. Orduan, Peilleux jeneralak adierazpen zalapartatsua egin zuen, “Dreyfusen kulpabilitatearen baitezpadako froga ikusi” zuela erranez. Egiazki, “Henry faltsua” zen baina nehork, edo kasik, ez zuen egia ezagutzen, eta, 23an, juje biltzarrak, presiopean, Zola kondenatu zuen (dei egin zuen baina bigarren auzia ez zen hobeki iragan eta uztailean Ingalaterrara ihes egiten zuen). Baina, “Henry faltsu” horrek zuen Dreyfusen kontrakoen akusazioa kolpez erorraraziko, uztailean, gerla ministro berriak, Cavaignac-ek, Dreyfusen kulpabilitatea definitiboki frogatzeko, dokumentu horiek leitu zituelarik diputatuen aitzinean. Huts handia egin zuen, Jean Jaurès-ek idatzi zuen bezala, uztailaren 7an, “eztabaida ideki baitzuen” eta, sustut, “froga” berri hori “faltsu traketsena, nabarmenena” baitzen, eta hori laster erakutsia izango zen.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3824. zbk

Gure Hitza | 2026/03/05

Bozkak

Jean-Louis Harignordoquy

Hautetsi izaitea nahitaez engaiamendu bat da. Bilkuretara joaitea, txostenen ikertzeak eta eztabaidatzeak hortarako denbora eskatzen du. Bestalde, diru baliabideak xuhur, herritar batzuk ez-deuskeria batentzat auzapezarenganat zinkurinaka joaiteko usaia, horra hor bi gauza engaiatzeko gogorik emaiten ez dutenak. Horri gehitzen ahal zaio gazte batzuen politikari buruzko interes eskasa, bai eta denbora libre guzia kirolei edo beste ausagailuei eskaintzeko gutizia. Ahantzi gabe, gero eta gehiago jende berentzat baizik ez direla bizi, talde lanaren onurei ohartu gabe. Erakundeetan emazte eta gizonen arteko parekotasuna gauza zuzena eta ederra da, gizon bezainbat emazte engaiatzeko ados izaitekotan. Herri ttiki batzutan nekeak ukan dituzte hautagai zerrenden osatzeko. Aldiz, hiri handietan ez dute arazo handirikukan: Baionan bortz zerrenda izanen dira eta Biarritzen sei. Herriko Etxeak eta Euskal Elkargoa botere guneak dira, bainan ororen buru botere aski mugatuekin. Heien hautu eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016