Orotarik | 2026ko Martxoaren 05a

Kukumarro

Xarles Videgain

Urina eta gantza

Urdea hil ondoan, urina zer den badakigu baina bestalde gantza hitza entzuten da. Erakutsi nahi nuke gantza eta urina ez dela arras gauza bera.

Gantza lehenik. Hori da urdeek larru inguruan duten urin puska bat, eta gizonek ere frangotan adinarekin biltzen dutena. Erdaraz hori “la panne” deitzen da. Ez dut biziki entzuten baina norbait mehe delarik eta erne-ernea erran daiteke: Hunek gantzak aise ekhartzen ditu. Tripa duen norbaitez ez da erranen. Bestaldean norbait kirola egiten ari delarik mehatu nahian, erran daiteke: Ari da gantzak hurtzen.

Bizkaieraz jan aitzin norbaiti erran genezaioke: Gantza sort dakizula! Hots, jaten duzun hura gantz bilaka dadila. Probetxu on adierazteko manera da. Abere edo kabala batez ere berdin, nahi badugu tepalo eta gizen izan dadin epe laburrez.

Ez dut uste pollita den baina emazte bat edo neskatxa bat esperantzetan zelarik beti bazen norbait erranen zuena, hala nola Etxahun batek: Gantza loditu ziok sabel onduan. Bainan lehenik urdearen gantza da komunzki aipatzen dena.

Erran gabe doa erabiltzen ahal dela larruaren gozatzeko. 1620an liburu bat agertu zen Euskal Herrian ibiltzeko gida gisa eta hartan Lapurdiko zerbitzari batek bidaiari bati proposatzen dio: Plazer duzu zure botak urinez ganzu detzadan? Zapetak alabainan gantzaz emokatzen baitira.

Erlisionean ere bada gantzutu hitza. Gantza bezalako olio saindua eman behar zitzaion erregeari edo ohoratu nahi zen jendeari. Dio elizak: Jesus grazia onez gantzutua da. Ungendu gisa baliatzen zen.

Lapurteraz bereziki, norbait bildu nahi baduzu, hitz ederrak ematen dizkiozu, balakatzen eta ferekatzen duzu: Balaku hoiek egiten diote gantza. Iduri luke hitz horien entzutearekin gantza bezala hartzen duela gure lagunak eta hantzen eta hanpatzen dela gozoaren gozoaz.

Horra beraz gantza. Goazen ikustera urina zer den, parte bat bederen.

Urdeaz kanpo gantza izan daiteke arbolak daukan sapa, edo mahatsak duen jusa baina egia erran zentzu hortan ez da anitz entzuten. Aldiz, urdeak daukan gantza aipu da gehienik: urtarazten balin baduzu, urina biltzen duzu: “Sain” gaskoinez eta “saindoux” erdaraz baina Hegoaldean “saina” deitzen da balearen urin bezalako, lehen argia emateko on zena.

Olioa jin aitzin urina zen gehienik baliatzen sukaldean. Urinekoak deitzen ziren untzietan emanak ziren haragi puska hautak, ateratzen zirenak otordu on baten ospatzeko. Lehen urin gatzgabe hura luzaz kontserbatu nahi zelarik gatza hartu behar zuen eta orduan urin gatzatua izaten zen. Agian oker nabil baina haur denboran uste dut ximindiaren mantetsaren gainean beti begiratzen zela urin gatzgabe puska, larruzko minaren sendatzeko edo sugearen ausikiaren kontra.

Bestaldean bereziki, koipea entzuten da, urin erran gabe. Iparraldean ere koiphe, koipe, goipe izena ez da arrotz. Oroitzen naiz nola esplikatu zidan gizon batek Larzabalen koiphe urina zer den. Tripotak egosarazi ondoan, hozten delarik, gainean formatzen da halako estaldura gizen gizena, eta hura koipe-urina da. Arrunta da baina gertatzen zen eskaleei ematea eta hura zuten jaten. Gose denari dena ere on. Egia erran, artzainek ere urin-boska deitzen zutena jaten zuten, urin edo goipea zen taloz edo mesturaz boskaturik. Bestalde, gehienetan, koipe urina jan edo janarazi gabe, baliatzen zuten orgetako errotak eta nasak (zurezkoak) urindatzeko. Frantsesez gure gantzaren deitzeko “panne” hitzaz kanpo, “axonge” erabiltzen da. Latinezko ax-ungia hitzetik heldu da eta latinez axungiak erran nahi du nonbaitetik ere “naxendako baliatzen den urina”. Euskaldunak koipea nasen urindatzeko baliatzen zuen naski baina izena euskara zaharretik heldu da eta kasu honetan ez dio latinari hartu.

Durango aldean hala nola Berrizen, ikusi ditut laborariak edo gazteak oihanera joaiten ihauteri inguruan: mendian su bat pizten dute, eta askaria prestatzen gerren batean xingarra, artekia edo beste, denak koipetsuak, errearazirik. Baso koipetsu deitzen dute edo txitxi-burduntzi. Burduntzi da preseski gerrenaren izena. Mehe egiteko egunak ez direla urrun seinale.

Urin hitzaz erraitekoa luza niro baina uste dut gantz, urin, urin gatzgabe, urin gatzatua, koipe, koipe-urin elkarrekin dabiltzala. Haatik batetik bestera bada epe eta arte. Egun batez aipatu nuen urdaiazpikoa, edo azpia, xingar mota bat dela eta xingarra aldiz ez dela bakarrik urdaiazpikoa. Molde berean gantza urin mota da, urin guziak ez dira gantza.

Email Facebook Twitter LinkedIn

Orotarik | 2026/03/05

Itsas bazterretik

Piarres Larzabal kolegioa

Itsas%20bazterretik

Bigarren pedagogia eguna eta lehen sorospenak hirugarrenendako

Urtarrilaren 5ean, astelehenez, kolegioko ekipak bigarren pedagogia eguna zuen bitartean, UDPS64 elkarteari esker, PSC1 lehen sorospenetako formakuntza eskainia izan zaie hirugarreneko ikasleei.

Goizetik lau talde ttipitan banatuak izan dira, teoria eta praktika ariketak trebatzeko.

Gai desberdinak aipatuak izan zaizkie: biktimaren babesa, urgentziazko telefono zenbakiak, nola segurtatu telefono dei baten informazio guziak, itotzearen egoera, hemorragiarena, PLS postura, bihotz masajea, defebrilatorearen tresnaren erabilpena eta beste!

Ikasleak adi egon dira, biziki informazio hartzaile, biziki baikor eta parte hartzaile! Txalo!

Milesker UDPS64 elkarteko kideei formakuntza horren emateagatik.

...

Irakurri segida

Orotarik | 2026/03/05

Haziak mintzo

Miarritzeko Maria Saindua eskola

Haziak%20mintzo

Ihauteriak hor dira!

Aurten, Miarritzeko Maria Sainduan, ihauteriak ospatu ditugu.

Horien kari, prestatu gira. Gelan, berrikusi ditugu ihauterien inguruko ohiturak Euskal Herrian eta bereziki nor ziren pertsonaia garrantzitsuenak. Izan hartza, kotilungorriak, joaldunak edo Zanpantzar, denek leku berezia badute.

Lan bat egin dugu ere ihauterien sinboloetaz. Maritzuli konpainiaren “Kalapita eta harramantza” esposaketa deskubritu dugu Miarritzeko Herriko Etxean. Horren bidez, musika eta arrabotsaren lehentasuna ulertu dugu ihauterietan.

Eskolan bertan ere, bazen egitekorik. Zanpantzarren auzia animatzeko, euskal dantzak ikasi eta errepikatu ditugu. Auziaren epaile eta abokatak hautatuak izan dira CM2koen mailan. Mozorroak jantzi ditugu eta ihauterien eguna etorri da.

Auzia antzeztua izan da eta gela guzien Zanpantzarren kontrako akusazioak entzun ditugu.

Bukatzeko, gure hobenduna erre dugu kanpoan.

Eguna...

Irakurri segida


3824. zbk

Gure Hitza | 2026/03/05

Bozkak

Jean-Louis Harignordoquy

Hautetsi izaitea nahitaez engaiamendu bat da. Bilkuretara joaitea, txostenen ikertzeak eta eztabaidatzeak hortarako denbora eskatzen du. Bestalde, diru baliabideak xuhur, herritar batzuk ez-deuskeria batentzat auzapezarenganat zinkurinaka joaiteko usaia, horra hor bi gauza engaiatzeko gogorik emaiten ez dutenak. Horri gehitzen ahal zaio gazte batzuen politikari buruzko interes eskasa, bai eta denbora libre guzia kirolei edo beste ausagailuei eskaintzeko gutizia. Ahantzi gabe, gero eta gehiago jende berentzat baizik ez direla bizi, talde lanaren onurei ohartu gabe. Erakundeetan emazte eta gizonen arteko parekotasuna gauza zuzena eta ederra da, gizon bezainbat emazte engaiatzeko ados izaitekotan. Herri ttiki batzutan nekeak ukan dituzte hautagai zerrenden osatzeko. Aldiz, hiri handietan ez dute arazo handirikukan: Baionan bortz zerrenda izanen dira eta Biarritzen sei. Herriko Etxeak eta Euskal Elkargoa botere guneak dira, bainan ororen buru botere aski mugatuekin. Heien hautu eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016