Gure Hitza | 2026ko Irailaren 17a

Lehen urratsak, ilusioz eta arduraz

Irati Esparza Guimon

Lehen aldia dut gaur “Gure hitza” idazten, eta lerro hauek baliatu nahi nituzke nire burua laburki aurkezteko, baina bereziki eskerrak emateko. Irati Esparza Guimon naiz, eta Herria astekariko erredaktore-buru eta kazetari kargua hartu berri dut.

Abentura berri honi ilusio handiz ekiten diot, badakidalako Herria ez dela astekari soil bat: hamarkadaz hamarkada, Ipar Euskal Herriko berriemaile, lekuko eta oroimen izan den hedabidea da, gure herrietako ahotsak bildu eta euskaraz zabaltzen dituena. Horrelako historia duen aldizkari baten segida hartzea ohore handia da niretzat, baina baita ardura handia ere.

Lehen egun hauetan, jadanik, Herria bizirik atxikitzen duten pertsona anitz ezagutzeko parada izan dut. Horregatik, bihotzez eskertu nahi ditut harrera egin didaten lankideak, kolaboratzaileak, berriemaileak eta astero beren ekarpena egiten duten guztiak. Zuen laguntza, aholkuak eta pazientzia ezin preziatuagoak zaizkit lehen urrats hauetan. Eskerrak ere, noski, irakurle leialei: zuen konfiantzak, atxikimenduak eta begirada zorrotzak ematen diote zentzua gure lanari.

Herria beti eraikuntza kolektiboa izan da, eta hala izaten segitzea nahi nuke. Garai garrantzitsu eta erronkatsu batean iristen naiz. Prentsak, euskarak eta tokiko hedabideek zailtasun handiak dituzte, baina inoiz baino beharrezkoagoak dira. Informazioa laster kontsumitzen den garai honetan, ezinbestekoa da hurbileko gertakariei denbora eta lekua eskaintzea, herritarrei hitza ematea eta gure lurraldearen errealitatea bere ñabardura guztiekin kontatzea. Horretan ikusten dut Herriaren indarra: gure herrietako eguneroko bizia, laborantza, kultura, euskara, elkarteak, borrokak, bestak eta jendeen istorioak plazaratzean. Datozen aste, hilabete eta urteetan, espero, zuen berri ematea, zuen kezkak entzutea eta zuen ekimenak ezagutaraztea izanen da nire eginkizuna.

Ikasteko anitz dut oraindik, eta seguru aski hutsak ere eginen ditut; baina jakin-mina, seriotasuna eta lan egiteko gogoa ez zaizkit faltako. Herriaren nortasuna eta ondarea errespetatuz, astekaria gaurko erronketara egokitzen eta etorkizunera begira indartzen lagundu nahi dut. Horretarako, ateak zabalik izanen ditut beti: zuen oharrak, ideiak, kritikak eta proposamenak ongi etorriak izanen dira.

Bide berri hau ez dut bakarrik eginen. Herria osatzen dugun guztien artean eginen dugu, astero-astero, orriz orri eta herriz herri. Ilusioz, apaltasunez eta arduraz heldu diot lan berri honi.

Milesker konfiantzagatik, eta laster arte, Herriaren lerroetan.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3849. zbk

Gure Hitza | 2026/09/17

Lehen urratsak, ilusioz eta arduraz

Irati Esparza Guimon

Lehen aldia dut gaur “Gure hitza” idazten, eta lerro hauek baliatu nahi nituzke nire burua laburki aurkezteko, baina bereziki eskerrak emateko. Irati Esparza Guimon naiz, eta Herria astekariko erredaktore-buru eta kazetari kargua hartu berri dut.

Abentura berri honi ilusio handiz ekiten diot, badakidalako Herria ez dela astekari soil bat: hamarkadaz hamarkada, Ipar Euskal Herriko berriemaile, lekuko eta oroimen izan den hedabidea da, gure herrietako ahotsak bildu eta euskaraz zabaltzen dituena. Horrelako historia duen aldizkari baten segida hartzea ohore handia da niretzat, baina baita ardura handia ere.

Lehen egun hauetan, jadanik, Herria bizirik atxikitzen duten pertsona anitz ezagutzeko parada izan dut. Horregatik, bihotzez eskertu nahi ditut harrera egin didaten lankideak, kolaboratzaileak, berriemaileak eta astero beren ekarpena egiten duten guztiak. Zuen laguntza, aholkuak eta pazientzia ezin preziatuagoak zaizkit lehen urrats...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016