Han eta Hemen | 2026ko Irailaren 17a
Marienia: lurretatik joateko hilabeteko epea eman diete proiektuaren kontrakoei
Baionako auzitegi judizialak Marieneko lurrak husteko agindu die ELB, Lurzaindia eta Ostia kolektiboari. Bertako ardiak eraman eta ekainean eraiki zuten zurezko arditegia kendu beharko dituzte, hilabeteko epean.
Irailaren 1ean eman zuen auzitegiak erabakia, Marieneko lurren jabe den Salagoïty-Colbert jabekidetzak abiatu presako prozeduraren ondotik. Jabeek salatzen zuten elkarte eta sindikatuek lurrak legez kanpo berenganatu zituztela, ardiak ezarriz eta arditegia eraikiz. Auzitegiak jabetza eskubidea hartu du oinarri. Horrez gain, ELBk eta Lurzandiak 3.000 euroko prozedura eta auzi gastuak ordaindu beharko dituzte. Hilabeteko epean erabakia bete ez balute, eguneko 150 euroko isuna ezar liezaiekete, 90 egunez gehienez.
Negoziatzeko aukera
Jabeek 48 oreneko epea eskatua zuten; auzitegiak, aldiz, hilabete bat utzi die okupatzaileei. ELBk eta Lurzandiak ondoko asteetan bilduko direla adierazi dute, zer segida eman aztertzeko. Epea “negoziazioak segitzeko aukera gisa” ikusten dute, eta beren helburua ez dela aldatu diote: “etxebizitza proiektua gelditzea eta Marieneko eremua behin betiko laborantza sail gisa sailkatzea eta erabiltzea”.
Ekainaren 14an, 250 bat lagun bildu ziren zurezko arditegia muntatzeko. Egun batzuk lehenago, hainbat etxaldetatik ekarritako 50 ardi inguru ezarriak zituzten 3,7 hektareako eremuan. Ekintzaren bidez, lurren laborantza balioa agerian eman nahi zuten ELBk, Lurzandiak, Ostiak eta bertze hainbat eragileek.
Marieniako auziak hamabi urte inguru daramatza. Bouygues Immobilierrek eta Office 64k 94 etxebizitza eraiki nahi dituzte bertan: 45 etxebizitza pribatu, 40 sozial eta elkartasunezko lur-errentamenduaren bidezko bertze bederatzi etxe. Proiektuaren sustatzaileek Kanbon etxebizitza sozialen eskaintza handitzeko beharra aipatzen dute; aurkariek, berriz, kalitate handiko laborantza lurrak artifizializatzea salatzen dute, eta jadanik urbanizatuak diren eremuetan eraikitzeko alternatibak badirela diote.
Irailaren 1eko erabakiak lurren okupazioa du bakarrik hizpide, eta ez du higiezin proiektuaren funtsa trenkatu. ELBk eta Lurzandiak hilabeteko epea baliatu nahi dute elkarrizketak segitzeko. Marieneko lurren geroa, beraz, ez da oraindik behin betiko erabakia.






