Orotarik | 2026ko Irailaren 17a

Kukumarro

Xarles Videgain

Askaria


Leku batetik bestera kanbiatzen dira janaria hartzeko otorduak, goizean, eguerdi inguruan, arratsalde erdian eta iluntzean. Gero eta berantago hartuak izaten dira, nik uste. Konparazione aspaldi handian ez zen arraro afaria bostetan edo seietan hartzea, orain aldiz zortzietan edo hamarretan. Bestalde, lan dorpea egiten zutenek frankotan janari bat gehiago bazuten. Eta arratsaldekoa martxotik agorrila arte hartzen zen eta ez neguan laborarien artean bederen.

Horiek hola, duela berrogoi urte horra zoin ziren horien izenak Euskal Herrian, hala nola Ezterenzubiko lagun baten hitzetan: Askari zortzitan, bazkaiten eguerditan, laupost orenetan atsaldeko askaria eta gio iluntzian apaiten. Askaria, bazkaria, atsaskaria, aparia. Aldiz bizkaieraz Otxandion: Goxien barausi in bosu urrengua armosue da, armosuen atzetik baskari bitxartien, amarretakue, gero merienda eta aparia. Barausia, armosua, amarraretakoa, baskaria, merienda, aparia. Hitz horiek ez dira anitz aldatu. Hegoaldean zerhani gisaz bazkaria eta afaria berantago hartzen dira Iparraldean baino: ostatuan bazkalzeko hiru orenetan agertzen den bazkaltiarrik badago noiznahi.

Goizeko otordua baizik ez dugu aipatuko. Lehenik, Iparralde osoan kasik, salbu muga inguruko Lapurdiko herri batzuetan askaria da goizeko otordua. Ez dakit nondik jiten den askari hitza. Michelenak dio ats izena badela, hots hastapena eta gero -ri beste otordu gehienen izenaren azken partean badagoela. Iparraldean askaria goizekoa baldin bada, arratsalde erdian egiten dena arratsaldeko askaria edo atsaskaria da. Ez da harritu behar askari hitza bi aldiz agertzea goizaldean nola arratsaldean. Lehen, espainol zaharrak ‘merendar’ hitza erabiltzen zuen goizekoaren nola arratsaldekoaren deitzeko. Eta frantsesez ‘déjeuner’ ere bi otordutan erraiten da, ‘petit déjeuner’ eta ‘déjeuner’.

Askaria Iparraldean utzirik, Nafarroan eta Gipuzkoan salbu bizkaieraz mintzo den Gipuzkoan, beste izen bat baliatzen da; gosaria, gosaia, gosari-legea. Iduri luke gose-tik heldu dela, gose garelakoan goizean iratzartu ondoan. Ondoko bi mintzairetan ‘déjeuner’ eta ‘desayunar’, ‘jeûne’ eta ‘ayuno’ ageri da, ‘barur’ egotea: goizeko gosariak barura hausten duelako. Eta preseski Bizkaian, hala nola Arrazolan, Otxandion, Getxon edo Leintz Gatzagan barausi diote, hots ‘barur hautsi’, agian erdara kopiatuz.

Hirugarrenekorik, bizkaierak komunzki beste izen bat darabila: armosu. Espainolezko ‘almuerzo’-tik’ heldu da. Eta gazteleraz anitzetan gertatzen den bezala al-batez hasten den hitza arabieratik jiten da (‘alkate’, ‘algebra’, ‘atorra’). Baina ondotikako ‘muerzo’, ‘morsus’ hori latinetik heldu da, eta ‘ausikia’ erran nahi du: ‘morsus’ eta ‘mordre’. Egia erran ‘morsus’ horrek historio luzea du eta erranahia kanbiatu du denboraren poderioz. Lehenik araiz, hortzez eta haginez egin ausikia zen. Gero hortzez moztu edo urratu den puska bera izan da morsus deitua, ‘zatia’ erran nahi zuen. Gure mintzairari ez zaio hori guziz arrunt izan ezen morsus hartaz euskarak egin du moxi, muxi eta puxi bat, hots zati eta puxka bat. Erranahia urrunago joan da eta janari puska bat erran nahi izan du. Eta bistan da janari puska horren jatean beraz barura hausten du eta hortan gelditu da bizkaierazko armosu hitza.

Nafarroan ere almortzu eta ardamortzu entzuten da eta ez dezaket erran zergatik ote arabierak hedapen gehiago baduen probintzi batzuetan besteetan baino. Eta zergatik ez duen euskararen eremu osoa hartu.

Ez ditut hemen aipatzen askaltzeaz gain jendeek hartzen duten gauza arina, bereziki bestaldean amarretakoa edo hameketakoa hartzen dutena edo zutena. Xingar eta arraultze ere bada. Egia erran hamar orenetan jaten duenak ez du eguerdi inguruan bazkaltzen, frangotan gorago errana bezala Nafarroan hiru orenetan egiten da bazkaria Iparraldeko zonbaiten harriduraz.

Bakoitzak bere maneran, askariak, gosariak, almortzuak iduri luke hatsarrea, hastapena, hasiera adierazten duela. Zerbait hasten dena, hala nola egun-hastea, inkoatiboa deitu behar dela diote gramatikan dabiltzanek. Jakin gabetarik, egun oro kafesnea edo xingar arraultzea hartuz inkoatiboa da beraz indarrean ematen duguna. Bada hatsarre goibelagorik. On dagizula!

Email Facebook Twitter LinkedIn

Orotarik | 2026/09/17

Euskararen garaia da!

Euskal Konfederazioa

Manifestua izenpetzen ahal duzue QR-Kodea bidez.
Manifestua%20izenpetzen%20ahal%20duzue%20QR-Kodea%20bidez.

Larrialdi egoeran da euskara, baina hizkuntza bizia da. Mendeetan zehar jasan dituen erasoen gainetik iraun du; eta XXI. mendera jauzi egin du. Hiztun komunitate indartsu batek babestu duelako, gure bidez bizi da euskara.

Irakurri segida

Orotarik | 2026/09/17

Haziak Idazle

Leira Alfaro, Donostei kolegioa, Baigorri 4. zikloko irabazlea - bakarka

Haziak%20Idazle

Euskal Haziak elkarteak urtero idazketa txapelketa antolatzen du, aurten 11. edizioa da. Aurten 69 testu errezibitu dira, 200 ikasle inguruk parte harturik. Udan zehar, testu irabazleak Herrian agertuko dira.

Irakurri segida

Orotarik | 2026/09/17

Amaia Riouspeyrous Kabi goxo bat disko berriarekin itzuli da

Amaia%20Riouspeyrous%20Kabi%20goxo%20bat%20disko%20berriarekin%20itzuli%20da

Hamahiru urteko etenaldiaren ondotik, Amaia Riouspeyrousen ahots indartsua berriz lehen lerrora itzuli da Kabi goxo bat diskoarekin. Emozioz beteriko kantuak bildu ditu lan berrian. Diskoa 2026ko irailaren 11n plazaratu da. Lan berria zuzenean aurkezteko lehen kontzertua irailaren 26an eskainiko du, Izpuran (20:30, Faustin gela).

Gazte-gaztetik hasi zen kantuan Riouspeyrous. Bederatzi urterekin Kantu Txapelketan parte hartu eta irabazi zuen. 2008an, berriz, France Bleu irratiak artista berrientzat antolatutako “Tremplin” lehiaketa irabazi zuen, Baionako Luna Negra kabaretean. Garaipen horri esker, lehen diskoa grabatzeko parada ukan zuen.

Har ezazu izeneko lehen lana 2009an plazaratu zuen. Diskoak arrakasta polita bildu zuen, eta kantariak hainbat kontzertu eskaini zituen Euskal Herrian gaindi. Lau urte berantago, 2013an, Milaka bigarren diskoa kaleratu zuen.

Geroztik, Riouspeyrousen ahotsa gutiago entzun bada ere, kantaria ez da musikatik urrundu. Bertze...

Irakurri segida


3849. zbk

Gure Hitza | 2026/09/17

Lehen urratsak, ilusioz eta arduraz

Irati Esparza Guimon

Lehen aldia dut gaur “Gure hitza” idazten, eta lerro hauek baliatu nahi nituzke nire burua laburki aurkezteko, baina bereziki eskerrak emateko. Irati Esparza Guimon naiz, eta Herria astekariko erredaktore-buru eta kazetari kargua hartu berri dut.

Abentura berri honi ilusio handiz ekiten diot, badakidalako Herria ez dela astekari soil bat: hamarkadaz hamarkada, Ipar Euskal Herriko berriemaile, lekuko eta oroimen izan den hedabidea da, gure herrietako ahotsak bildu eta euskaraz zabaltzen dituena. Horrelako historia duen aldizkari baten segida hartzea ohore handia da niretzat, baina baita ardura handia ere.

Lehen egun hauetan, jadanik, Herria bizirik atxikitzen duten pertsona anitz ezagutzeko parada izan dut. Horregatik, bihotzez eskertu nahi ditut harrera egin didaten lankideak, kolaboratzaileak, berriemaileak eta astero beren ekarpena egiten duten guztiak. Zuen laguntza, aholkuak eta pazientzia ezin preziatuagoak zaizkit lehen urrats...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016