Ba ote dakixu? | 2026ko Irailaren 17a

Lehen eusko jaurlaritza (3⁄4)

Gilen Bacho

Jose Antonio Agirre, Lekuben, 1933an
Jose%20Antonio%20Agirre_%20Lekuben_%201933an

Fronte Popularraren garaipenaren ondotik, solasaldiak eta negoziaketak berriz ideki ziren Espainiako gobernuaren eta jeltzaleen artean euskal estatutuari buruz. Parlamentuan, solasaldiak sustut bi gizonen artean eramanak izan ziren. Indalecio Prieto sozialista, alde batetik, eta Jose Antonio Agirre jeltzalea, beste aldetik.

Sozialisten eta jeltzaleen arteko akordioa

Eztabaida horretan, Prietok kargu erabakigarri bat okupatzen zuen, Parlamentuko Estatutuen komisioko presidentea baitzen. Prieto eta Agirre ados jarri ziren, Arabari buruz ere, eta Prietok, komisioko presidente gisa, euskal estatutu-proiektu bat, artikulu guti zituena, proposatu zuen. Proiektua 1936ko uztailean eztabaidatua izan behar zen Cortes-etan baina, dakigun bezala, 18an, Espainiako armadako goi-ofizier zenbaitek estatu kolpe bat eraman zuten Errepublikako gobernuaren kontra. Goi-ofizier horiek ez zituzten haien helburuak kausitu, Errepublikako gobernua ez baitzen erori eta lurralde eta hiri inportantenak kontrolatzen baitzituen (partikulazki Madril, Bartzelona eta Valentzia), baina militar jazarraldiak gerla zibila piztu zuen. Halere, Errepublikano instituzioek funtzionatzen jarraitu zuten, eta Parlamentuak ere, Madril Errepublikanoen eskuetan egon baitzen. Euskal estatutu-proiektuaren geroa jeltzaleek hartutako erabakiaren mende zegoen, haien hautua ez baitzen bistakoa.

Errepublikaren hautua

Alderdi katoliko eta kontserbadorea izanez, anitzek nazionalisten aldea (haien borroka “gurutzada” bezala presentatu zutenek) hautatuko zutela pentsatu zuten baina ez zen horrela iragan. Alderantziz, jeltzaleek Errepublikari leial izatea hautatu zuen, hierarkia katolikoaren haserre bizirako. Gasteizko eta Iruñeko apezpikuek, agorrilaren 6an, jeltzaleen sostengua Errepublikari kondenatu zuten, zilegi ez den (non licet) aliantza zela erranez. Baina jeltzaleen hautuak ez zuen nazionalisten aitzinatzea gelditu, Mola jeneralaren tropak Arabaren eta Nafarroaren kontrola berehala (uztailaren 19an) hartu baitzuten. Gipuzkoan zailago izan zen, errepublikano gudariak heroikoki borrokatu baitziren baina, azkenean, irailaren lehen egunetan, nazionalistek Irun, Donostia eta probintzia kasik osoaren kontrola hartu zuten. Errepublikanoek, jeltzaleak eta euskal abertzale guziak barne, Bizkaia kontrolatzen zuten, eta ere Eibar eta bere inguruak. Arazo handia zen hornidura-bide guziak moztuak zitzaizkiela. Nazionalistek euskal errepublikano indarrak inguratzen zituzten. Baina, irailetik goiti, frontea izoztu zen hilabete zenbaitez. Errepublikaren aldeko indarrak berriz antolatu ahal izan ziren eta sustut haien bateratzea azkartu behar zuten nazionalistei buru egiteko. Egoera horretan, Fronte Popularreko alderdien eta jeltzaleen arteko aliantza indartu behar zen. Irailean, Gipuzkoaren galtzearen ondotik, jeltzaleek Espainiako gobernuan sartzea onartu zuten, euskal estatutua berehala onartua eta promulgatua bazen. Horrela iragan zen. Irailean, Manuel de Irujo jeltzalea Largo Caballero sozialistaren gobernuan sartu zen eta, 1936ko urriaren 1ean, Parlamentuak euskal estatutuaren alde bozkatu zuen. Lehen eusko jaurlaritza sortu ahal izan zen.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3849. zbk

Gure Hitza | 2026/09/17

Lehen urratsak, ilusioz eta arduraz

Irati Esparza Guimon

Lehen aldia dut gaur “Gure hitza” idazten, eta lerro hauek baliatu nahi nituzke nire burua laburki aurkezteko, baina bereziki eskerrak emateko. Irati Esparza Guimon naiz, eta Herria astekariko erredaktore-buru eta kazetari kargua hartu berri dut.

Abentura berri honi ilusio handiz ekiten diot, badakidalako Herria ez dela astekari soil bat: hamarkadaz hamarkada, Ipar Euskal Herriko berriemaile, lekuko eta oroimen izan den hedabidea da, gure herrietako ahotsak bildu eta euskaraz zabaltzen dituena. Horrelako historia duen aldizkari baten segida hartzea ohore handia da niretzat, baina baita ardura handia ere.

Lehen egun hauetan, jadanik, Herria bizirik atxikitzen duten pertsona anitz ezagutzeko parada izan dut. Horregatik, bihotzez eskertu nahi ditut harrera egin didaten lankideak, kolaboratzaileak, berriemaileak eta astero beren ekarpena egiten duten guztiak. Zuen laguntza, aholkuak eta pazientzia ezin preziatuagoak zaizkit lehen urrats...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016