Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Irailaren 17a
Kapito Harriren 100 urteak: plazako oroitarria, AEKren prentsa ageria, Latsan kantuz eta Ondarearen egunak
B.S.
Kapito Harriren 100 urteak: plazako oroitarria
Joan den larunbatean iragan da beraz mendemuga horren ospakizuna Bilgunen. Jean Mixel Barnetche erretorearen ongi etorriarekin hasirik, Alain Toffolo lehendakariak kontatu du elkartearen 100 urte horien bizia eta heriotzak. Benedizione otoitza gero kudeatu du erretoreak, irakurgai, mintzaldi bertsu eta kantuekin. Populu guzia bildu da ondotik pilota plazara, kanpoan zireneri juntatuz. Piero Rouget auzapezaren mintzaldiaren ondotik, Eneko Pelletrat-en omenez ezarria izana den oroitarria agertua izan da, aurreskua eman eta, Izartxo taldeko dantza batzuek segitu dute ospakizuna bururatzeko. Zintzur bustitzeak segitu du Josteta gizon koroa animatzaile, bazkariak ere Patxa Mamak alaiturik, mahainetarik kantuak zoazela airoski. Aupa Kapito!
AEKren prentsa ageria
Uztaritzeko Gau Eskolak, 1983az geroztik euskara kurtsoak emaiten ditu. Herritarrentzat eta auzo herrietako biztanleei eskainia zaie. Aurten berriz hastera baitoa leloa dauka: “Euskara goxoki ikasi eta bizi”. Hori da azkenean AEKren helburua: Euskal Herriko biztanle guziak euskaraz bizitzea lagunartean, familian, lanean, aisialdietan... Aurten urriaren 5etik ekaina bukaera arte helduentzat kurtsoak segurtatuko ditu maila guzietan. Informazioak hartzeko eta izenak emaiteko permanentziak antolatzen ditu Uztaritzeko Gau Eskolan (Lagunen Etxea, Bilgune plaza) irailaren 14tik 17ra (9:00-12:30 / 16:00-19:30) eta irailaren 18an (16:00-19:30). Ikasleek elkartean parte direnez 40 euroko kide karta ordaindu behar dute. Ikasturtean 160/192 ordu kurtso direlarik 400 edo 350 euro gostatzen da; aldiz 96 ordu direlarik 300 edo 260 eurotan mugatzen da. Gau Eskolak Mintzalagun egitasmoa segurtatzen du. Pasa den ikasturtean 4 talde baziren, 30 bat parte hartzailerekin. Aurten dinamika hori martxan emaiten du gehiago parte-hartzaile izanen direlako asmotan. Mintza taldeetan parte-hartzea urririk da. Urtean zehar animazio batzuk proposatzen ditu ikasleek elgar ezagutzeko (joko gaualdiak, ateraldiak, afariak eta abar...). Gau Eskolaren kontaktuak hauek dira: 05-59-70-30-74 eta uztaritze@aek.eus Lagunen Etxea, Bilgune plazan.
Latsan kantuz
“Latsan kantuz” taldeak jakinarazten du berriz abiatzen dituela euskal kantu ikaste eta errepikapenak Latsa elkartean (20:15-21:30). Lehen errepikapena eginen da irailaren 16an eta gero bi astetarik behin asteazkenetan. Pierra Etchecoparek gidatuko ditu ekintza horiek. Gastuentzat, parte-hartzaile bakotxari 15 euroko urtesaria galdatua da. Argitasun gehiagorentzat deitu daiteke zenbaki hau: 06- 07-44-42-21.
Ondarearen egunak
Asteburu huntan ditugu ondarearen egunak Herri Soinu elkarteak antolaturik. Egitarauan hauxe badago: ortzirale huntan Lapurdi gelan (19:00) Marie Christine Amestoyen mintzaldia Kapito Harri elkartearen biziaz; igandean 20a bi aukera izanen dira Haitze jauregia bisitatzeko (10:30 eta 11:30), Carlos De Laborde Noguez jaunak animaturik. Bestalde larunbat eta igandean Haltya jauregian bisita daiteke automobil eta ziklomotor xaharren erakusketa (10:00-19:00), hau Haltya Ondarea elkarteak antolatua. Ekitaldiak urririk dira.





