Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Irailaren 17a
Heriotze, Bi sortze, Ezkontza, Gimnastika edo soinketa saioak, Besten ondotik besta komitea bildu, Panpa belarraren aurkako ekintza eta Antzuola eguna
JM.B
Heriotze
Hergaitz Uhaldeko Mayalen Mougica zendu da 81 urtetan. Uhaldean sortua, Gerezietatik jina Panpale zenarekin ezkondu zen. Zonbait urtez zapatagintzan Hazparnen lanegin ondoan, laborantxan plantatu zen, xerriekin eta behi esnadurekin lan anitz eginez, kanpoan lan egiten zuen senarrak eskukaldi handia ekartzen ziolarik, lanera joan aitzin behiak jeitziz. Azken urteetan, alabaren etxean bizi izan da, familiak ongi inguraturik, maitaturik eta artaturik. Azken denboretan lotu zaion eritasun maltzur batek uste baino fiteago bizia laburtu dio.
Hergaitze auzo aldeko aihertarrak parropiaz Lekuineri lotuak izanez, Lekuineko elizan iragan dira Mayalen zenaren ehorzketak, joan den ibiakoitz arratsaldean. Dolumin bizienak uzten dituen Dominixe, Babeth, Jean-Louis eta Gaby lau seme-alaberi, hauen familiakoeri, arreba eta koinateri eta ahaidegoari.
Bi sortze
Bi sortze ukan ditugu azken egun hauetan gure herrian. Lehena, Oihan Heguy sortu zen joan den agorrilaren 26an, Mathilde Ducasse eta Vincent Heguy andere-jaunen familian, Etxettipian, Xelaiako bidean kokatu etxean. Holako berriak plazer egin dio, nolaz ez 5 urtedituen Anna arrebari!
Bigarrena, Hegoa Idiart Cambon, hau joan den buruilaren 2an Bixente Idiart eta Marie Cambon-en familian, Ferminenean, Bildarritzeko auzo aldean. Goresmenak aitameri eta agiantza zoriontsuenak sortu berrieri.
Ezkontza
Egoera zibilarekin bururatzeko, heriotze eta sortzeen ondotik, ezkontza bat. Joan den ibiakoitzean Herriko Etxean ezkondu dira, Gainarteako apartamendu batean bizi diren Marie Thérèse Dos Santos eta Carmelo Favone Mita andere-jaunak. Goresmenak bikote gazteari!
Gimnastika edo soinketa saioak
Uda eta oporren garaia bururaturik, horra berriz mugitzearen beharra. Azken urteetako gimnastika edo soinketa saioak berriz proposatuak dira gizon ala emazteeri, aste guziz Denen Etxeko gelan, asteazkenetan (17:25-18:25 eta 18:30-19:30), Nathalie Chamay animatzailearekin (Airosak elkartea) eta (19:00-20:00) Xexili Etxart izturiztar animatzailearekin. Interesatuak direnak, orain beretik jin daitezela Denen Etxeko gelara, entsegu batzuen egitera.
Besten ondotik besta komitea bildu
Berrikitan duela bizpahiru aste gure herriko besta komitea bildu zen herriko besten eta aurten antolatu ekitaldien ondoko bilana egiteko. Orain arte antolatu gertakari nagusienak dira “Freedom for Aiherra” (primaderako ekitaldia), herriko bestak eta Abarrando ibilaldi-kantaldia Abarratia mendi kaskoan (Arberuako ostiralak programaren kari). Ondoko hitzordua eta antolatu beharreko ekitaldia Omiasaindu inguruan izanen da, “Mozorro gaua”. Joan den urtean komiteen arteko lehiaketan lehen saria Heletan eramanik, aurtengoaren antolatzeaz behartuak dira.
Biltzar nagusitik landa gure gazteak Hardoia gunean (lehengo harrobia) iragan zuten arratsaldea, beren artean jostatuz eta memento goxoak partekatuz, hots giro onean. Luzaz hala izan bedi!
Panpa belarraren aurkako ekintza
Uztailaren 26ko lehen batean programatua izan zen ekintza ezeztatua izan zen. Hunen helburua zen landare hauen haziak biltzea hunen garapena gibelarazteko gisan. Baina idortearengatik, panpa landareak ez zauden lilitan, ondorioz hazirik gabe ziren. Orain hazien biltzeko manera baita, Herriko Etxeak eta Aiherra Bizirik elkarteak berriz gomitatzen gaituzte ekintzan parte hartzera. Hau buruilaren 20an iraganen da, igande goizarekin herriko plazan (9:30).
Ederrak edo bereziak iduri duten landare hauek, bide bazterretan, hesietan, edo berdin zoko batzuetan eta baratzeetan ikus daitezke, axeri buztan xuriak iduri. Panpa belarra ofizialki deitzen bada landare hau, gure eskualdean batzuek axeri buztana deitzen dute. Herriko Etxeak eta Aiherra Bizirik elkarteak diote lehen saltokietan eros zitezkeen landare hauek orain suntsitzekoak direla, osagarriarentzat eta bereziki haurren osagarriarentzat kaltegarriak direla frogatua baita, duten polenak hatsa hartzeko arazoak sor ditzake. Landare hunek dituen hosto xorrotxek zauriak edo pikoak sor ditzakete ere. Gaur egun, panpa belarraren landatzea edo ereitea, arrunt debekatua da, eta etxean ukaitea ere zigortua.
Buruilaren 20ko ekintzarentzat jantzi egokiak ekartzea kontseilatua da, eskularruak eta landareen mozteko aizturrak. Ondotik bakoitzak ekarri janaria denen artean partekatzea proposatua da. Ongi etorri deneri!
Antzuola eguna, urriaren 24an
Beltzuntze elkarteak eta Herriko Etxeak jakinarazten dute Aiherra-Antzuola elkartze eguna aurten Antzuolan iraganen dela, heldu den urriaren 24an, larunbatarekin. Aurten 42 urte egiten du bi herri hauek parekatuak direla. Programaren eta ordutegi zehatzaren berri ondoko egunetan emanen dauzuegu, baina anartean jakin ezazue bazkariarentzat eta autobusarentzat izenak aitzinetik eman behar direla Herriko Etxea deituz 05-59-29-64-02 edo mairie@ayherre.fr. Eguna oraindanik zuen agendetan atxik ezazue.
.j164840.jpg)




