Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2026ko Irailaren 17a

Aritz IBARRA Amikuzeko mediatekan, Ate idekitzea Amenduzeko eiheran, Emaitza eredugarria Domintxinen eta Beste hitzordu zenbait

Amenduzeko eihera
Amenduzeko%20eihera

Aritz IBARRA Amikuzeko mediatekan ibiakoitz huntan

Zabalik elkarteak gomitaturik, Aritz Ibarra berriz heldu zauku Amikuzera berak gaztean irakurri nahiko zukeen liburua eginik. Deiadarra liburu ilustratuan xeheki aurkezten dauzkigu erromatarren denboratik 17. mendea artino, gure herriak bizi izan dituen historiako gora-beherak. Buruilaren 19an, ibiakoitzez, Donapaleuko mediatekan izanen da, liburuaren aurkezpena egiteko eta gure galdeeri erantzuteko (10:00).

Ate idekitzea Amenduzeko eiheran igande huntan

Heldu den den igandean, irailaren 20an, Jean-Claude Mailharinek gomita zabaltzen du Amenduzeko eiheran antolatzen duen ate idekitzera. Arto eta ogi irina nola egiten den erakutsiko dauku (10:00). Ogi labea pizturik izanen da egun guzian. Jateko eta edateko posibilitatea izanen da bainan nahi duenak bere bazkaria ekartzen ahal du. Bistan dena, kantuz hartzeko parada izanen da. Joan goxoan, ongi etorri beroena egina izanen zauzie.

Emaitza eredugarria Domintxinen

Domintxinen, Christiane Etchalus, Alfonso Etxegaray bere senarrak, eta Jean Pierre Etchalus bere anaiak emaitza bat egin dute Lurzaindiari (9 hektarea lur) eta COL egiturari (etxe bat). Segidarik ez ukanez, beren ondarearen parte baten transmititzea molde hortan, konbikzioz egiten dute lurrak laborantzan iraunarazteko eta etxea berrituz, bizitegiak eskaintzeko. Huna Lurzaindiak zer dion bere sarean: “Lurzaindia hurbildua izan zen ondare

guziaren bereganatzeko. Baina etxebizitzaren zaharberritzea bere jarduera eremuetarik kanpo gelditzen zen. Testuinguru hontan, Lurzaindia naturalki COL egiturari buruz itzuli da. Badu jadanik zonbait urte gogoetak bidean direla laborantza aktibitatearen mantentzeko helburuari jarraikiz, etxebizitzari ere aterabidea atxemaiteko”. Etxaldean, baratzezaintza biologikoan ari den laborariarendako segitzeko aukera izanen du orain arte erabiltzen dituen 3 hektaretan. Inguruko lurretan ari den emazte batek bere interesa erakutsi du hor plantatzeko. COL arduratuko da zahartua den etxearen arraberritzeko. Behin obrak bukatuta, sei bizitoki sozial sortzea aurreikusten du. Diru laguntzak xerkatuko dira eraikuntza proiektu horren obratzeko.

Beste hitzordu zenbait

Iraila huntan, beste hitzordu batzu proposatuak dira Amikuzen hala nola:

  • Euskararen aldeko bilkura publikoa Donapaleun irailaren 23an (19:00tan) herriko etxean (gela berdean) Euskal Konfederazioak antolaturik, Baionan azaroaren 21ean eginen den manifa preparatzeko;
  • Nafarroako Margaritaren “Heptameron 6” irakurketa publikoa. Donapaleun irailaren 26an egun guzian; Nafar Ateneoak, sei urte huntan 7 liburukiz osatua den obraren itzulpena burutzen ari du. Euskal Herri guzitik irakurleak hurbilduko dira eta Margaritaren testuak gozatzeko parada emana da. Hitzordua Donapaleuko Merkatu estalian. Egun hori, Zabaliken partaidetzarekin antolatua da.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3849. zbk

Gure Hitza | 2026/09/17

Lehen urratsak, ilusioz eta arduraz

Irati Esparza Guimon

Lehen aldia dut gaur “Gure hitza” idazten, eta lerro hauek baliatu nahi nituzke nire burua laburki aurkezteko, baina bereziki eskerrak emateko. Irati Esparza Guimon naiz, eta Herria astekariko erredaktore-buru eta kazetari kargua hartu berri dut.

Abentura berri honi ilusio handiz ekiten diot, badakidalako Herria ez dela astekari soil bat: hamarkadaz hamarkada, Ipar Euskal Herriko berriemaile, lekuko eta oroimen izan den hedabidea da, gure herrietako ahotsak bildu eta euskaraz zabaltzen dituena. Horrelako historia duen aldizkari baten segida hartzea ohore handia da niretzat, baina baita ardura handia ere.

Lehen egun hauetan, jadanik, Herria bizirik atxikitzen duten pertsona anitz ezagutzeko parada izan dut. Horregatik, bihotzez eskertu nahi ditut harrera egin didaten lankideak, kolaboratzaileak, berriemaileak eta astero beren ekarpena egiten duten guztiak. Zuen laguntza, aholkuak eta pazientzia ezin preziatuagoak zaizkit lehen urrats...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016