Herriz Herri - Hendaia (L) | 2026ko Irailaren 17a

Kirola eta euskal kultura Hendaia Swimrunen eta Hendaiako ondarea deskubritzeko bi egun

Kirolariek itsasotik lehorrera behin baino gehiagotan pasatu beharko dute. (Uhain Gainean)
Kirolariek%20itsasotik%20lehorrera%20behin%20baino%20gehiagotan%20pasatu%20beharko%20dute.%20(Uhain%20Gainean)

Kirola eta euskal kultura Hendaia Swimrunen

Uhain Gainean elkarteak antolaturik, Hendaia Swimrun kirol hitzorduaren bigarren edizioa irailaren 19an iraganen da. Binaka egiten den probak igeriketa eta oinezko lasterketa zatiak tartekatuko ditu, Hendaiako hondartzaren, itsasbazterraren eta Txingudiko badiaren inguruan. Bi ibilbide proposatuko dituzte, parte-hartzaileen mailaren arabera:

  • Uhain (11,1km): 1,8 kilometro igeri eta 9,3 kilometro korrika
  • Gainean (20,5km): 3 kilometro igeri eta 17,5 kilometro korrika

Antolatzaileek, halere, lasterketa soila baino zabalagoa izanen den eguna prestatu dute. Gaztelu aretoen inguruan tokiko sortzaile eta artisauen merkatua izanen da, bertako egitasmoak ezagutarazteko. Euskal kantuek eta mutxikoek ere beren tokia izanen dute, kirol hitzordua euskal kultura eta besta giroarekin uztartzeko. Janari-kamioiak eta bertze animazio batzuk ere izanen dira egun osoan.

Uhain Gainean elkartearen xedea kirola, natura eta herriko bizitza elkartzea da, parte-hartzaileez gain publiko zabala erakarriz. Lehen edizioak 200 parte-hartzaile inguru bildu zituen. Aurtengo lasterketak Hendaiako ingurune naturala beste molde batez ezagutzeko aukera eskainiko du, itsasoaren eta mendiaren arteko lotura erdigunean ezarriz. Informazio guzia eta izen ematea https://hendaiaswimrun.fr/ weborrian.

Hendaiako ondarea deskubritzeko bi egun

Ondarearen Europar Egunen karietara, bisita eta animazio ugari antolatu dituzte Hendaian irailaren 19an eta 20an. Abbadia jauregi-behatokia eta Oroitzapenen Hiria bisitatzen ahalko dira, aitzinetik izena emanez. Gaztelu Zaharreko aztarnetan ere ibilaldi gidatuak proposatuko dituzte, gotorlekuaren eraikuntza, bere kokapen geopolitikoa eta bertan egon zen soldadu-taldearen historia azaltzeko.

Faisaien Uharteak Europako historian izan duen garrantzia ere oroitaraziko dute Agora-Txingudi eta Denentzat elkarteek. Uhartearen historia aurkeztu, 1660ko itxura erakusten duten maketak ikusgai ezarri eta Luis XIV.a, d’Artagnan, errege-gortea eta Hendaia aipagai dituen mintzaldia eskainiko dute. Haurrentzat egokitutako bi saio ere izanen dira larunbatean.

Igandean, berriz, Pierre Lotiren urratsei jarraitzeko ibilaldia antolatu du Hendaiako eta Euskal Herriko Pierre Lotiren Lagunak elkarteak. Bi oreneko ibilbideak idazleak Hendaian egin zuen egonaldi luzeari lotutako bost leku zeharkatuko ditu, etapa bakoitzean irakurketak eta animazioak eskainiz. Eguna Gaztelu Zahar abesbatzaren kontzertuarekin osatuko dute.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3849. zbk

Gure Hitza | 2026/09/17

Lehen urratsak, ilusioz eta arduraz

Irati Esparza Guimon

Lehen aldia dut gaur “Gure hitza” idazten, eta lerro hauek baliatu nahi nituzke nire burua laburki aurkezteko, baina bereziki eskerrak emateko. Irati Esparza Guimon naiz, eta Herria astekariko erredaktore-buru eta kazetari kargua hartu berri dut.

Abentura berri honi ilusio handiz ekiten diot, badakidalako Herria ez dela astekari soil bat: hamarkadaz hamarkada, Ipar Euskal Herriko berriemaile, lekuko eta oroimen izan den hedabidea da, gure herrietako ahotsak bildu eta euskaraz zabaltzen dituena. Horrelako historia duen aldizkari baten segida hartzea ohore handia da niretzat, baina baita ardura handia ere.

Lehen egun hauetan, jadanik, Herria bizirik atxikitzen duten pertsona anitz ezagutzeko parada izan dut. Horregatik, bihotzez eskertu nahi ditut harrera egin didaten lankideak, kolaboratzaileak, berriemaileak eta astero beren ekarpena egiten duten guztiak. Zuen laguntza, aholkuak eta pazientzia ezin preziatuagoak zaizkit lehen urrats...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016