Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Irailaren 17a
Haur Joko Eguna, Amotzeko kaperan musika, Senpereko Jauregiaren bisita, Pilota Museoko ateak zabalik, Plazako Errotaren bisita, Mutxikoak, “Sartzea Beltzean” Mediatekan, Urdazuri ibaiaren garbiketa eta Bilkura publikoa Sanoki ostatuan
Haur Joko Eguna
Eskolako sartzea bezain laster, irailaren lehen asteazkenean, kirol zelaiak aurkitu du haur parrasta polita, eguzkia lagun. Jarduera asko proposatuak ziren, hauetan zonbait iniziazioa Spuc-eko kide batzuekin, adibidez bizikleta, errugbia, zangobaloia. Bertzeak bertze, suhiltzaileek erakutsi dituzte lehen sokorri-jestuak, haur eta helduen artean jostatzeko egurrezko jokoek izan dute arrakasta baita gaztelu puzgarri bat haurren atseginerako.
Amotzeko kaperan musika
Ravel Festibalaren baitan antolatua den Off festibalaren 2. edizioak geldialdi bat eginen duSenperen irailaren 18an (19:00), Ondarearen Europako Egunen karietara. Zonbait solista gazte, Ravel Akademiatik ateratzen direnak ohoratuak izanen dira, jakinez sei kontzertu aurkeztuak direla Euskal Herri barnealdean, toki desberdinetan. Oren batez musika eta kantu ederrez gozatzeko parada, kittorik.
Senpereko Jauregiaren bisita
Senpereko Kultur eta Ondare elkarteak, antolatzen du larunbatean, irailaren 19a (10:00-18:00) animazio berezia jauregiaren deskubritzeko gisan. 1609ko plazatik abiatuko da, jauregiaren bisita komentatua, argazki erakusketa Jauregiaren historiaren inguruan. Aipagaietan bereziki azpimarratua izanen da gazteluaren egoera arriskutsua baita “Jauregi eta Jaurgoa” 1000 urtez Lapurdin. Arratsaldean,Sturmbrecher elkarteak azalduko ditu garai bateko zonbait borroka, burdinezko soinekoak edo armaduraz bestirik (15:00-18:00). Aurkituko da ere Erdi Aroko armen erakusketa, tailer batzuen bitartez hobekiako ulertzeko armamentuen garapena eta borrokatzeko teknikoak. Bertzalde CPS elkartea, goizeko merkatuan izanen da (10:00-11:00). Publiko zabalari idekia, urririk ez hutsegin. Xehetasunak: 05 59 54 04 38 edo cetp.senpere.bureau@gmail.com.
Pilota Museoko ateak zabalik
Larunbat goizean, irailaren 19an, okasione ezin hobea dugu Senperen dugun altxorraren deskubritzeko, urririk (9:00-13:30). Bada zer ikusi, Donamartia etxaldea argitan dago, han sortua izan delakotz xistera, Gantxikiren eskuetatik. Xehetasun eta erreserba turismo bulegoan.
Plazako Errotaren bisita
Herrian ezagutzen duguna Akerretako errotaren bisita proposatua zauku, irailaren 19 eta 20an (9:00-19:30). Joanes jabeak, betiko harrera eginen dauku xehetasun asko emanez, zuzenean erakutsiz ere ogi edo artoaren ehotzea. Hemen eginiko irinarekin taloak jasta eskainiak izanen dira arteki edo gasnarekin baita etxeko pastiza, sagarnoa eta garagarnoa. Ez hutsegin.
Mutxikoak igandean
Irailaren 20an, hilabeterako dantzaldiak animatuko du Ithourria plaza, oinak arin mantenitzeko parada ezin hobea (11:00-12:30).
“Sartzea Beltzean” Mediatekan
Senpereko mediatekak “Sartzea Beltzean” antolatzen du buruilaren 22an, lekuan bertan (19:30). Gaualdi horren karietara, Jean-Christophe Tixier idazlea ezagutzeko edo berrezagutzeko parada izanen duzue. Eleberri asko idatzi ditu, sari zonbait ere eskuratu, hunen azken obra “Une employée modèle”. Sartzea urririk, bukaeran zintzur bustitze atsegingarria eskainia.
Urdazuri ibaiaren garbiketa
Spuc Kayak sekzioak txalotzeko ekimena antolatzen du larunbatean, irailaren 19an (11:00-17:30), gure ibaiaren garbitzearekin. Bolondres guziek, Utsaleko aparka lekuan bilduta gero hasiko dute garbiketa Urguriko zubitik Ibarrungo zubia artean. Nonbre handian etor dadila, behar den materiala hornitua zaie, “ur errekak garbiago, hondarkin gutiago itsasoan”.
Bilkura publikoa Sanoki ostatuan
Euskal Konfederazioak bilkura publikora gonbidatzen gaitu Sanoki-Egiazki ostatura, ostiralean iraila 18an (18:30). 2021eko azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek eta euskarak jasaten dituen erasoek kezkaturik, Euskal Konfederazioak gogoeta bat abiatu du, euskararen aldeko hizkuntza politika publikoetan pisu handiago izateko nola egin ikusteko. Jarraian, Tristtan Mourguyren kontzertua eta pintxo-potea.





