Egun eta bihar | 2017ko Ekainaren 22a

Egun eta Bihar

J-B D.

Horra beraz deputatu-bozak ere iraganak... Bigarren bozaldi hortako bi pundu aipagarrienak hauk ditazke: alde batetik, jendearen parte hartzea aitzineko igandean baino xuhurragoa izan dela, untsa gogoetagarri baita.

Uste baino gutiago

Horra beraz deputatu-bozak ere iraganak... Bigarren bozaldi hortako bi pundu aipagarrienak hauk ditazke: alde batetik, jendearen parte hartzea aitzineko igandean baino xuhurragoa izan dela, untsa gogoetagarri baita. Jendeen erdiak baino gehiago (%57) egon dira bozik eman gabe! Eta bestetik, Macron presidentak eta gobernuak segurtatu dutela gehiengo ederra, ez haatik joan den asteko sondaiek emaiten zuten bezen handia. 577 alkietarik 350 badituzte halere, 308 macrontiar hutsek, 42 Modem alderdiak. Ainitz da, ez badira ere heldu lau ehunez goiti ukaiterat behin uste zuten bezala... Eskuindarrek 112 alki eta bestalde 18 UDIko beren adiskidek. Sozialistek 30 deputatu baizik ez, duela bost urte gehiengo osoa bazutelarik! Funtsean, Christophe Cambadélis alderdiburuak igande arratsean jakinarazi du kargu hori uzten zuela alderdiaren berritze on bat sustatzeagatik, baduela segur beharra holako emaitza txarren ondotik... Sozialistekin adiskide diren ezkertiarrek 15 deputatu. Arrunt ezkerretik dabilan Jean-Luc Mélenchon eta hunen lagunek 17 alki, komunistek 10, eskuin burukoek 8. Hautagai ziren sei ministroak irabazle, horietan barne Richard Ferrand istorio asko baduena bestalde eta gobernutik ateratu dena astelehenean. Galtzailetan aitzineko gobernuan barne ziren ministro zonbait bai eta Nathalie Kosciusko-Morizet eskuindarra bere gustuko aise eta aise nagusitu beharra zena... Manuel Valls gobernuburu ohiak doi-doietarik irabazi du Pariseko aldean bainan errekurtso bat bada gauza batzu ez direla xuxen egin, oraino ezin erran beraz segurtamenekin deputatu izanen den ala ez... Korsikan, eta lehen aldikotz, hango lau deputatuetarik hiru abertzaleak dira. Bestalde, legebiltzarra gaztetu da eta sekulan ez da izan hoinbeste emazte, 223 orotarat, heldu baita kasik %40.

Itsuskeria

Itsuskeria da zinez joan den ortzegunean Parisen gertatu den hori, batzuk erranik ere itsuskeria handiagorik ere badela hor gaindi! Merkatu plaza batean, Nathalie Kosciusko-Morizet eskuindar politikari ezagutua, auzoalde hartan deputatugai zena, bozetako paper batzuen hedatzen ari zen. Bat-batean berrogoita hamar bat urteko gizon bat ondorat jin zaio. Hartu ditu paper batzu eskutan, hartu orduko deputatugaiari bisairat bota solas itsusi batzu erranez, eta pusako bat ona eman dio. Nathalie Kosciusko- Morizet lurrerat erori da eta trenputxartu ere, hain zen inarrosia izana. Laster berebaitaratu da halere eta ospitale batetarat ereman dute. Han atxiki biharamun goiza arte. Alderdi guziek salatu dute gertakari hits hori. Edouard Philippe gobernuburua izan da deputatugaiaren ikusten, bere atxikimendua agertzen ziola. Pusakoa emana zion gizona aldiz lasterka eskapatu da eta metroaren geltoki batetarat sartu, han jendepean galdu... Biharamunagoan atxilotua izan da haatik pusakoa emaitean hartu argazki batzuri esker... Eta denak gehiago harritu dira oraino jakitearekin gizon hori Paris aldeko herri ttipi batetako auzapeza dela!

Sanotze on bat

Aspaldian entzuten da kantu hori politikaren mundu hortan badirela usaia txar batzu hartuak eta bazterrak balukeela sanotze on baten beharra. Denek, edo kasik denek, gauza bera erraiten bainan gero hortan geldi haatik! Aurten, president-bozen kanpaina denboran, usaian baino gehiago ari izan dira halere hortaz. Emmanuel Macron bereziki arras berotua, lehentasuna emaiten ziola gai horri. Joan den astean beraz, gobernuak onartu du legegai bat uda huntan zinez lege bilakatzen ahal litakeena. Ez batere gaizki batzuen gustuko, arras eskasegia beste frangorentzat. Hemendik aitzina, deputatu edo zenatur batek ez luke gehiago laguntzaile kondu bere familiako norbait hartzen ahal, sobera istorio izana dela horrengatik. Iduri-eta beraz hori den aldaketa bat guziz premiatsua. Bestalde, orai arte, deputatu bakoitxak hunkitzen baitzuen hunenbeste diru bere gustuko sail edo obra baten laguntzeko, ez da gehiagoko holakorik izanen, hortaz ere bazela sobera istorio... Dena den, ainitzek erranik ere frango onak direla legegai hortan agertzen diren xedeak, badira ere arrangura batzu. Gainerat, batzu arras uzkur ikusiz legegaia aurkezten duena dela François Bayrou justizia-ministroa eta hori badirelarik legezko ikerketa batzu akulatuak baizik-eta ministroaren alderdia, MODEM delakoa ez dela bera ere beti xintxoki jokatua. Diote alabainan Europa-maileko bere deputatu batzuen laguntzaile zonbait pagatuak izan direla lan hortan ari baziren bezala, egiazki alderdiaren mutil lan batzutan ari-eta. François Bayrou arras kexatzen da hori aditzearekin, denak gezurrak direla, bainan gisa hartako salaketak eginak izanik, auzitegiek dute afera xuritu beharko...
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3406. zbk

Musikak arintzen du bihotza eta airosten gogo.

Platon

Gure Hitza | 2017/06/22

Kondalariak

Jean-Louis Harignordoquy

Maiatzaren 28ko Berria egunkarian Xan Errotabehere kontalariaren elkarrizketa interesgarri baten irakurtzeko parada eskainia izan zaigu. Noizbait oholtzan edo taula gainean ikusi ukan dugunek badakigu idazteko eta antzerkirako gaitasunak dauzkala Xanek.

Maiatzaren 28ko Berria egunkarian Xan Errotabehere kontalariaren elkarrizketa interesgarri baten irakurtzeko parada eskainia izan zaigu. Noizbait oholtzan edo taula gainean ikusi ukan dugunek badakigu idazteko eta antzerkirako gaitasunak dauzkala Xanek. Baditu ipuin berriak moldatuak, bereziki euskal mitologian oinarrituz. Jende helduentzat ere bai, irri egitekoak, historiari lotuak edo berdin itsasoari buruzkoak. Biziki poliki dio ipuingintza supazterreko gauza dela, irriarekin edo ustekabekoarekin gozatzeko egina. Esplikatzen du ipuinek isladatzen dutela gure lurraren mintzoa, gure arbasoek moldatu bazterrak, gure ohidurak eta pentsamoldeak. Istorioak gaurkotzen direla erraiten digu.

Denbora batez arrakasta ederra bazuten herrietako txiste kontalari gehienek, oroz gainetik lehen lehenik bertsolari ziren Mattin, Lazkao Txiki, Alkhat eta Ezpondak. Ugutz Robles txiste kontalari paregabeak dio azken hamarkada hautan galduz doala ohidura hori, gaurko entzule asko ez baitira...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016