Azalekoa | 2019ko Apirilaren 25a

Euskal Herria ezagutarazi ene begiekin!

M.O.

Euskal%20Herria%20ezagutarazi%20ene%20begiekin!

Horrela azaltzen du Claire Lohiaguek bere lanbidea, bildu gira harekin Hazparneko Zelai auzoan. Sortu du Argibili gida enpresa, esplikatu dauku xuxen bere lana zer den eta bereziki zergatik aktibitate hori abiatu duen. Neska gazte indartsu eta pasionatua ezagutzeko parada izan dugu.

Lanbiderako lehen urratsak

Clairek Bordelera joan zen hizkuntz saileko ikasketen egitera, ingelesa eta espainola. Hortarik errasmus egin zuen eta beste herrialde desberdinetako gazteekin kurutzatzeak eman zakon bidaien gostua baina ere beste kultura eta ohidura batzuen ezagutzeko parada. Azterketak bururatu eta urte pare batez ibili da Perun, Txilen, Bolovian... Hor ohartu zen lekuko jendeek zoin maite zuten kanpotiarrer beren ohiduren azaltzea. Horrez gain ohartu zen ere kanpotik etorritako pertsona batek beste manera batez begiratzen zuela bertako jendea. Berriz sartu zelarik erabaki zuen konferentzia-gida izaiteko formazio bat egin behar zuela. Bi eskola izanez, hautatu zuen Saumur unibertsitatean sartzea, Pays de la Loire eskualdean kokatua dena. Clairek erraiten zaukun anitz ikasi duela, ikasketa orokorrez gain praktika zuzena egin baitu Normandiako eta Loire eskualdeko jauregien bisitak eginez, bai eta Gerla Handiko Normandiako lehorreratzea iragan zela eta. Irriño batekin ere kondatzen du ingelesa egina baldin bazuen Bordelen, Normandian bisitak egiterakoan anitz amerikar izanez, hizkuntza hobetu zuela. Lortu zuen konferentzia-gidari azterketa eskuratzea, erran nahi baitu bisitak egiteaz gain, historian ere oinarritzen dela. Dudarik ez zuen berriz itzuli behar zuela Euskal Herrirat bere enpresa sortzeko.

Lehen urratsa

Bere kondu hasi aitzin, eta Euskal Herriaren historia ongi bereganatzeko lan egin du Hendaiako Abbadia jauregian, ondotik Kanboko Arnaga gunean, bai eta ere Otsozelaiko harpeetan. Landu du prehistoria, XIX. mendea, euskal arkitektura... Bururatzeko 2 urtez Baionako Euskal Museoan lan egin du. Aprendizgoak egin eta bere hasierako ideia buruan, hasi zen gogoetatzen nola antolatu behar zuen gida izaiteko lanpostua. Autobus ttipi baten ideia etorri zakon, hortarako beste gidatzeko permisa bat pasatu behar izan zuen. Horrekin batean zer bisita mota egiten ahalko zuen gogoetatzen hasi zen, ez zuen nahi Euskal Herrian diren betiko guneak bakarrik erakutsi, baina bai gehiago Clairek dioen bezala bizi den herri bat bere aniztasunarekin. Gehitzen zuen "hitz larri" bat bilakatua dela turismo hitza, baina harentzat justuki sail hortaz dugu baliatu behar gure Herriaren ezagutarazteko. Bi gida egiteko moldea badirela zioen, frantses eskoletan erakusten zutela ez dela sekulan bere ikusmoldea eman behar, aldiz amerikar sisteman kontrarioa dela gidak duen iritzia emanez. Clairentzat dudarik ez da gidak senditzen duena erran behar duela, sakonagoa delakoz bisitarien eta gidaren arteko harremana.

Bisiten proposamenak

Bisitak egun batekoak dira, Clairek dioen bezala zenbait egunekoak baldin badira galdegiten dakola beste lan mota bat, lo-egiteko tokien atxikitzea, apairuak antolatzea... Bisiten zerrenda desberdinak proposatzen ditu, adibidetzat Pasaia eskualdean balea arrantzaleen bizia ezagutarazteko, Elorrio- Gernikako nekropoli zaharren ezagutzea. Baina ere Iparraldean Getarian egiten zen arrain idortu jusa edo Ezpeletako merkatuan laborariekin solasaldi batzuen bidez saltzen dituzten ekoizpenen ezagutaraztea. Tokiko jendeek ere gauza anitz atzemaiten dutela erraiten zuen hazpandar gazteak. Euskal ohiduren azalpenak emaiten ditu, izan sorginkeria, ihauteriak, eskulangintza... Claude Labatekin lan eginez anitz ikasi duela zioen, haren eskukoa hartzen ari dela erranez, besteak beste Baionako bisita gidatuak egiteko, bai eta txokolatearen historia azaltzeko. Bestalde Clairek nahi du ere hurbiltzen zaizkion pertsoneri utzi libertatea ikusi nahi dituzten tokiak edo historiari lotu gertakariak antola ditzaten. Hortako jatetxe batean hautatzen den menua bezala, proposamen batzuk egiten ditu, baina bezeroak beste zerbait eskatzen ahal du. Beste ibilbide batzuen prestatzen ari da, beti bere enpresaren filosofiari lotua. Gehiago jakin nahi duenak sartzen ahal da www.argibili.com sarean, izan pertsona bat edo taldean, Clairekin harremanetan jarriz antolatzen ahal duzue egun pasa goxo bat.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016