Herriz Herri - Izturitze (NB) | 2019ko Apirilaren 25a
Isturitze
Harpealde trinketean
Apirilaren 6an larunbat arratsaldez bururatu da palazko pilota lehiaketa. Huna emaitzak: 3. maila: Philipoto /Ustarots 40 - Irachabal / Idiart 19 2. B maila: Dasquet/Pedouan 45 - Aguerre /Etcheverry 43 2. A maila: Iturria / Sorhouet 45 - Elissalde /Heguy 38 1. maila: Petrissans/Larrondo 45 - Sallato/Bibens 42 Partiden ondotik izan dira usaiazko sari emaiteak bai eta bururatzeko zintzur goxatzea lekuan berean, Haramboure ostatuko mahain onaren inguruan elgarretaratu aitzin betiko giro onean.
Michel Haramboure pilotari ohia joan zauku
Seroratea ostatuko semea zen, 1938an sortua, segidatu arte hor bizi izana, Aljerian egin zuen egonaldi luzea salbu. Sortetxetik bi urratsetan den herriko plazan ikasi zuen ttipitik pilotan esku huska, eskolatzaile. berezirik gabe, lagunekin ahal bezain usu arizanez. Ofizioz harotza izaiteak ere bere esku eta besoak azkartu zizkion eta lagundu gibeleko pilotari onetarik bilakatzen. Pilota partidarik gabeko herriko bestarik etzen denboran, ipar Euskal Herri huntako plaza gehienetan arizana zen. Plaza gizona eta bestalde biziki jendekina eta alegera, bazuen adiskide orotan. Bere agusagailuak bazituen: ihizia izturiztarrekin, mus jokoa eta biziki maite zuen bertsularitza bereziki. Ezkonduz geroztik Baionan bizi baitzen, San Andreseko elizan iragan da ehorzketa elizkizuna, berari zoakiona, ozenki kantatua, familiaren inguruan bildu diren pilotari ohi, lan egina zuen Breguet-Dassault lantegiko lagun eta beste adiskideen parte hartze nasaiarekin, Michel Aire eta Michel Etcheverryren bertsu eta kantuekin bururatu dena. Bihotzetik doluminak Cécile haren espos lagunari, seme alaberi eta ahaidekia guziari.











