Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2019ko Apirilaren 25a

Baigorri

Baigorri

Kintoan barna mintzaldia

Basaizea eta Irulegiko Irratiak antolatua, apirilarena 12an ortziralez, Poctefa programan sartuak diren bi proiekturen arteko mintzaldi-eztabaida iragan da Alduden. Poctefa: Europar Batasunak mugaz gaindi plantan ezartzen diren egitasmoak diruztatzen dituen programa bat da. Horietarik batek, Irati oihanaren inguruan Garazi, Saraitze eta Aezkoa ibarrak biltzen ditu eta beste batek, Esteribar eta Baigorriko ibarrak, Kintoan Barna izeneko proiektuan. Hauetaz arduratzen diren hautetsi eta teknikariak Alduden bildu dira helburuak eta aitzinamenduak aurkezteko. Iratirentzat lekuaren eta gasna ekoizpenen gestioa aipatu da, azpimarratuz mendiko erabiltzaleen artean, laborantzak eta artzaingoak dutela errola garantzitsuena eta hauek gabe, bestelako aisialdiak ez ditaizkeela praktika. Haueri ihizia loturik, mendiko aktibitateen oreka jarri dute proiektuaren ardatz gisa. Kintoan Barnaren baitan, 13 partaidek tokiko proiektuak eremaiten dituzte: Bankako meategien bisita, Eugiko armategiarena, Baigorriko interpretazio zentroa Baxe Nafarroako historiari buruz. Hortaz gain, elkarlanean ari dira historia, euskara, meategiak edo kirola bezalako gaien inguruan, trukaketak ahal guzian sustatuz. Galderak ere izan dira, bereziki demografiaren aldetik: zer egin lekuko jendeari herrian bizitzeko gogoa emaiteko?

Zubiriko Ikasleak Baigorrin

Mugaz gaindiko Poctefa programa hortan, ikastetxeak ere hasi dira harremanetan jartzen. Lehen urratsa apirilaren 12an egin da, Baigorriko Ikastolan horko haurrak eta Zubiriko ikastetxeko 23 haur 9/10 urtekoak beren erakasleekin elgarretaraturik. Ikastetxe hau publikoa da, 120 ikasle ditu eta dena euskaraz egiten du. Eguna elgarrekin pasatu dute, goizean jokoetan eta eguerditan denek elgarrekin, parkean piknikatuz. Elgarrekin memento goxoak iraganik, arratsaldean, nafartarrek goizik hartu dute autobusa etxera itzultzeko. Maiatzaren 23an trukatuko dira, Baigorrikoak Zubirira joanen baitira.

Nafarroaren eguna

Basaizea elkarteak, belaunaldiak elgarri lotuz, Baigorri eskualdean euskarazko ekitaldi ezberdinak antolatzen ditu memento eta manera anitzetan. Euskaraz bizitzeko nahi hunen ospatzeko, apirilaren azken igande huntan (28an) Baigorrin bilduko da jendea Nafarroaren Egunera eta denak ongi etorriak izanen dira. Besta egun hunen egitaraua, aitzineko urtekoen iduria izanen da. Ikastolak proposatu askariarekin hasiz, (11.00) desfilea eginen da: Garaztarrak, Tuterako eta Luzaideko dantzariekin. Hauekin etorriko dira Ziganteak, txarangak, gaiteroak, makilariak, Anhauzeko Basaldunak, trikitilariak... Hauek guziek, ikusgarria eskainiko dute elizako plazan, bertsulariek ere parte hartzen dutela. Ondotik, bazkari alaitua. Arratsaldean, plaza nagusian ikusgai eta entzungai, Izaki Gardenak, Bas'ainarak, Kiki Bordatxo, Eskean Kristo, Diabolo Kiwi eta besta eguna bukatzeko Holako Deluxe. Bakoitxak gozatzekoa aurkituko du toki batean edo bestean. Joan den astean aipatua, oroitarazten dugu ibiakoitz arratseko ekitaldia (9.00) Plaza Xokon, "Haurra" Charlie Chaplin-en film ederrarekin.

Pilota

Pasakan, Euskal Herriko txapela eskuraturik, Jean-Baptiste Ospital eta Francis Dutaret-ek Frantziakoa ere buru gainean eman dute 13/02 nagusiturik Christian Ourquia eta Olivier Usarralde urruñarreri.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016