Inbido | 2019ko Apirilaren 25a
Bulgariako xoko batean, Plovdiv hiria
Muslaria
Urte guziz, Europa Batuko bi hiri berexiak izaiten dira kultur-mailean hirinagusi bezala ekarriak izaiteko. Aipaldi berezi frango egiten zaiote bazterretan eta berak ere mugitzen dira beren burua gero eta gehiago ezagutarazi beharrez. Ez hain aspaldi, Donostia gertatua da kasu hortan... Aurtengo hirinagusietarik batto da Plovdiv, Bulgarian kokatzen dena, Sofia hirinagusitik 150 kilometrotan. Ekialderat itsasoa 300 kilometrotan duelarik. Maritsa ibaiaren bi bazterretan da. Ibai hori, frangotan Maritza idazten dena, batzutan Marica deitzen, Bulgariako handienetarik da. Frango hiri handia da Plovdiv. Jendetzaren aldetik Bulgariako hirugarrena, 343.000 biztanle duela bi urte egina izan den kondaketaren arabera. Frango hiri handia beraz bainan gaurko egunean Europan gaindi ez hanbat ezagutua halere. Denboran ezagutuagoa izana omen. Berezitasun aipagarriena, Eu ropako hiri zaharrena izan behar dela, historialariek ez dute segurik besterik erraiten. Xaharragoak izanen ziren naski beste batzu ez balire noizbait desagertu. Duela zazpi edo zortzi mila urte bazen hor jadanik herrixka bat eta duela hiru mila urte jadanik frango hiri gotorra zen. Gora-behera ainitz eta ainitz izana da hor gaindi ere. Mendeak jin eta mendeak joan, zernahi aldaketa eta aldaketa horien seinale preseski izenez kanbiatua da lau edo bost aldiz. Duela 23 mende pasa Mazedoniako errege bat, Felipe deitzen zena, jabetu zen eskualde hortaz eta hiriaz gustatu ere, bere izena eman baitzion, Philippopolis, greziarrek funtsean oraino ere hola deitzen dute. Hiria, harresiz inguratua hobeki gerizatua izaiteko, polliki handitu zen. Gero jin ziren Erromanoak. Heiek gaitzeko errebide ederra pasarazi zuten han gaindi eta horrek berak beste hats bat eman zion hiriari. Negozio ainitz han plantatu baitziren. Orduan bildu fama beti segitzen ere zaio. Luzaz eta luzaz Europa guzian gaindi ibiliak dira hango gauza saltzaileak, zernahi gauza mota eskaintzen zutela. Gaurko egunean oraino hango feria-erakusketa biziki famatua da. Erromanoen denboran, hiriaren izena berriz kanbiatu zen. Erromanoek deitu zuten Trimontium, hiru mendixkaren gainez-gain eraikia zela-eta.
Gaitzeko antzoki ederra
Egia erran, dena patarra da hiri guzia eta baziren orotarat zazpi konkor harritsu, batzuk diote zazpi mendixka, bainan Erromanoek hiriaren izena kanbiatzean etzituzten hiru handienak baizik kondutan hartu. Orai, eta aspaldixkoan, sei konkor dira ageri, bestea desagertua da, apalena izan behar zena, harriak ken eta ken arizanik jendea. Erromanoen denborako aztarna asko bada oraino ikusgai, besteak beste antzoki zabal bat, bigarren mendean eraikia, zointan 3500 ikusliar kokatzen ahal baitziren. Bederatzigarren mendean bulgariar jendea zen burrustan horrat etorri. Eta hamalaugarrenean Turkoek zuten eskualde hori dena menperatu. Islam erlisionea ere azkarki sartu zen denbora heietan. Plovdiv izena orduan da agertu. Gaurko egunean ere badira biziki eliza ederrak bainan gaitzeko musulmanen meskita otoitztegiak ere ba. Elizetan, biga badira katolikoenak, katedrala eta erakasle batzuk kudeatzen dutena. Besteak ortodokzoen kondu eta sineste hortakoak dira nagusi herritarren artean. Hiri xaharra arras berezia da, gaitzeko eraikin ederrak badauzka, denak harri pikatuz eginak. Ez da harritzeko turismoa bilakatua baita mozkinbide handienetarik batto...










