Kostaldean | 2019ko Apirilaren 25a

Kostaldean

Etxe pollitak badira hor gaindi ere
Etxe%20pollitak%20badira%20hor%20gaindi%20ere

Ziburun, nor zen Xokoz-xoko Senpereko alde hortan

Bere biltokia Ziburun daukan Jakintza elkarteak udaberri huntako bere aldizkaria plazaratu du. Gai nagusia, 66 orrialdetarik 32 beretzat dituela, Senpere eta Sara arte hortako bazterrak, xokoz-xoko joanez edo batzutan kaskozkasko izaitekotz. Bada hor gaindi gaitzeko altxor pollita Paul Badiola ikerle jakintsunak xeheki aztertu duena. Ikusiz, bere begi xorrotxekin, gauza frango presaka dabilanak segurik ez dituenak hola eta hola ikusiko... Gaitzeko argazki andana aberatsa sartuz oraino hobeki erakustea gatik nun zer kausi ditakeen... Hor dituzu lehengo bide xaharrak, orai gutiago baliatzen direnak segur bainan denbora batez biziki ezagutuak. Hor ere aurrehistoriako aztarna baliosak, harrespil eta beste, xehetasun ainitz emanez, nun zoin diren eta nolakoak... Aipatzen dira ere mendezmende soldadoek eta preseski armadarentzat egin dituzten eraikinak. Bestalde, hamar bat orrialde Senpere eta Sararen arteko mugaz, denboran mugaharriak ere ezarriak izanak bi herrien arteko muga horren hegiz-hegi... Aldizkariaren bigarren partean, oroitarazten da, argitasun frango emanez, nor ginuen Bittor Iturria, Basusarrin sortua bainan familia Sararat etorria bera haur hutsa zelarik. 40- eko gerlaren keinka ilun hartan bertute handiko soldadoa izan zena eta alemanek hil zutena Bretainian, 1944-ean, agorrilaren 25-ean. Beste gai bat, arrunt besterik dena egia erran, nor zen France Adine idazlea, Saran kokatu zena eta asko gisetarat agertu zuena gaitzeko atxikimendua herri horren alderat. Beste gai bat oraino, eta hor arrunt beste mundu batean sartuz, Napoleon III inperadorea eta haren andrea nola jiten ziren Sara eta Senpere alderat Miarritzen egiten zituzten egonaldien karietarat.Etxe bat ere erosirik Senperen, bere lurrekin, Sarako juntan...

Gorria bainan nolako gorria?

Donibane Lohizunen, badute buruhauste bat gehiago, arrunt ustegabekoa. Huna zer gertatzen den. Herriko Etxearen aitzineko plazan, bada kioskoa deitzen den aterbe bat, aski toki ederrean, telazko estali zabal batekin, kantari, musikari edo(eta) beste artiztak beti aterbean izaiteko. Tela xahartua zen, bere lehengo kolorea galdua zuen, hots arrunt histua zen. Eta urrako bat ere noizbait egina, beti handituz joan zitakeena. Duela zonbait hilabete Herriko Etxeak erabakia beraz tela kanbiatu behar zela. Gauzak untsa baino hobeki egin nahiz, dei bat luzatua zuten herritarreri, bakoitxak bere ikusmoldea eman zezan, zoin koloretakoa nahi zuen tela berria. Gehiengoa ardietsi duen kolorea gorria izanki, gure etxetako leiho ainitzek duten gisako gorria. Salbu hara, joan den astean jin da beraz tela berri hori eta kasik ikusi orduko ohartu dira etzela arras igurikatzen zuten kolore hartakoa. Batzuk diote funtsean "ez arras" hori eskasegia ere ditakeela, hobe erranik, edo(eta) idatzirik, ez dela batere gure leihoen gorria bezalakoa. Badira beraz arrangura batzu. Eta jendea mintzo! Batzu erasiaka, ez dela gorri hori onartu behar. Beste batzu ez hain kexu, etsi bat hartu beharko dela orobat eta denborarekin denak jarriko girela kolore horri, ez izanikan ere igurikatzen ginuena. Aski polliki errana zauku ere biziki tela ona dela, kalitate hobereneko gauza, denbora txarrekin ere ez dena histuko eta gainerat etzaiona surik lotzen ahal. Biziki untsa hori biztan da bainan afera ez da hortan, koloreaz da auzia. Eta ez beste zerbaitetaz....

Jose Antonio Aguirre omenduz

Donibane Lohizunen, Pazko aratsaldean, Aberri-Egunaren karietarat, Alderdi Jeltzalea antolatzaile, elgarretaratze bat iragan da Thiers etorbidean, Jose Antonio Aguirre lendakari zenaren oroit-harriaren aitzinean. Gaxuxa Elhorga eta Pako Arizmendi mintzatu dira, bat euskaraz eta bestea frantsesez, azpimarratuz zoin baliosa den Aberri-Egunaren alderateko atxikimendua. Jean-François Irigoyen auzapeza han zen, Peio Etcheverry axudanta ere ba.

Hiru hilabeterentzat

Xabi Inza hendaiar pilotari ezagutua, lehen mailekoetarik dena zezta-punta jokoan, berriz Ameriketarat doa, gisa hortako kontratu bat ardietsirik. Asteburu huntan partitzen da Mekzikorat, hango jai-alai pilota plaza berriz idekitzen baita hogoi bat urte zerratua egonik. Heldu den uztailean gibelerat jinen da eta parte hartzekoa du Donibane Lohizunen muntatzen den lehiaketa nagusian. Oroitzapen on frango ekar dezala Ameriketatik.

Legatzaren besta Ziburun

Ziburun, heldu den larunbatean, apirilak 27, dute legatzaren besta, Legatzaren Fandangoa deitzen duten lehiaketarekin. Nork prestatuko duen hobekienik legatza. Lehiaketa goizeko 10-ak irian hasiko da portuko aterbean. Izanen da han berean ausagailu asko besta giro goxo batean.

Hamar urteren buruan

Duela xuxen hamar urte bat-batean desagertu zen Jon Anza ETA kide bezala ekarria zena. 47 urte zituen. Desagertu zen treinez zoalarik Baionatik Tolosarat. Bazterrak harritu ziren eta luzaz etzen garbitasunik jakin gizon hori zer bilakatua ote zen. Denboraren buruan, haren gorputza agertu zen Tolosan. Izan da ikerketa frango bainan oraino ere xuxen erraiteko nehork ez daki zer nola gertatu zen. Haren adiskide eta ezagunek ez dute etsitzen, beti ari dira nunbaitik zerbait jakin nahiz, afera hori ez dela hortan uzten ahal, ez utzi behar ere. Joanden egunean, Zokoan, Jon Anza omendua izan da eta estreinatu ere da haren oroitzapenetan moldatu ederlan hunkigarri bat.

Bi langile kanporatuak

Donibane Lohizunen, joanden azaroan jakin zen gaitzeko saltsa mintua bazela herriko mediatekan. Giro zinez nahasia hango langileen artean. Langile horiek, hamalau izanki orotarat, arras bi taldetan jarriak. Horietarik batzu arrangura besteak etzirela batere xintxoki ari, gutien astean dena mendekio eta trufa berdin. Ikerketa luze batzu eginak izanik herriak hartu du erabaki bat iduriz segurik frango zorrotza. Bi langile alde bat kanporatuak dira eta beste hiru zonbait denborarentzat. Gisa hortan zigortuak direnak ez ados haatik, afera aitzina pusatzeko xedetan daudela erakusterat emana dute. Istorio nahasia gisa guziz eta azkenean untsa peningarria.

Iparraldeko ondarea gogoan

Ondareak badauka adar asko. Izadiak berak guziz aberatsa eskaintzen du gure Iparraldean, itsas-hegitik mendiraino. Ondare hori da, ikerketa frangoren argitarat, Hendaian ideki den erakusketa balios baten gaia. Joan den egunean idekia da Asporotsttipi egoitzan, erlaitzbideko bazterrean eta irautekoa duena ekainaren 29-a arte. Hiru artista dira erakusketa hori muntatu dutenak, zernahi argitasun bildurik eskuin eta ezker. Erakutsiz ondare hori ezinago baliosa dela bainan erne behar dugula egon begiratua izan dadien, andeatzen eta galtzen ere ari delakotz.

Ravel akademiarekin

Donibane Lohizunen, Ravel akademiak eskaintzen du aurten ere musikaldi berezi bat udaberria agurtuz. Asteburu huntan, ortziralean eta larunbatean, bi aratsez segidan, bi hitzordu nagusi, musika eta hitzaldi, Ravel entzutegian. Alde batetik, omenduz Felix Mayol iragan mendeko artista handia, kantu moldatzaile arraroa izana eta bestetik erakutsiz nolako musikak daukan toki handiena Marcel Proust idazlearen obretan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016