Egun eta bihar | 2019ko Apirilaren 25a

Egun eta Bihar

J-B D

Su-hiltzaileak kartsuki goretsiak izan dira Parisen
Su-hiltzaileak%20kartsuki%20goretsiak%20izan%20dira%20Parisen

Lan handia

Denak mintzo dira oraino joan den asteko sute ikaragarri hortaz, Pariseko katedrala itsuski funditu duen hortaz... Hain dira bazter guziak sesituak gelditu, harrituak baino harrituago holako gertakari latzaren ondotik. Parisen berean bixtan da bainan Frantzia guzian ere, bai eta kasik erran ginezake mundu guzian gaindi. Ustegabeko izigarria zinez! Ikerketak akulatuak dira segur finkatu beharrez sua nola piztu den bainan hori jakin edo ez jakin gauza bat ezin ukatua eta nehork ez duena ukatzen ahal, lan handia izanen dela, biziki handia, denak ezartzeko sute hori hola hedatu baino lehenago ziren bezala. Untsa azterturik, eta hori bera lan gaitza da, zer nola egin behar den, denak lehen bezala ezarriz edo eraikinari itxura berri bat emanez, edo berdin lehengo zureria nasai ederraren tokian beste zerbait, ezin erre kixkilduak ditazkeen muntadurak baitira gaurko egunean. Alimaleko obrak akulatu behar gisa guziz eta oraino ezin erran zonbat gostakoa ere diren. Macron presidentak errana da, sua oraino hiltzekoa zelarik, katedral horrek behar duela izan lehen bezen ederra eta ahalaz ederragoa ere berdin! Xede goresgarria segur bainan erraitea ez baita aski...

Handixkoa?

Dena den, solasaldi berean, Macron presidentak ez ote du gauza bat handixkoa erran? Erranez bost urte barne behar litazkeela obra horiek bururatuak... Ainitzen gustuko epe laburregia da hori... Aise laburregia beharbada... Azpimarratzen dute hor gaindi gisa hortako lanak egin direlarik han edo hemen gutienez hamar edo hamahost urte joan direla... Badira haatik diotenak gisa hartarat apailatuz bost urte aski litazkeela. Erresuma Batuan, Windsor jauregi famatua dena berritua izan delarik, hein hortako obrak egin direla eta hain xuxen bost urte barne. Beste gauza bat frango usu aditzen dena, obrak bost urteren buruko eginak izanez, 2024-an bururatzeko gisan beraz, biziki untsa heldu litakeela hori, urte hori zinez berezia behar-eta Pariserentzat, orduan baititu Parisek aterbetuko udako Olinpi- Joko famatuak, aspaldian berantetsiak dituenak...

Gaitzeko mereximenduak

Gauza bat usu erran dena azken egun hauetan, Pariseko su-hiltzaileek mereximendu handihandiak badituztela, bertute gaitza erakutsiz bentzutu dutelakotz sutea, frangok beren bizia irriskatuz, sutea handienean zelarik bereziki. Macron presidentak goretsi ditu gain-gainetik andana bat errezebituz Eliseo jauregian. Anne Hidalgo Pariseko auzapezak ere azkarki laudatu ditu eta omenaldi bero bat eskaini diote Herriko Etxe aitzinean. Ikusiz makur handiak izan direla bainan aise kalte gehiago ere izaiten ahalko zela suhiltzaileak ez baziren hoin ederki bermatu.

Eztabada batzu

Horiek hola, sua hil orduko kasik eztabaida batzu ere sortu dira, dei asko luzatuak izanik obren pagatzeko ahal bezenbat diru biltzeko xedetan. Zendako eztabaida horiek? Bi egun barne, dirualde gaitza hitzemana izan baita bazter guzietarik, miliar bat euro ezbaian! Askoren arrangura, eta batzutan arangura samina, nola biltzen ahal den funts hortan, eta hoin laster, holako sosaldea beste behar-ordu premiatsu frangorentzat bazterrak ez direlarik hainbeste mugitzen. Hola mintzo direnetan batzu badira bixtan da Elizaren kontrakoak - holakoentzat sos bakar baten emaitea ere bekatu izanki - bainan besterik ere bada. Obra balios askoren arduradun batzu durduzatuak, berak diru galdeka ari bainan gero eta gutiago ukaiten! Pierre apezaren obra ederraz arduratzen direnak ere gogoetatuak, aterberik ez dutenentzat deiak zabaltzen direlarik jendeak ez duela holako bihotz ona agertzen! Beste batzu ere, erakutsiz berak fededunak direla, kezkatuak zernahi eliza badirela arras planta txarrean, zinez obra beharretan, eta heientzat dirurik ez, edo ez aski segurik... Gisa guziz, ez litake pollit haatik eztabada horiek sobera sumintzea...

Ez dira gelditzen

Horiz Jauntziek segitzen dute aitzina. Ez dira gelditzen beraz eta ez dute gelditzeko gogorik. Joan den larunbatean ere izan dira egundainokotan manifestaldiak, handiena Parisen. Bortizkeria frango berriz ere, auto erretze, saltegi funditze eta holako... Batzuk erakusterat emaiten dute maiatzean manifestaldi handiagoak ere behar litazkeela oraino... Ageriko...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016