Mundu zabalean | 2019ko Apirilaren 25a

Mundu zabalean

M.L.

Sri Lankeko eliza batean makurrak
Sri%20Lankeko%20eliza%20batean%20makurrak

Sri Lankan asteburu odoltsua

Gertakari larriak lerrokatu ziren Sri Lankan iragan asteburuan. Barne ministerioak eman duen bilanean 290 hil eta 500 kolpatuz goiti aipu zuten joan den astelehenean. Badirudi makurrik handiena gorputza lehergailuz inguratua zutenek dutela ekarri. Pazko goizean hiru elizetan gertatu ziren zaparketak. Colombo hiri nagusiko San Antonio elizan, iparralderatagoko Negombo hiriko San Sebastian elizan eta ekialdeko Batticaloan hiriko eliza batean. Colombo hiri nagusiko hiru luxuzko hoteletan ere zaparketak gertatu ziren igande eguerdi partean. Dirudienez horietan ere aizinanten artean zirenek beren gerriko lehergailuak zapartarazirik. Lehen bilan orokorretan polizak aipatu du 37 kanpotar bazirela hil direnen artean, jada 24 presuna bazituela arrastatuak. Gehitu du islamista taldeak sumatzen dituela atentatu horien gibelean. Gobernuak urgentzia egoera berehala zutik eman du. Makur elementu larri horiek ziren joan den astelehenean hedabideek zekizkiten puntu bakarrak. Lekukoek berehala erran dute ez zutela sobera konprenitzen zein zen polizaren jokoa, anitz elementu gorderik atxikitzen baitzuen. Horrelakoetan hipotesi eta zurrumurruak azkarki emendatzen dira, eta Sri Lankako polizak deblauki uzten ditu hedatzera, sekulan erran gabe zein den egia eta zein den gezurra. Hiru puntu emanak dira aitzinean: Sri Lankan 21 milioi biztanle badirela, gehiengo nasaian budistak. Musulmanak arras gutxi direla. Kazetariak ohartuak dira ere urte pare bat honetan intzidenteak metatzen ari direla elizen inguruan: gutxienean ezezagunek elizkizunak trabatzen dituzte eta harriak botatzen jendeari elizan sartzean edo ateratzean. Maiz gertatu da polizak ez dituela jendeen pleinuak hartu nahi.

Hilketak berriz hasten ipar Irlandan

Aitzineko ostegun gauean tiroketak gertatu ziren Ipar Irlandako Londonderry hiriko Greggan auzoan. Lyra McKee 29 urteko kazetaria hil zen manifestari batzuk polizari tiratzean bala batek atzemanik. Ipar Irlandako bi alderdi politiko nagusiek hilketa kondenatu zuten. DUP alderdiko protestanteek akta hori zentzugabea zela aipatu zuten, eta Sinn Fein alderdiko errepublikar irlandar katolikoek gehitu zuten akta horrek bake prozesua erasotzen zuela. Aditu gehienek gertakizun hori lotzen dute Ipar Irlandak Brexitaren bezperan jasaiten duen egoera kezkatiarrarekin. Ipar Irlandak duela hiru urteko erreferendumean gehiengo osoz Brexitaren kontra bozkatu ondoan, DUP alderdi protestantea jo eta ke ari da Theresa May lehen ministroak aurkezten dituen Brexit eskemak baztertzen Erresuma Batuko lege biltzarrean. Ikusten baitu beharko dela Eire/ Ipar-Irlanda arteko muga berriz zabaldu, horrek ekarriko duen tasen emendioarekin eta salgaien ibilera trabarekin. Sinn Feineko deputatu errepublikanoek beste bi kezka gehitzen dituzte. Europa Batuak orain arte bake programak burutzeko ekartzen zuen diru laguntza geldituko dela. Batetik barne muga berriz zabalik, bestetik bake egoeraren ontzeko laguntzarik ez, intzidenteak arrapiztea ondorioa agerikoa izanen dela sumatzen dute.

Israeleko deputatu bozen emaitzak

Apirilaren 9an iragan ziren deputatu bozak Israelen. Parte hartzea %67,9koa izan zen, lau urte lehenagokoetan baino lau puntu apalago. Oro har iritzi publikoa eskuin alderat mugitu da, eta ez gutxi. Benyamin Netanyahouren Likoud alderdiak bozen %26 eskuratu zuen, aise azkenekoetan baino emaitza hobea, 36 deputatu aulki emaiten dizkiona. Eskuinburuko alderdi ultra ortodoxoek ere goiti egin dute: Shas alderdia eta Judaismo bateratua zortzina deputatu aulkirekin indartu dira. Alderdi errusiarrak bost aulki eskuratu ditu, eta bestalde oraino elkartuak ziren beste lauzpabost alderdi eskuintiarrek osatu batasunak lau aulki kausitu ditu. Parean alderdi laboristak sekulako beherakada jasan du, 18 aulkitarik 6etaraino jautsi da. Ezker aldeko buruzagitza osoki galdu du. Aldiz azkarki goiti egin duen alderdia "xuri/urdina" da, zentrokoa. 35 deputatu aulki kausitu ditu. Hots kasik Likoud eskuinekoak bezain beste. Hark du eskuratu lehenago laboristei boza emaiten zuten gehienen sustengua. Israeleko arabiarren parte hartzea %50ekoa izan da. Duela lau urte baino aise apalagoa. Bi alderdi arabiar aurkeztu dira aurten, duela lau urteko koalizioa hautsi baitzen joan den otsailean. Hamar aulki kausitu dituzte, hiru gutxiago. Orain zein koalizio gobernu berriaren osatzeko? Badirudi Netanyahouk abantzua hartua duela, orain arte gobernukide zituen alderdiak publikoki engaiatu baitira haren sustengatzerat. Reuven Rivlin Israeleko presidenteak bi alderdi nagusiei elkarrekin gobernua osatzeko gomendioari ez dio menturaz kasu handirik eginen. Alderantziz eskuinburuarekin bateratu eta guziz indartsu sentituko bide da Palestinako lurretan israeldarrak sartzen laguntzeko.

Hexagonoko gehiengoa lan gehiago egitearen kontra

JDD hedabideak eginarazi aburu ikerketa batek argi erakusten du hexagonotar gehienak erretretako adina berantago ezartzearen kontra direla. Gizarte kategoriaka so eginez enpresa-buruetan eta ofiziale/komertsantetan gehiengoa lan denboraren luzatzearen alde dago (%61 eta %55). Beste kategoria guzietan aldiz erretreta berantago hartzearen kontra mintzo da gehiengoa eta ez proportzio txikian. Esku-langile eta peonetan %71; sektore pribatuko langileetan %61; funtzionario eta langile publikoetan %75, eta langabeetan %74. Badirudi gobernuak urteko zenbait besta egun kentzeko xedea duela, horietan egin lanaren soldatak konpentsatzeko gisan zergak apalduz galduko duen diru partea.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016