Herriz Herri - Ainhoa (L) | 2019ko Apirilaren 25a
Natura eta Lurraren eguna:
Heldu den asteazkenean, maiatzaren 1ean, Natura eta Lurraren eguna iraganen da seigarren aldikoz. Besta egun horretan, laborantzako mozkinak goraipatuko dira. Aurten, garrantzi berezia emanen zaio arto gorriari: lehen, arto mota hori ereiten zen Euskal Herrian, baina, pixkanaka galdu zen. Gaur egun, laborari batzuk arto gorria berriz ekoizten hasi dira, eta berreskuratze hori da aurkeztua izanen egun horretan. Ekitaldia, Ainhoako karrikan iraganen da 08:30etatik 19:00ak arte: 08:30etan: gosaria (piper eta xingar moleta); 09:30etan: egunaren abiatzea ekoizle eta laborarien aurkezpenarekin; 11:00etan: arto gorriaren aurkezpena; 12:00etan: txotx! sagarnoa eta pintxo jatea (Ainhoako ostatuek eginak); 13:00etan: zikiroa molde xaharrean (ogitartean); 14:30etan: Bil ta Garbiren tailerra: "hondarkinik ez gure baratzetan"; 15:30etan: ahotzak behorra zuzenean ferratuko du; 16:30etan: asto deiztea eta bere esnearen dastaketa; 17:00etan: ofizio zaharren ezagutaraztea: Erratzuko kaiku egilea, Arizkungo ahotza eta Azpeitiko saski egilea; 18:00etan: ardi gasna nola egiten den erakutsiko da, eta ondotik dastatzera emanen da. Goizetik, tokiko ekoizleen merkatua aurkituko duzue: landareak, barazki biologikoak, bertako ekoizleak (gasna, ogi, haragi, edari, salboina,...). Ekoizle batzuek erakustera emanen dute beren produktuak nola balioztatzen dituzten (Senpereko amuarraina eta arto gorria, ardi ilea, ahuntz esnea edo pottoken esnearekin sor daitezkeen kosmetikak). Eta haurren eta helduen plazerarentzat, abereak ikusten ahalko dira egun osoan: pottokak, behorrak, ahuntzak, kintoa zerriak, edo ardiak. Tokiko janari eta edariak egun osoan, Ainhoa animations elkarteak atxikiko duen ostatuan. Xehetasun gehiago izateko: 05.59.29.93.99 telefono zenbakira dei.











